Antiokia Ekialdea Imprimir
24/07/2009
Dagoeneko 5 hilabete pasa dira munduko txoko hontara iritsi nintzenetik. Denbora honetan hemendik ikusi, bizi, entzun eta ikasitakoa azaltzen saiatuko naiz.

San Carlos, San Luís, Cocorná eta Granadako bailaretan barrena ibili naiz eta zalantzarik gabe bereda hauek, hemen dioten moduan, apartekoak dira . Paraje zoragarria da eta bertako jendea oso abegitsua da, lehenengo momentutik etxean bezala sentitu nintzen, beti aguapanela pixkat, azukre kanaberarekin egindako zukua, eskaintzeko prest daude indarrak hartu eta bidea jarraitzen laguntzeko. Jasanezina jasanda ere bizitzeko eta borrokatzeko indar ikaragarria dute.

Antiokia Ekialdea lurralde geografikoki estrategikoa da bertako biodibertsitatea eta aberastasuna dela eta. Zonaldean konplexu hidroelektrikoak ezarri dituzte eta bertatik energia nazionalaren ehuneko 35a ateratzen da.  Baina nekazarientzako aberastasun hau bere madarikazioa izan da, bertan gatazka armatu eta soziala etengabea eman da eta bertako biztanleak aberastasuna kontrolatzeko gatazka honen erdian gelditu dira, preziorik altuena ordainduz.

Populazioaren desplazamendu maila biolentzia gehien egon zen urteetan kezkagarria izan da. Nekazari asko euren baserrietara bueltatzen ari dira egoera itxuraz lasaiagoa dagoelako gaur egun. Dena den, beste mehatxu bati aurre egin behar diote: pobrezia, desnutrizioa, zerbitzu publikoen eskasia eta prezio altuak, beste askoren artean. Gatazkak enpresa handiei bidea erraztu die, hauek nekazaritza bereganatu  eta euren ekoizpen eredua ezarri zezaten, honetaz gain nekazal antolamendu egitura amaitu zuten. Orain lan ikaragarria dugu erakunde hauek berrantolatzen eta borroka latza gobernuak lege eta dekretuen bitartez ezarri nahi duen ekoizpen ereduari aurka eginez. Nekazariak dioten moduan “ahora estamos más tranquilos pero seguimos viéndonos obligados a desplazarnos porque la plata no nos da”.
 
Diagnosi azkar eta parte hartzaile bat burutzea zen ibilaldi honen helburua ASOPROAren- Antiokia Ekialdeko Ekoizle Ertain eta Txikien Elkartea- agenda politiko eta soziala prestatzeko. Elkarte hau 2002 garren urtetik lanean dabil bertako komunitateen antolamendu prozesuak lagundu eta indartzeko asmoarekin. 

Lantegi hauetan nekazal komunitateen egoera ekonomikoa aztertu dugu ongizate eta garapen kontzeptuen bitartez eta komunitate bakoitzeko 5 behar garrantzitsuenei lehentasuna emanez irtenbide konkretuak bilatzeko asmoz. Ongizate kontzeptua, gehiengoak osasunarekin erlazionatzen du, osasuntsu egotearekin lan egin ahal izateko. Garapena, berriz komunitate batzuk aurrerapenarekin erlazionatzen dute, beste batzuk auzolanarekin eta beste askok  proiektuak burutzearekin lotzen dute. Hau gobernuko eta gobernuz kanpoko erakundeen presentziaren ondorio zuzena da, gatazka urte gogorrenen ondoren bertan proiektu ugari burutu dituzte kasu askotan azaleko irtenbideak eskaini dituzte benetako  sustraiko arazoa konpondu gabe. Hau dela eta zenbait komunitateen antolamendu prozesuak ahuldu egin dira.

