Portada Brigadas Blog Brigada Grezia Grezia, erresistentziak eraikitzen kaleetan
Grezia, erresistentziak eraikitzen kaleetan PDF Imprimir E-mail
09/07/2014

Aurten Komite Internazionalisten brigadetako bat Grezian izan da. Brigada honetan Greziak eta bere biztanleek jasaten ari diren kapitalismo bortitzaren eragina hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute, honez gain, herri horretan kapitalismoaren aurkako erresistentzia saretzen ari diren herri mugimenduekin esperientziak partekatzeko aurkera izan dute ere. Hona hemen Grezian izan den brigada horretako partaideek idatzitako kronikak

Europar topaketa anti-faxista
Brigadaren lehengo bi egunak apirilaren 11, 12 eta 13an Atenasen burutako “Europar topaketa anti-faxistan” eman genituen. Topaketa horren leloa “No pasarán” izan zen, eta Grezian dauden faxismoaren aurkako sare batek antolatu zuen, “Atena eta Pireoko komite-kolektibo-ekimen Antifaxisten Koordinazioa”. Izan ere, azken urteotan herrialdean horrelako hainbat sare sortu dira, batzuk joera “ezkertiar” edo marxista dutenak, beste batzuk talde anarkista zein autonomoei lotutakoak, etabar; eta nahiz eta beraien arteko harremanak onak izan eta momentu garrantzitsuenetan elkarrekin aritu, batzuetan bakoitzak bere aldetik antolatzen ditu ekimenak, topaketa hauen kasu. Berez, hori zen azken eguneko plenarioan azpimarratu zen ondorioren bat: sarriagotan elkarrekin aritzearen beharra.

Hiru egun horietan zehar, gehien bat Greziatik etorritakoak, baina baita ere Frantzia, Turkia, Mazedonia, Irlanda, Austria, Alemania, Ukraina, Bosnia, Hungria, Erresuma Batua, Portugal, Belgika edo Euskal Herritik etorritakoak, Europako hainbat herrialdetan sendotzen ari den faxismoari nola aurre egin eztabaidatu zuten. Herrialde bakoitzan faxismoak ezaugarri bereziak dituela nabarmena bada ere, erraz topa daitezke antzekotasunak eta, garrantzitsuagoa dena, bere eraginak mugak aise zeharkatzen dituela. Horren haritik sortzen da topaketa horien ondorioen artean behin da berriz azpimarratu zen beste ideia: Europa mailako fronte antifaxista sortzeko beharra.

Metodologia eta antolaketari dagokionez, topaketetan bi motako ekimenak burutu ziren: politikoak/eztabaidak, eta ludiko-kulturalak. Eztabaidak gehien bat 15-30 lagun arteko tailer edo aldibereko taldeetan eman ziren larunbat osoan zehar: Mugimendu antifaxista artean/kulturan; Futbola eta faxismoa zein arrazakeria; Ukrainaren gaur egungo egoera; Larritasun egoera eta bi muturren teoria; Antifaxismoa eta Hezkuntza; Hedabideen Behatokia, faxismoa eta arrazakeriari dagokionez; Sexismo, homofobia eta transfobia; Faxismoaren aurkako langileen mugimendua; etab. Larunbat arratsalde/gau aldera ekitaldi nagusia burutu zen, Alain Krivine, Joe Higgins eta beste hizlariekin antolatutako plenarioan. Eta igande eguerdian aurreko egunean talde txikietan izandako eztabaiden laburpenak eta topaketetatik atera zitezkeen ondorioak jorratzeko bigarren eta azken plenarioa burutu zen.

Bestalde, asteburu osoan zehar hainbat ekimen artistiko eta kulturalak izan ziren: faxismoaren aurkako argazki eta marrazkien erakusketak, filme baten emanaldia (“Tungsten”, Giorgos Georgopoulos zuzendariarena), antzerkia, eta hiru egunetan kontzertuak egon ziren.

Asteburuan zehar, bai ekimen politikoetan (eztabaidetan) zein kontzertuetan 200-300 bat lagunek parte hartu zuten.

