Portada Brigadas Blog Brigada Kurdistan Februniye Akyol: «Ez dugu herri askerik izango emakume askerik gabe»
Februniye Akyol: «Ez dugu herri askerik izango emakume askerik gabe» PDF Imprimir E-mail
04/05/2014

Februniye Akyol Kurdistan

[Gaur8] Komite Internazionalistak erakundeak antolatutako brigada Kurdistanen izan da martxoan bertako borroka hurbiletik ezagutzen eta udapartean joango den hurrengo brigada prestatzen. Amed (Diyarbakir kurdueraz) izan dugu hainbat erakunderekin bilerak egiteko leku nagusia, bertan ezagutu ahal izan dugu herri kurduaren borroka desberdinak: emakumeen eskubideen aldekoa, borroka ekologista, kurduera hizkuntzaren aldeko borroka, preso politikoen aldeko borroka eta borrokan hildakoen senideen aldarrikapenak ezagutu ahal izan ditugu besteak beste. Bestalde, martxoaren 30ean egin ziren udal hauteskundeak nabarmen berotzen zuten egun horietako giroa. Herri kurduaren apustua hauteskunde hauetarako BDP (Bakea eta Demokrazia Alderdia) izan da. Ameden egun batzuk izan ondoren, Mardinera mugitu gara, bertan Februniye Akyol emakumearekin bildu gara, BDP alderdiaren alkatetzarako hautagaia Ahmet Türke gizonarekin batera, BDPko hautagiatzak gizon eta emakumeen artean partekatuak baitira. BDPk hauteskundeak irabazi zituen Mardinen, urteetan Turkiako gobernuko AKPren menpe izan den hirietako bat, orain kurduen eskuetan izango da, eta hortaz, Februniye Akyol eta Ahmet Türke dira Mardineko alkate berriak. Februniyerekin BDPren proposamenez eta beste hainbat kontuez elkarrizketa egiteko aukera izan genuen.

Mardin, Turkiako hegoekialdean kokatuta dago, egungo Siriako mugatik gertu, 80.000 biztanle inguru ditu eta milaka urteetako sakonera dute herri honetako sustraiak. Herri honetan etnia eta erlijio desberdinak elkarrekin bizi izan dira eta bizi dira gaur egun. Sarritan gobernuek eta inperioek eragindako sarraskiei aurre egin behar izan dieten arren, BDPren proposamena elkarbizitzarako apustu argia da.

Februniye Akyol 25 urteko emakume gaztea da. Ekonomia eta Kontabilitatea ikasi zuen Marmarako unibertsitatean Istanbulen, eta gaur egun asiriar kultura eta hizkuntzari buruzko master-ikasketak egiten dabil Artuklu Unibertsitatean Mardinen. Februniye, Mardinen milaka urteetan bizi izan den kristau asiriarren komunitatearen parte da. Hauteskunde kanpinian murgilduta egon arren eskaini digun hurbiltasunaz baliatu gara honako elkarrizketa egiteko:

Noiz hasi zinen politikan parte hartzen? Zergatik?
Kurdistanen, jaiotzen garen unetik hasten gara politikan. Kurdistanen jaioa, asiriarra izatez, eta gainera, emakumea. Ezaugarri horiekin, borrokarako jaio nintzen, ezinbestean. Txikitatik etengabe ikusi izan dut gure herriarekiko errepresioa ,borroka testuinguruan hezi ninduten. Badakit oso gaztea izan naitekeela herri baten ordezkari izateko; baina, ez nau kezkatzen, hau guztia aldatu dadin borrokan jarraituko dut, baita nire bizitza osoa horretan ematen badut ere.

Noiz hasi zinen borroka feministan? Zergatik?

