170.000 bizitza zigortu, Turkiar kartzeletan Imprimir
04/09/2015

Kur1Estra! Estra! Begien parean duzu Komite Internazionalistek 2015ean Kurdistanera antolatutako brigadaren lehen kronika!

Gaurkoan, turkiar kartzela sistemaz arituko gara, orokortutako kartzela ankerkeriaz eta sektore ezberdinek hau bizitzeko moduaz.

Turkiar gobernuak martxoan ateratako zifren arabera, 165.000 pertsona daude preso Turkian. Giza eskubideen eta presoen aldeko antolakundeen kalkulua da iadanik 170.000 inguru direla. Hauetatik, 5971 emakumeak dira, eta 2165 haurrak. Preso guztien %5a beren militantzia politikoagatik daude zigortuta, ahaztu gabe gehien gehienak pobrezia egoerak kartzelatu dituen preso sozialak direla.

Zenbaki hauek, edonola ere, gora bidean dira. Izan ere, 2017 aurretik, gobernuak 125.000 preso hartzeko moduko kartzelak eraikiko ditu, 177 kartzela berri. Hauek, gutxi balitz, krimenaren hiri hutsak izango dira, jendartearengandik urrundutako kartzelak, kartzelariak ere bertan biziko direlarik, zigorgabetasuna areagotuz. Honez gain, Erdoganen gobernuak kartzelaren inguruko zirkulu ekonomikoa sortzea du helburu. Preso egotea ere garestia baita. Kartzelatuek argindarra ere ordaindu behar dute, ez dute haien dirua maneiatzeko eskubiderik, ekonomatuak produktu garestiz beterik daude... eta guzti hau ordaintzeko, presoak lanera behartuak dira, egunero lira turkiar bat (euro baten herena inguru) besterik irabaziko ez duteneko esklabotza modernoan.

Preso “komun” edo sozialen egoera negargarria da. Ziegetako metaketa oso handia da, izan ere, sekula kartzela zapaldu ez duten gobernuburuek 10 pertsonarentzako bizilekutzat dute 10 ohe sartzen diren edozein gela, bizitza duinerako minimoak ukatuta. Esklabotza lanaz gain, gainera, hainbat eta hainbat presok problematika bereziei aurre egin behar diete. Mugikortasun mugatua dutenei, kasu, ez zaie gurpildun aulkirik baimentzen, kartzelatik arrastaka ibilarazten zaie. LGTBI presoen kasuan, ez dago haien gaineko zapalkuntzari aurre egiteko gobernu planik. Gaixotasun mentalak dituzten presoak, bestalde, ez dute tratamendu egokirik jasotzen eta gaixo diren kartzelatu gehienak kartzelako medikuaren tratamendu sintomatikoetara mugatu behar dute haien zaintza.

Emakume presoei dagokienez, gehien gehienek ez dute lekurik haientzako sorturiko kartzeletan, eta gizonezkoen moduluetan daude, isolamenduan. Haientzat, “bereziegiak” eta “gutxiegi” izaki, ez dago lekualdaketarik, ez ospitalera bixitarik, ez gartzelariei lana suposatzen dien beste eskubiderik.

Haurrak ere badira, gainera, kartzela ilun hauetan. Gutxienez 2165 haur daude turkiar kartzeletan, 12 eta 18 urte arteko gaztetxoak. 12 urteetatik aurrera “gaizkile” izan baitzaitezke sistema Turkiarrean. Gizartearentzako “arriskutsu” omen diren pertsona hauen kasuan ere, ez dago haiei egokitutako moduluan ia lekurik, eta gehiengo zabal batek gizon helduen ziegetan igarotzen du kartzelaldia. Honek, besteak beste, gazte gehiagorekin egoteko aukera urriak, bortxazko ingurune batean haztea, eskolaratzeko eskubide eza eta osasun mental arazo larriak dakartza. Azpimarratu nahiko genuke, gainera, adingabeko preso hauetako asko eta asko jarrera edo jokabide politikoengatik kondenatuak izan direla.

Panorama gogor hau guztia, preso politikoek pairatzen duten salbuespeneko legedia eta tratua kontuan hartu gabe. Izan ere, honetaz aurrerago idatziko dugu.

Bien bitartean, turkiar gobernuaren estolderian kartzeletarako lege proiektu berri bat prestatzen ari dira, kartzelak handitu, preso gehiago eduki eta haiei diru gehiago ateratzeko. Azken urteetan gero eta kondena luzeagoak ematen ari baitira gero eta jende gehiagori, erregimen turkiarraren gogortze joera jarraituz.

Honen aurrean, bertan presoekin lan egiten dutenek adierazi digutenez, premiazkoa bihurtzen da kartzelaren afera jendarte eta politikara eramatea. Eztabaida hau erdigunean jarri beharra dago eragiten duen sufrikarioa geldiarazteko. Eta finean, pertsonak errespetatzen dituen kartzelarik ez dagoela jakiteko. Bat inon loturik deino, ez garelako libre. Pauso asko dituzte hemen ere aurrean, baina bidean jarraituko dute, espetxeak apurtu arte.