Komunitate hauek problematika ugari dituzte, baina entzundakoa eta ikusitakoa kontutan izanik oinarrizkoak hauek direla esango nuke: 
  • Ekoizpenerako baliabideak: Nekazari gehiengoak zailtasunak dituzte ongarriak eta lan tresnak  erosteko euren egoera ekonomikoa dela eta. Ekoiztutako produktuen salmentarekin lortzen duten dirua huskeri bat da eta honek kale itsu batera eraman ditu nekazariak. Ekoiztutako produktuak prezio duin baten saltzen ez badituzte, ez dute zer ekoiztu, beraz ez dute zer saldu ezta zertaz bizi ere. Hau dela eta, Asoproa  ongarri organikoak nola egin erakusten ari da nekazariei, hauek euren ongarria egin dezaten. Alde batetik gastuak murrizteko eta bestetik nekazaritza organikoa bultzatzeko asmoz. Honetaz gain, janaria eraldatzeko ikastaroak ere ematen ari dira emakumeei, hauek eskura dituzten produktuak aprobetxatu ditzaten. Amaierako helburua emakumeak produktu hauek saltzeko aukera izatea da, honela euren diru sarrera  propioak izan ditzaten.
  • Produktuen merkaturatzea: hau antiokia ekialdeko nekazarien beste oztopo bat da, munduko beste leku askotan gertatzen den moduan. Produktuen prezioak merkatuaren arabera ezartzen dira eta irabazi gehienekin gelditzen direnak bitartekariak dira. Hau dela eta, alternatiben eraikuntzan lanean aritu da Asoproa eta dagoeneko 4 komunitate denda daude –La Merced, Los Medios, El Molino eta Buenos Aireseko beredetan- denda hauen helburua produktu soberakinen merkaturatzea bultzatzea da eta gune hauek produktu bilgune eta produktu trukaketarako erabiltzea. Gainera hemendik gutxira Cocornako hirian beste produktu bilgune bat irekiko da, hau ere elkartasun ekonomia  bultzatu, nekazariei euren produktuak prezio justuago batean erosi eta nekazaritzaren duintasuna mantentzeko asmoarekin.ç
  • Etxebizitza: Etxebizitzaren arazoa ere ibilaldi honetan argi ikusteko aukera izan dugu. Etxebizitza gehienak egoera penagarrian daude, asko erortzeko arriskuan daude.
  • Errepideak: Bide eta errepidean egoera txarrean daude, hau nekazarien eta euren produktuen garraioa galarazi edo zaildu egiten du. Bereda askok ez dute errepiderik eta hauen mantentze lanak hemen dioten moduan  punta de convite egiten da, hau da auzolanean. Errepide munizipalak izan arren, erakundeak guztiz abandonaturik dituzte. Urtegietara doazen bideak salbu, La Mercedera doan errepidea adibidez primeran dago urtegira iritsi arte, hau igaro bezain laster izugarrizko harritzarekin aurkitzen gera eta hemendik aurrera ia ezinezkoa da autoz ibiltzea.
  • Entable paneleroak: Ezagutu ditudan komunitate gehienak panelaren salmentaz bizi dira, azukre-kanaberatik ateratzen den produktua. Orain dela hilabete batzuk dekretu bat proposatu zuten higiene arau batzuk ezartzeko aitzakiarekin. Dekretu honek panela ekoizle gehiengoak entable (panela ekoizten den lekua) handietan elkartzea behartzen ditu. Honek panela ekoizleak beti erabili dituzten entable txikiak kanpoan uzten ditu ezin dituztelako ezarritako baldintzak bete. Bestalde entable handiak erabiltzeko oztopo garrantzitsuenetako bat bailara hauen topografia da, oso menditsuak eta aldapatsuak dira eta kasu askotan kanabera entable handietara garraiatzea ezinezkoa izango litzateke.   
Beraz dekretu hau onesten badute, nekazarien egoera ekonomikoa okerrera egin dezake. Askok arau honen ondorioz ezingo dutelako panela ekoiztu eta beraz diru sarrerak oraindik eskasagoak izango lirateke.
  • Zerbitzu Publikoak: Energia Antiokia Ekialdeko beste arazo latzenetarikoa da. Lehen azaldu dudan moduan, lurralde oso aberatsa da baliabide naturaletan, lur oso emankorra du eta bereziki baliabide hidriko askoren jabe da, bertatik Kolonbia herena energiaz hornitzen du. Baina komunitateak baliabide hauetatik metro gutxira bizi arren ez dute energiarik . Zenbait kasutan argindar sareak ez direlako komunitateetara iritsi, beste batzutan kalitate txarrekoa delako eta etengabe moztu egiten dietelako. Hau dela eta 2007 garren urtean erakunde ugariren artean Energia Foro bat antolatu zen honako lemarekin “egunero gure uretatik ateratako energia ukatzen digute” bertara enpresa hornitzaileak gonbidatu zituzten  -Empresas Públicas de Medellín, ISA eta ISAGEN- eta eskaera hauek publikoki eskura eman zizkieten:
    • Zerbitzuen kalitatea hobetzea
    • Argindar sarea zabaldu, komunitate askotara oraindik elektrifikazioa ez zelako iritsi.
    • Tarifen beherapena, sareak hobetu ondoren nekazariak ezin zutelako prezio altuak ordaindu.
    Foro honen ondorioz mahai energetikoa deituriko komisio bat eratu zen erakunde, nekazari eta enpresekin arazo hauei irtenbideak emateko asmoz. Baina dagoeneko bi urte igaro dira eta egoera okerrera egin du. Argindar sareak hobetzen ari dira eta energi kalitatea ere hobetuz doa, baina nekazariak ezin dituzte ezarritako prezioak ordaindu, neurriz kanpokoak direlako. Hau dela eta, urrian beste foro bat antolatzea erabaki da honako lemarekin “jan ala ordaindu” askok bi hauen artean erabaki behar bait dute, jan ala zerbitzuak ordaindu.
Honegatik, foroa prestatzeko asmoarekin ikastaro batzuk eman ditugu komunitateak euren eskubideak eta bizitza duin bat exijitzeko gaitzeko asmoz. Eta aldi berean lurraldean dituzten baliabide naturalak duten garrantziaz kontzientziatzeko.

Zerbitzu publikoen arazoa ez da antiokia ekialdera murrizten. Medellinen bakarrik 200.000  famili inguruk ez dute energia izateko aukerarik.
Gobernuaren helburua zera da, Kolonbia iparralde eta hegoaldearen arteko entxufe bihurtzea. Ekuador eta Panamarekin dagoeneko akordioak sinatu dira. Beraz energia kantitate ikaragarriak garraiatuko lirateke biztanleen etxeetatik metro gutxitara eta hauek egurrarekin prestatu beharko dute janaria eta argizariak erabili beharko dute ilunpetan ikusi ahal izateko.    
Suposatzen dut zuetako askorentzako hau ez dela ezer berririk izango. Nekazariak egoera penagarri honetan egotearen arrazoia argi bait dago, multinazional eta gobernuarentzako oztopo bat dira euren mega-proiektuak aurrera eraman ahal izateko.

Arazo guzti hauek, eta aipatu ez ditudan beste asko izanda ere, esperientzi oso aberasgarria izan da herri alai eta borrokalari hau pixkatxo bat sakonago ezagutzea.