Duela bost mila urte emakumeak ondo bizi ziren lur hauetan, gehienak burujabe ziren. Urte askoren ondoren, ordea, gizartean gizonezkoak gailentzen hasi ziren, eta hegemonia hura hedatzen joan zen herriz herri.  Gauza oso gogorrak ikusi izan ditut bizitzan zehar. Txikitan, emakumeen erailketak ikusten nituen; bortxaketak eta torturak egunerokoak ziren. Etxeetan emakumeek egin behar zuten guztia, sukaldatu, garbitu, haurrak zaindu… Ardura guztiak euren gain zeuden. Nire familian ere ikusten da hori. Egoera haien aurrean, galderak sortzen zitzaizkidan: zergatik da hau horrela? Zergatik egon behar du emakumeak horrela zerbitzatzen? Handik aurrera erantzunen bila abiatzea erabaki nuen, ez zitzaidan gustatzen ikusten nuena, eta ez nion zentzurik topatzen, haserrarazi egiten ninduen. Orduantxe ulertu nuen borroka feministak aldatuko zuela guztia, eta emakumeen eskubideen aldeko iraultzan parte hartzen hastea erabaki nuen. Pixkanaka hasi nintzen; hasieran, gizonak soilik joaten ziren lekuetara joaten hasi nintzen, hura izan zen lehen urratsa. Mardinen, emakumeak ez ziren unibertsitateetara joaten, eta are gutxiago asiriarrak. Baina, unibertsitatera joan den lehen emakume asiriarra naiz ni. Marmara unibertsitatean ikasi nuen, Istanbulen. Unibertsitatea amaitzean, etxera itzuli nintzen; banekien nire familia borrokan ari zela Kurdistanen alde. Hemen, gainera, ondo sentitzen naiz, kurduen auziaren eta emakumeen eskubideen aldeko borroka oso piztuta baitago, eta horrek eroso sentiarazten nau. Ez dugu etsiko, erabat aske izan arte jarraituko dugu.

Zer esan nahi du zuretzat, emakume gisa, alkatetzarako hautagai izateak?
Hiri eta herrietan emakumeen ordezkaritzak egon behar du nahitaez. Gizonek botere hegemonikoa lortzea nahi da hirietan, eta arazoak besterik ez dituzte ekartzen. Dirua lapurtzea leporatzen zaie, ustelkeria kasuak nagusi dira, ez dute ezer egiten herritarren eskubideen alde eta herriaren egoera aldatzeko… Horregatik, oso garrantzitsua da emakumeen presentzia, egoerari buelta ematen saiatzeko. Emakumeak agintean dauden herri bat baino gehiagotan ikusi da egoera hobetu egin dela, eta ekonomia askoz hobe kudeatu dela. Turkian, adibidez, bada esaera zahar bat, amaren eskuetan dagoen herriak, arazorik izango ez duela dioena. Ziur gaude gure indarraz lortuko dugula herriak askatzea.

Zer moduz hartu dute zure hautagaitza Mardineko herritarrek? Ze iritzi dute emakume bat hautagai izateari buruz?
Ez dute inolako arazorik izan emakume bat hautagaitzara aurkeztearekin. Herritarrek gustuko dute ordezkaritza partekatuaren sistema. Turkiak gobernuaren alde egingo duen alkatea nahi du herri guztietan, eta batez ere, ekialdean. Baina Mardin oso-oso anitza da, eta gutxiengoak nahi du Turkiako gobernuaren sistema. Hainbat komunitate topa daitezke Mardinen: asiriarrak, kurduak, arabiarrak, alebiak, armeniarrak… Kurduen herri mugimenduek babes handia dute Mardinen, herritarrek konfiantza dute haiengan. Dena den, batzuk badituzte zalantzak, izan ere, Turkiaren aurrean kurduak nagusitzen direnean, Turkia bezain hegemonikoak bihurtuko ote diren beldur dira. Horregatik, Öcalan kezka horien inguruan mintzatu zen, eta hark proposatu zuen alkatetza emakume asiriar batek izatea. Kurduok nahi dugun sistema oso desberdina da besteekin alderatuta; aniztasunean oinarritutakoa da, hainbat jatorritako herritarrak bizi baikara hemen. Aniztasun hori islatu behar du sistemak, elkar errespetatuz eta inork inor jan gabe. Eta, orain arte, inork ez du halako sistemarik proposatu ezta erabili ere, gu gara aitzindariak. Herritarrak itxaropentsu daude, eta sinisten dute gure sisteman, gugan. Hau ez da kurduen askapenerako borroka soilik, hemen bizi diren herri guztien askapenerako borroka baizik. Denon askatasuna nahi dugu, denok aske sentitu nahi dugu bizi garen tokian.

