Izena duenak izana duenekoa Imprimir
Brigada Kurdistan
22/09/2015

Nazio bakarra, kultura bakarra, hizkuntza bakarra... Askorentzat, entzunaz behintzat, ezaguna egiten zaigun leloa. 1923aren bueltan kokatu behar dugu gure burua, eta ez gara Espainia frankistaz ari, Kemal Atatürk-ek turkiar estatu-nazioaren plan faxistaz baizik. Izena duen guztiak omen du izana eta, horrexegatik, kurduak “mendietako turkiarrak” izendatu zituen asmo kolonizatzaile hark. Turkiako mugen barruko edozein kultura eta hizkuntza gutxituren ukazio eta debekua ekarri zuen plan berbera izan zen. Frankismoan euskararekin gertatu bezala, kurduera etxe barruan xuxurlatutako hitzetan giltzapetu zuena.

90ko hamarkadan, ordutik 80 urte igarota, AKPren gobernuak debeku politikatik asimilazio politikara salto egin zuen. Kurdueraren erabilpen publikoa onartu, baina bigarren mailako hizkuntzatzat agertu zuen. Bizitzako edozein arlotan komunikatzeko aproposa ez, antza. Eta horrela izaten jarrai zedin 2006ko lege aldaketarekin, hezkuntza sisteman leku nimiñoa baino ez zitzaion eskaini, kurduak museoko ale bihurtzeko bestekoa. Baina kurduek ez diote sekula bere hizkuntza eta kulturari uko egin eta erresistentzian trebeak izanik, hizkuntzaren haria belaunaldiz belaunaldi elkarri pasatu diote irakastea bera baino, erabiltzea baita biziraupenaren gakoa. 2006tik hona, legeak kurduera instituzio pribatuetan irakastea ahalbidetzen duela aprobetxatuz, KURDIDER (kurduerazko hezkuntzara instituzioa) sortu eta erronka itzela proposatu diote bere buruari. Eskola isolatuak gaindituz, hezkuntzaren lehen planoa berreskuratu eta kurduerazko hezkuntza sistema sortzeari ekin diote. Erresistentzian hezi eta bizitako herri honek ederto baitaki hezkuntzak askapen borrokarekin lotura hertsia duela.

Sistema propioa garatu ahal izateko, azken ia hamar urte hauetan buru belarri ibili dira umeen hezkuntza zein helduen alfabetizazioa erraztuko dituzten testuak itzultzen. Baina badakite bizitzako esparru denetara eraman arte, kurdueraren existentzia ez dela bermatuta egongo eta administrazio eta burokrazia guztien hiztegiaren jabe izan arte ez dute etsiko.

Hamar urte hauetan ere diskurtso ofizialari buelta eman dioten datuak jaso ahal izan dituzte. Izan ere, umeentzako dauden hiru eskoletan lortu diren emaitza akademikoak instituzio estataletan hezitako ume kurduena baino askoz hobeak dira. Estatuak umeak etorkizun beltzera bultzatzen dituen bitartean, Amed, Hakkari eta Cizren kokatuta dauden eskola kurduek doako hezkuntza eskaintzen diete umeei, estatuaren tipologian instituzio pribatua dena guztien eskura jarriz. Gainera, bizitza berri eta aske baten aldeko borroka aurrera eraman ahal izateko hezkuntza garrantzitsua den bezala, sistema berriak ezingo luke funtzionatu bazterketak eta asimilazioak eragiten duten hainbat ardurari arreta eskaini behar zaienean. Hori dela eta, guztien eskura dagoena guztien laguntzaz eraikiz, ikasketa materialen ordainketa hautazkoa izatea eta umeentzako elikadura, arropa eta garraio beharrak asetzea lortu dute.

Urteetan ume, familia zein irakasleek estatuaren errepresioari aurre egin behar izan diote, eskolen itxierari zabaltze berriekin erantzunez eta ordainetan kolpeak jasotzearekin. Hurrengo ikasturteko kanpaina irailean hastekotan dira, zeinetan ama hizkuntza guztien balioa azpimarratu nahi duten, baina egungo gerra totalaren egoeran kolokan dago. Hala ere, lapurtzen dieten hitz bakoitzeko hiztegi berri bat sortzen jarraituko dute eta gramatika oso bat berregituratzen.