Informazio gehiago:

Topaketaren programa (ingeleraz)

Topaketaren ondorioak eta proposamenak (ingeleraz)

http://antifa-month.blogspot.gr/ (grekeraz)


Tartekaririk gabeko merkatuak

Igande goizean, topaketa antifaxistaren itxierako ekitaldietan parte hartu baino lehen, Kypseli auzoko tartekarik gabeko merkatuan egon ginen.

«Tartekarik gabeko mugimendua», baita ere «patata mugimendua» deiturikoa, hiritarren elikadura-beharrei zein prezioen izugarrizko igoerei aurre egiteko ekarpen garrantzitsua izan da azken garaian. Bere funtsa nekazaritza prouduktuen ekoizleen eta hirietan bizi diren kontsumitzaileen arteko harreman zuzenak erreztea da ―gutxi gora behera Euskal Herrian «kontsumo taldeek» egiten dutena, beraz―. Merkatal-sistemaren bitartekarien eta supermerkatuen baztertze horrek aukera ematen die ekoizleei beren produktuak prezio hobetan eskeintzeko, eta kontsumitzailei produktu freskoak eta kalitatezkoak merkatuan dauden baino salneurri askoz merkeagotan lortzeko. Hori bai, ikusi ahal izan genuenez hau guztia nolabait ere elkarte baten “kontrolpean” egiten da, batez ere ekoizlee/saltzaileen aldean ezartzen dena, benetan ziurtatzeko merkaturatzen dena inguruan ekoiztu eta ez dituztela etorkinak edota langileak esplotatu.

«Patata mugimenduak» (patata izan baitzen bide hori erabilita merkaturatutako lehenengo produktua) oso arrakastatsua da, eta Grezia osoan horrelako ehundaka  ekimenak horrela erakusten dute. Baita talde faxistek eta naziek martxan jarritakoak ere, nolabait; beraiek ere hasi zirelako horrelako ekimenak bultzatzen Greziako hainbat tokitan, baina ezkerreko mugimenduek eta taldeek ez bezala (non beharra pairatzen duen edozein pertsona, etorkina edo greziar jatorrizkoa, izan daiteke hau bezalako ekimenen protagonista) beraien kasuetan “Greziarrei zuzendutako laguntzak” baino ez dituzte ematen. Gainera, ekimen hau elikagaien banaketaren arazoarekiko erantzun kolektiboa eta politikoa proposatzen du, jendearte-sareak eta autoantolakuntza indartzen dituena.

Mugimendu honek tokiko ekoizpenean eta tokiko beharretan jartzen du ikuspuntua, elikagaien subiranotasuna aldarrikatzen eta nekazaritzaren garapen deszentralizatua suspertzen, eta berez 2013an jarri zen martxan, Europa Batasunak inposatutako memoranda-ren aldeko taldeek elikadura-krisiaren mamuarekin mehatxatu zutenean, herriak erreskateari ezetza ematen bazuen. Mugimenduak frogatu zuen, jarduera praktikoaren bitartzez, balizko gosete baten aukeren inguruan gobernuak esaten zuena gezurra zela, eta arazoa ez zela elikagaien gabezia, merkatuaren egitura bera baino, honek prest agertzen delako elikagaiak biltegietan pilatuta gordetzeko erosleek “prezio egokirik” ordaintzeko aukerarik ez dutenean. Dena den, tamalez esan behar dugu Osasunaren Mundu Erakunde berak alarmak piztu behar izan zituela ihaz, Europan hamarkadetan lehengo aldiz elikagai-larrialdi egoera bat agertu zelako Atensaseko inguruko auzo pobreetan; familia askok ezin zutelako bere elikadura beharrari aurre egin, eta ume askok gosaldu gabe joaten zirelako eskoletara, sinkope eta lipotimiak sarritan gertatzen ziren.


Mesopotamia: denbora bankua

Astelehen goizean Atenasetik metroz 15 minututara (Atenasen hiringurune bertan) dagoen Moshato udalerrira joan ginen. Erdi-mailako herri honen gainbehera itxitako saltoki kopuruan nabari dezakegu. Jakin genuenez, krisialdiaren hasieran langabetuen mugimendua sortu zen hemen, baina Greziaren beste lekuetan gertatu den bezala, denborarekin indarra galdu eta desagertu egin da.