Februniye Akyol Komite internazionalistak Zergatik uste duzu aukeratu zaituela BDP-k mardingo alkategai izateko?
BDPk beste eredu baten aldeko apustua egiten du, gainontzeko alderdiengandik desberdina dena. Guk denok batera bizi ahal dugula erakutsi nahi dugu, denok elkarrekin bakean bizi gaitezkeela, denon eskubideak bermatuta. Hemen ez dago herri bat soilik, herri asko bizi gara, eta oreka mantentzean datza guztiak. Horretarako, BDPk proposatutako sistemak bide asko irekitzen dizkigu. Duela milaka urte bezala; garai haietan denak bizi ginen batera, denok genituen eskubideak bermatuta, geure hizkuntza, ohiturak… Hori berreskuratu nahi dugu, nolabait. Asiriarra izateak, beraz, izan du bere garrantzia alkategai hautatzerako orduan. Bestalde, gaztea naiz, eta hori ere bada alde positibo bat hautagaitzarako. BDPrako emakume asiriarra nahi zela erabaki zen, aniztasunari jarriki, Mardini eta Mardinen beharrei hala zegokiela iritzita. Beraz, hautagaitzarako aukerak aztertu ziren, eta nire izena agertu zen. Hasieran herritarrak kezkatu egin ziren, gazteegia nintzelakoan, baina denbora igaro da, ezagutzen naute, eta sinesten dute nigan. Sinesten dute nire hitz egiteko moduan, nire indarrean, eta nire gauzak aldatzeko gogoan. Egia esan, abantaila bat da, eta gazteek ere konfiantza dute nigan, gertukoa naute, eta guzti honen parte direla sentitzen dute.

Zer esan nahi du ordezkaritza partekatuak? Zertan datza zuen sistemak?
Sistema honen bidez, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna lortu nahi da. Herriaren antolaketak bien eskuetan egon behar du, guztien eskuetan. Lan-banaketa parekidea egon behar da. Aspalditik darabilgu helburu hau eskuartean, borroka hau lotzen eta planifikatzen aritu gara denbora luzez, eta praktikan jartzeko garaia eta momentua dela ikusi dugu. Kurduen askapenerako mugimenduaren baitan dago emakumeen askapenerako borroka, pertsonak askatzeko borroka. Kurduak ez dira aske izango emakumeak aske ez badira, ez dugu herri askerik izango emakume askerik gabe. Emakumeek argi eta garbi erakutsi dute denbora igaro ahala borrokatzeko duten gaitasuna, eta eraldaketarako tresna indartsua direla ikusi da. PKKri esker hasi ziren emakumeak antolatzen eta borrokatzen, duela 35 bat urte. Mugimendua mendietan hasi zen, batez ere. Aurreko hauteskundeetan % 40 ziren emakumeak, orain % 50 izango dira. Harro gaude Abdullah Öcalanen ideiez, hark ireki zizkigun begiak. Hari esker hedatu zen borrokarako grina, eta emakumeen askapenerako borroka beharrezkoa zela ikusten hasi ziren herritarrak; eta, emakumeak ere, gero eta gehiago antolatzen hasi zirela ikusita, indartzen joan ziren. Orain askoz ausartago gara. Nolabait esateko, haren ideiek animatu gintuen borroka egitera. Emakumeok aske izango gara, eta gaur egun ari garen borrokari esker izango da. Gure sistemarekin parekidetasuna gailenduko da bizitzako arlo guztietan: ekonomia eredu parte hartzaile bat eraikiko dugu, lan munduan emakumeok ere parte hartuko dugu, emakumeen eskolak sortzen jarraituko dugu, antolakunde feministak, emakumeen eskubideen aldeko etxeak… Ez diegu torturatutako eta bortxatutako emakumeei aterpea soilik emango, biziberritu egingo ditugu. Emakumeen kooperatibak sortuko ditugu, ahalduntzeko, eta geure buruen jabe izan gaitezkeela ikusarazteko. Denok pertsonak garela sentiarazi nahi dugu, parekideak garela, gizonen maila berean egon behar dugula. Hortik dator ordezkaritza partekatuaren ideia.

