Yezidiak, sarraskitik ihes... Imprimir
22/09/2014

Historian zehar hainbat sarraski bizi izan dituen komunitatea da yezidiena. Ezer gutxi entzun dugu haietaz Euskal Herrian, baina bada garaia yezidien egoeraren berri emateko. Kurduen antzinako erlijioa da Yezidismoa eta Zaratustra jarraitzen dute. Islamizazio prozesuaren ondorioz, kurdu gehienak suni bihurtu ziren, eta Yezidismoari eutsi diotenek mende askotako zapalkuntza pairatu dute, deabruari gorazarre egiten diotelakoan. Yezidiek jainko bakarrean sinisteaz gain, aingeruetan dute fedea. Hala ere, naturarekiko harreman zuzena dute eta sua gurtzen dute.

Hogei mila errefuxiatu daude inolako irtenbiderik gabe, noraezean. Momentuz, kurduen laguntzari esker bizi dira, baina inork ez daki non amaitu dezaketen. Argi utzi nahi dute PKKren laguntzarik gabe ezin izango zutela ISISen eskuetatik ihes egin, Peshmergek (Irakeko Kurdistango indar armatuak) bakarrik utzi baitzituen sarraskiaren aurrean. Baina nor dago sarraski honen atzean? Islamistez harago doa auzia. Islamistek Ekialde Hurbila bereganatu eta asimilatu nahi dute, eta argi dago edozer egiteko gai direla. Dena den, eskutik helduta daramatza hainbat aliatu, aurrez ezagunak ditugunak eta antzeko sarraskietan nagusi izandakoak: Estatu Batuak, Turkia, Saudi Arabia, Qatar... Estatu Batuek armez hornitu dituzte Qatar eta Saudi Arabiako islamistak. Gero, betiko legez, munduaren aurrean humanista eta salbatzaile jarrera erakutsi nahi izan duen arren. Turkiak yezidiei bideak blokeatu dizkie, eta islamistei armak saltzeaz gain, mugak ireki eta behar izan dutenetan ospitaletan sendatu dituzte. Gaur egun, denon ahotan dago Turkiak ISISi ematen ari zaion laguntza. Turkiaren mugimendu txiki bakoitzaren atzean dago kurduak zanpatzeko helburua. Eta, bitartean, Europa ixilik...Iraken menpeko Kurdistanen bizi dira gehienak, baina islamisten azken erasoen ondorioz, muga igaro behar izan dute yezidiek. Estatu Islamikoa (ISIS) Kurdistanen sartu zenetik, milaka izan dira eraildako yezidiak. Yezidismoa desagertaraztea du xede ISISek, Islamismoa jarraitzen ez duen komunitate oro zanpatzea. Egoera ez da batere xamurra, Sengaleko (Sinjar) yezidiak arabiarrez inguratuta daude (ikus mapa), eta bizilagun arabiarrak ISISi batu zaizkio yezidiak euren lurretatik bidaltzeko.



Emakume yezidiak bortxatu dituzte; bahitu eta saldu egin dituzte. Torturak, jipoiak, erailketak. Ehundaka familiak muga pasa eta Rojava eta Ipar Kurdistango kanpamentuetan babestu dira. Turkiaren menpeko kurduek aterpea eman diete familia guzti horiei, Ankarak laguntzarik eta babesik ematen ez dien arren. Alderdi kurduen eta herritarren laguntzari esker dirau komunitate yezidiak.