Aldiz, oraindik ere bizirik eta aktibo dirauen taldea da Mesopotamia [grekeraz, bi ibaien arteko lurraldea]. Talde hau 2003. urtean sortu zen, adin eta jatorri anitzetako pertsonez osatuta, suntsimen ekologikoa eta kostaldearen pribatizazioa zein urbanizazioa geldiarazteko, arrakasta batzuk izanik. Baina 2009. urtean hasitako krisialdia dela eta, jatorrizko aldarrikapenak eta aurreko urtetatik egiten dituzten ekimen kulturalak (zine emanaldiak, erakusketak, laburmetraien lehiaketa,…) alde batera utzi gabe, beste borroka batzuei ekin diete (adibidez, faxismoaren aurkakoa), batez ere gero eta hiritar gehiago pairatzen dituzten egoera larriak bultzatuta.

Herrialdean zehar, mota horretako kezka eta ardurek forma ezberdineko ekimenei bidea zabaldu diete: sukalde kolektiboak, tokiko txanponak, osasun zentro alternatiboak… Mesopotamiaren kasuan, orain dela bizpairu urte denbora bankua abian jarri zuten, hasiera batean espero zuten baina arrakasta haundiagoarekin, gainera.

Denbora banku baten bitartez era askotako gauzak elkartrukatu ditzake jendeak, bakoitzak bere gaitasun eta beharretatik abiatuta, baina horietariko batzuk zehatzak dira (konponketa bat, adibidez), beste batzuk iraunkorrak diren bitartean. Eta behar iraunkor hoien artean, Greziaren hezkuntza sisteman oso ohikoa da ikasleen (batez ere unibertsitaterako sarbide froga prestatzen ari direnen) klase partikularrak behar izatea, irakaskuntza normalizatuan ikasten/lantzen dutena ez delako nahikorik froga gainditzeko. Egoera ekonomikoa dela eta, famili askok ezin ditu horrelako klaserik ordaindu, eta hori bihurtu zen denbora bankuaren elementurik garrantzitsuena: 22 irakaslek klaseak/laguntza eskeintzen diete 55 inguru ikasleei, eta horren truke bai ikasle beraiei, bai bere gurasoei ere, trukean proiektu amankomunetan parte hartzea eskatzen zaie.

Elkar-emate edo elkar-truke horren filosofia, aldiz, zerikusi gutxi du karitate edo asistentzia ideiarekin (eta are gutxiago, eskuin-muturra saldu nahi duen “etorkinei laguntzea versus greziarrei laguntzea” dikotomia maltzurrarekin). Oinarria jendearen konpromezua, partehartzea eta ahalduntzea baitda: filosofia hori behin da berriz topatu dugu brigada honetan ezagutu ditugun gizarte-ekimen guztietan. Mesopotamiaren kasuan, denbora bankuan parte hartzen duten pertsona guztiak (bai klaseak edo beste zerbitzu motak jasotzen dituztenak, bai irakasleak edo denbora-emaleak) hiru hilabetero batzen dira asanblada orokor batean elkarrekin ze motako ekimenak burutu ditzaketen erabakitzeko, beti ere egoera sozioekonomikoari aurre egiteko eta hiritarren bizi-baldintzak hobetzeko aldarrikapenei lehentasuna ematen, baina aldi berean partehartzaileen iritziak, nahiak eta lehentasunak errespetatzen eta proiektu politiko zehatz bat inposatu edo “saldu” nahi zaielaren susmo guztiak baztertzen. Antza, emaitza (jendearen erantzuna) espero baino hobea izaten ari da, aurretik inolako ikuspegi edo inplikazio politikoa zuen jende askok elkarlanean eta ahalduntze prozesuetan parte hartzen dagoelako.