Gobernuak ez du inondik inora ere guk aldarrikatzen dugun sistema onartzen, baina beste aldaketa askorekin gertatu den bezala, gerora beste erremediorik ez zaio geratuko. Orain, pixkanaka ari gara sistema eraikitzen, oraindik oztopo asko ditugu gainditzeko, baina pixkanaka ari gara geure bidea egiten, herriak nahi duena. Lortuko dugu, ziur gaude horretaz.

Udalean hartuko diren erabaki orok bi sinadura izango ditu. Sinadura bakarra balego, ez litzateke aurrera aterako proiektua edo erabakia. Edozertarako, bien hitza beharko da.

Mardingo alkate hautatzen bazaituzte herritarrek, zein izango dira zuen lehen urratsak udalean?
Lehenik, emakumeen segurtasuna eta bizi-baldintzak hobetzeari ekingo diogu. Aurrez esan bezala, akademiak eta kooperatibak sortuko ditugu emakumeentzat, formatu eta antola daitezen. Emakumeen hiria izango da. Historiari erreparatzen badiogu, Mardin emakumeek sortutako herria izan omen zen, eta historia hori berreskuratu nahi dugu.

Demokrazia eta horizontaltasuna dira BDP-ren programaren oinarriak. Nola kudeatu eta bermatuko duzue mardingo komunitateen parte hartzea udalean?
Duela bost mila urte erlijio guztiak batera bizi ziren. Ez zegoen arazo eta istilurik elkarren artean. Judutarrak, yezidiak, asiriarrak… denak ondoan bizi ginen, elkarrekin ezkontzen ginen. Baina, gobernuak erlijio eta kulturen arteko istiluak sustatu zituen, eta, gaur egun, herritarrek atzera joan nahi dute, elkarren eskubideak errespetatzen ziren garaietara, elkarrekin bizitzeko inolako arazorik izan gabe. Mardinen hainbat eta hainbat kultura, erlijio eta hizkuntza daude, eta denen ordezkaritzak egon behar du udalean. Askotan, kurduak bizi diren inguruetara hurbiltzen naizenean eta asiriarrez hitz egiten entzuten nautenean poztu egiten dira. Aniztasun hori bermatuko duen hiria eraikiko dugu. Kulturen aldarrikapenak bildu eta eztabaidatuko diren guneak eraikiko ditugu, modu horretara herri demokratikoan bizi gaitezen.

Zein dira mardinen arazo nagusiak? Zein neurri hartuko dituzue, arazoei aurre egiteko?
Ekologia eta gizartea demokratizatzeaz gain, denon eskubideak bermatu nahi ditugu, parekidetasuna lortu arte. Askatasun demokratikoa eraikiko dugu. Egia da, Mardin hiri zoragarria da, oso leku politak ditu eta paisaia ikusgarriz inguratuta gaude, baina, gehientsua suntsituta dago. Mardingo leku historiko guztiak suntsituta daude, eta gure eginkizunetako bat izango da, zentzu horretan, historia berreskuratzea. Suntsitutako iragana berreraikiko dugu, eta konponketak egingo ditugu, gure jatorriak baitira. Pena ematen dit dena hala ikusteak, eta benetan saiatuko gara dena berreraikitzen. Ekologia  gure oinarrietako bat izango da. Zaborrarekin ere arazo nahiko larria dugu. Zaborra eta hondakinak kudeatzeko sistemak aztertuko ditugu, herria garbi mantentzeko. Bestalde, identitateak askatzea ere izango da gure zeregin nagusienetako bat.

Zenbat kultura bizi dira gaur egun Mardinen?
Yezidiak, arabiarrak, kurduak, asiriarrak, armeniarrak… eta duela urte batzuk dezente judutar zeuden. Gaur egun, ez dira gehiegi ikusten, ezkutatu egiten dira, asimilazioaren beldur. Haien identitatea ere aske bizi dezatela nahi dugu.

