Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko! Imprimir
20/03/2014

Cigerxin (poeta kurdua) Kultura zentroan egon gara irakasleekin eta bertako ikasleekin. Kanpora atera garenean ikasle talde batek musika tresnak atera eta jotzen hasi da, beste batzuk dantzari eta kantatzeari ekin diote, Newroz hurbil dago eta badirudi motorra berotzen hasi direla. Bitartean, armadako hegazkinak etengabe pasatzen ari dira gure buruen gainetik zarata izugarria ateraz, hauentzat ere badirudi Newroza hurbiltzen dela eta ikara sortu nahi omen dute. Hegazkinen zaratotsak ez du musika, kanta eta dantza eteten, hemengo jendea ohituta dago. Kurdistango leku desberdineko dantzak ikusteko eta ikasteko aukera izan dugu.

Gure hurrengo bilerara furgonetaz goaz, bidean geldiune bat egin dugu BDPren kartelez josita dagoen kafetegi batean. Bat-batean jendea hurbiltzen ari da, furgonetatik atera bezain laster bozgorailu erraldoietatik musika topeko bolumenera jarri dute. Jantzi kurduak daramaten emakumeak hasi dira dantzan, laster gizonak ere gehitu zaizkie eta guri ere dantzarako gonbidapena luzatu digute eskutik helduta. Emakumeek ohiukatzen hasi dira. Konturatzerako errepide erdian gaude dantzan, trafikoa ere moztu egin dugu, kotxeek txirrina jotzen dute, baina ez haserre daudelako gure albotik pasatzean irribarre, ohiu era garaipenaren keinua egiten digute. Bertakoak eta gu ere emozionatu egin gara, malkoak ere ateratzen hasi dira. Hitz eginez ezin dugu elkar ulertu baina aurpegira elkarri bagiratuz badakigu zer esan nahi duen besteak. Gero eta jende gehiago hurbiltzen da dantzara. Eta berriro ere armadako hegazkinak gure buruen gainetik, baina dantza eta ohiuak ez dira gelditu. Newroz hurbil dago eta argi ikusi dugu errepresioaren gainetik jendeak bere aldarrikapenak kalera ateratzeko gogoak dauzkala. Abestiak esaten duenez kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!