Autonomous Steki [topaleku autonomoa]

Astelehen arratsaldean Zoodochou Pigis kalean dagoen «autonomous steki»-a («topaleku autonomoa») bisitatu genuen. Proiektu hau joera autonomo eta antikapitalista duen jendeak sortu zuen duela 15 urte inguru, ekimen sozial eta kulturalen bitartez ideia kapitalismoa, sexismoa eta arrazakeriaren aurka borrokatzeko. Bere lokalean bilerak eta topaketak egiteko gelak, liburutegia, sukalde kolektiboa eta barra dute. Beste kolektiboek kontatu ziguten bezala, asmoa inguruekin harremanak ezartzea da, baina ez karitate parametroetatik abiatuta, parte-hartzea eta elkar-sustenguan oinarritutakoa baizik. Troikak ezarritako politiken lehengo urtetan langabetuen asanblada biltzen hasi zen lokalean, baina denborarekin desagertu egin zen eta orain langabetu eta jende txiroentzako doaineko zerbitzuak eskatzen dituen taldea baino ez da geratzen. Gaur egun Instituto Libertarioa edota elkarlaneko kooperatibak sortzeko aukerak ikertzen ari dira.

Autonomous Steki-ren kideekin solasaldi sakona izan genuen Greziaren egoera politikoaren inguruan, beste leku batean aipatzen den bezala.


Radio Entasi

Astelehen gauean «Entasi (intensitatea, indarra) Irratia»-ren lagunekin hitz egin genuen. Irrati hau 2008ko abenduan, poliziak Alexandros Grigoropulos 16 urteko ikaslea erahil ondoren izandako matxinaden barruan sortu zen, Zuzenbide Fakultatearen itxialdian parte hartu zuten ikasle, irakasle eta ekintzaileek bultzatuta. Helburua hedabide tradizionalen zentsura zein manipulazioari aurre egitea zen, antolatzen ziren ekintza, ekimen eta mobilizazioen inguruko berri emanez. Hasiera batean Fakultate bertatik igortzen zuen seinalea, baina hainbat gora behera ondoren, 2011. urtean «Enparantza mugimenduen» bozgorailu ofiziosoa bihurtu zen, bi hilabetez Sintagma enparantza bertatik Atenas osora igortzen zuela bere seinalea. Irratiaren seinalea “bi noranzkokoa” eta plurala izan da hasieratik, hau da, mugimenduaren asanbladetan parte hartzen zutenen zein beste lekuetatik borrokatzen zutenen ahotsak lehenetsi izan du betidanik.

«Enparantza mugimendua» barreiatu zenean eta behin Sintagma enparantza utzita, istripu baten ondorioz ―urek kaltetu zuten irrati-transmisoreak― hilabete batzuz seinalea ixildu behar izan zuten, eta berriro ere martxan jarri zenean, zailtasun teknikoak zirela eta ―irratia pirata izan da hasiera-hasieratik, baina antza Atenasen frekuentzien okupazioa ez da oso erraza eta irrati piraten jazarpena dago gobernuen aldetik― interneten bidez igortzen dute informazioa. Halaber, Radio Entasi, Indymedia Atenas, the eta Radio 98 FM (Atenaseko beste irrati anarkista) Antoni Samaras-en gobernuaren zentsura zuzena pairatu behar izan zuten 2013-ko apirilean.

Gaur egun asanbladak airera itzultzeko proiektuarekin lan egiten du ―modu “piratean” beti ere, edozein irrati libre bezala― eta horretarako Europako beste herrialdeen irratien zein taldeen  laguntzan biltzen ari dira. Bestalde, Grezian ematen diren ekimenen eta borroken berri emateko newsletter edo berri-boletina igortzen du astero ingeleraz eta frantsezez emailaren bitartez, atzerrian ere Greziako mugimendu autonomo eta antiautoritarioaren ikuspuntua eta analisiak ezagutarazteko.