BDP-ren sistemaren beste oinarrietako bat da kulturaniztasuna. Zein neurri hartuko dituzue kulturaniztasuna errespetatu eta berma dadin?
Milaka urte daramatzagu denok batera bizitzen, eta beste hainbeste igaro nahi ditugu. Elkarbizitza arazoak baditugu, egia da, baina Estatuaren eraginagatik da, zalantzarik gabe. Adibidez, Estatuak berak burutu zuen 1914ko armeniarren sarraskia. Gogorra da horrelako gertakariekin elkarbizitza mantentzea, baina, berez, ez dugu arazorik, eta elkarbizitza baketsuaren alde egingo dugu lan. Mardinen hautagai izendatu nindutenean, komunitate askok (alebiak, yezidiak..) zoriondu egin ninduten. Badakigu bakean bizi nahi dutela herriek, eta elkarrekin bizitzen jarraitu nahi dutela. Eta Mardinen, gainera, hala bizi gara, auzoetan ikusi besterik ez dago. Mardinen eta Urfan komunitate asko bizi dira elkarrekin. Turkian, orokorrean, sekulako aniztasuna dago, komunitate eta erlijio asko daude, baina horiek guztiak asimilatzen saiatzen da gobernua. Guk ez dugu horrelakorik nahi. Turkia osorako programa bakarra erabili nahi dute, baina hori ez da posible, herriek ez dute biziraungo, komunitate guztien elkarbizitzarako programa bat sortu ezean.

Februniye Akyol MardinHizkuntza gutxituen programarik diseinatu al duzue? Zenbat hizkuntza irakatsiko dira mardinen? Udalean nola uler daitezke herritarrak, zein hizkuntzatan hitz egingo da?
Mardinen dauden hizkuntza guztietan hitz egiteko aukera egongo da udalean: asiriera, arabiera, kurduera, zazaki... Ama-hizkuntzak sustatzen saiatuko gara, hizkuntzak ondo zaindu nahi ditugu, kulturen eta identitateen isla baitira. Orokorrean, turkieraz egongo dira idatzizko dokumentu eta abarrak, baina ama-hizkuntzan eskatzen duen edonork eskuragarri izango ditu eskatutako hizkuntzan. Gainera, jende askok (adinekoek batez ere) ez daki turkieraz hitz egiten Mardinen, gazteek hitz egiten dute, nagusiki. Hala ere, duela bi urte, turkieraz soilik hitz egin zitekeen, debekatuta zeuden gainontzeko hizkuntzak. Gure asmoa hizkuntza guzti horiek bermatzea da. Norbaitek arabieraz hitz egin nahi badu, noski hitz egiteko eskubidea izango duela, eta arabieraz erantzungo zaiola.

Ekonomiaren garapenerako eta langabezia murrizteko programarik diseinatu al duzue?
Langabezia ez da Mardinen dugun arazoa soilik, Turkia osokoa da. Emakumeei eta gazteei lagundu nahi diegu, bereziki, lana bilatzen, sektore kaltetuena izan ohi baita. Gainera, hemen, Mardinen, nekazari eta abeltzain asko daude, ehuneko oso handia dira; eta gaur egun, enpresarien eskuetan dago ekonomia eta nekazarien lana. Mardin herri turistikoa ere bada, eta gure herria, txokoak, eta historia erakutsi nahi ditugu. Herriak dituen beharren araberako lanpostuak sortuko ditugu, horretarako, lehenik Mardinen dugun egoera ondo aztertuko dugu, eta bide horri jarraiki, proiektuak sortuko ditugu Mardinen garapen ekonomikorako eta guztion bizi-baldintza duinak bermatzeko. Lehen, oso ohikoa zen, adibidez, senideek eta lagunek udaleko karguak hartzea, baina orain gauzak aldatuko ditugu, lan gaitasunaren eta gogoaren arabera hautatuko dira langileak, eta ez lagunak izate hutsagatik.

Ingurumenerako eta jasangarritasunerako programarik diseinatu al duzue?
Ekologia eta ingurunea zaindu nahi ditugu. Mardineko erdiguneari erreparatzen badiozue, oso oso lehorra da, eta ez dago ezer, ez gune berderik, eta ez garbitasunik ere. Fabrikek asko kutsatzen dute ingurua, eta ez da apenas neurririk hartu. Ekologiak pisu handia du gure programan: hondakin-uren arazketari ekingo diogu, eta kontsumituko dugun ura edangarri bihurtuko dugu. Ikerketak egiten aritu gara gai honen inguruan, eta ura non aurkitu dezakegun ikasi dugu, baita zein zuhaitz mota landatu dezakegun ere hiriaren klimara egokitzeko. Mardin hiri berdea eta garbia bihurtuko dugu, garai batean bezala. Itzultzen zaretenean aire garbia arnastuko duzue Mardinen.

Azken urteotan, eraikuntza berri ugari egin direla ikus daiteke; zer hirigintza plan dago Mardinen?

Mardinen kanpoaldean beste hiri bat eratzen ari dira, eta egia esan, ez gaude batere ados eraikuntza masibo horiekin. Interes espekulatibo hutsa dago horren guztiaren atzetik, eta itsu-itsuan ari dira negozio bila. Bitartean, hiri zaharra suntsitzen ari da pixkanaka. Etxe luze eta estuak eraikitzen ari dira, elkarren ondoan juntu-juntu, eta ez dute zerikusirik gure Mardinekin. Ezin dugu desegin eraikita dagoena, ditugun baliabideak ondo erabiltzen ikasi behar dugu, hau da, ditugun eraikinak biziberritu behar dira. Eraikuntza masibo guzti hori gelditzera goaz. Etxeak, lehen, solairu bakarrekoak ala bikoak ziren, ez zegoen halako eraikin luzerik. Horrez gain, minusbaliotasunak dituzten pertsonentzako irisgarritasuna hobetuko dugu. Trafikoarekin ere arduratuta gaude, arazo larria da Mardinen; eta aparkalekuak eraikiko ditugu hiriaren erdiguneko trafikoa arintzeko. Parkeak eraikiko ditugu haurrentzat, eta gune berdeak eta plazak, herritarrak elkartu eta elkarbizitza estutzeko.

Epe luzerako programa egin dugu, aldaketa guzti horiek ez baitira 5 urtetan gertatuko. Sinesten dugu gure aldaketetan eta borrokan. Pixkanaka garatuko dugu programa, baina pauso irmoak emanda.

Zure iritziz, udal hauteskunde hauetan hainbeste hautagai emakumezkoak izateak nolako eragina izango du inguruko herrialdeetan?
Aurrez ere egon ziren emakumeak gobernuan jartzeko saiakerak, baina oztopoak jartzen zituzten etengabean. Borroka aspalditik dator, ez da duela hilabeteko kontua. Gainera, ez da soilik Turkiako borroka, beste herrialde askotan ere borrokak aurrera darrai: Iranen, Siria, Iraken… Rojavan izugarrizko iraultza egiten ari dira, eta iraultza horren oinarria emakumea izan da. Horrelako iraultzak ez dira bat-batean pizten, denbora luzez ereindakoak dira. Emakume kurduok harreman estua dugu hainbat herrialdetako emakume-borrokekin, eta hala izaten jarraituko du.

Badakigu eraikitzen ari garen sistema honen aurka egiten saiatuko direla inguruko herrialdeak, baina badugu geure burua defendatzeko nahikoa indar eta baliabide. Ez gara beste herrialdeen beldur. Badakigu ondoko herrialdeak ere beste herrialde batzuen presiopean daudela, gure garapena oztopatzeko, eta sistema honek huts egin dezan. Baina ez dute lortuko, adi-adi gaude.

Komite Internazionalistak
Eskerrak Ainhoa Alberdi Atxegari bere laguntzagatik eta turkieratik egin duen itzulpenagatik.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?

Imágenes Blog Kurdistan

 

 

VIDEO

+Video


xnxx xnxxx xnxx xnxx