Informazio gehiago: http://www.entasifm.org/


Diktio

Diktio etorkinen eskubideen alde borrokatzen duen ezker muturreko giza-mugimendua da. Pertsona guztiek eskubide guztiak izatea dute helburua, eta bere egoitzatik pasatzen den pertsona orori aholkularitza eskeintzen diote, bai lege-arloan bai beste arazoen inguruan ere. Beste eragileekin kanpainak antolatzen dituzte, besteak beste Europa Batasunaren diruz ―eta Dublin-eko Ituna betetzeko― eraikitako etorkinentzako espetxe edo atxilotze zentro berezieen (gure ABZ edo “atzerritarrak barneratzeko zentroak”) kontrako “no border camps” edo kanpalekuak, eta arrazakeria zein faxismoaren aurkako mobilizazioak. Antolatzen duten ekimenik indartsuena urteroko Arrazakeriaren Aurkako Festibala da (uztailaren lehenengo astean ospatzen dutena.

Informazio gehiago: www.antiracistfestival.gr/ [grekeraz]).

Gaur egun, beraien kezka nagusiena herrialdean paperik gabe sartzen diren etorkinen kontrako legediaren gogortzea da. Berez, kontatu zigutenez etorkin hauek (Espainan bezala, bestalde) ABZ-tan giltzaperatzen dituzte beraien egoera zein den argitu arte edo errefuxiatu status-a eman ala ez erabaki arte; eta itxialdiaren epeak etengabe luzatzen joan direla azkenengo urteotan, gehienez jota 3 hilabete,  6 hilabete, 12 hilabete, 18 hilabete… izatetik, gaur egun eperik gabe atxilotuta/giltzaperatuta izateko aurkerara arte, etorkinak berak baldin ez badu “borondatez” onartzen herrialdetik ateratzea.

Informazio gehiago: http://migrant.diktio.org/ [grekeraz]


Mugimendu feminista

Ezer gutxi genekien Greziako mugimendu feministari buruz hitzegiteko Sissy Vuvou aktibista feministarekin geratu ginen astearte arratsaldean. Ez dela oso mugimendu ez jendetsua ezta indartsua ere zioen, eta nahiz eta azken hiru urte hauetan sozialki aurrera pausu txikiak eman diren oraindik ere oso gizarte matxista dugu herri horretakoa. Egun batzuk geroago horixe bera ere esan ziguten bertan topatu genituen bi neska bilbotar, haiek jasandako esperientzia batzuk kontatu zizkiguten, beherago irakur ditzakezuenak.

2012an Xanthi hirian gertatutako bortxaketa eta erahilketak alarma guztiak piztu zituen: emakume gazte bat bere gurasoen etxearen atarian zegoela gizon batek bortxatu, jipoitu eta oraindik ere bizirik zegoela su eman zion, erasotzaileak aurrekari penalak zituen; urte horretan bertan bost hilabeteko gartzela zigorra bete zuen bortxaketa bategatik. Honen ondorioz erasotzaileen zigorgabetasunaren aurkako protesta ugari egin ziren eta gizartean honekiko setsibilizazio handiagoa zabaldu zen. Baina lan handia dago egiteko. Izan ere, Grezian ez dago matxismoak hildako emakumeen zenbaketa ofizialik (talde feministek egin behar dute lan hau), eta lehen aipatu bezala legeak zigor arinak ezartzen dizkie eraso matxistei. Aldiz, inoiz emakume batek gizonezko bat edota bere erasotzilea hilez gero (nahiz eta bere buaren defentsan izan) legeak gogorki zigortzen ditu emakumeok 10-12 urte bitarteko gartzela zigorrak ezarriz. Grezian emakume-trafiko handia dago, beste herri askotan baino askoz gehiago agian, eta nahiz eta honekiko oso lege zorrotza izan ez da batere behar bezala betetzen.

Greziako mugimendu feministek espainiar estatuan dagoen antzeko lege sistema baten alde ari dira borrokan. Badaude sindikatu batzuk emakumeen eskubideen alde egiten dutenak ere, baina gizonez osatuta egoten dira gehien bat. Syriza koalizio politikoan gizonezkoak dira baita gehiengoa, nahiz eta borroka guztietan emakume gehiago egon gizonezkoak baino.

Direla bi urte Europar Batasunak emandako diru apurrarekin (Greziako gobernuak txanpon bat ere ez jarri gabe) abegi-etxe batzuk zabaldu izan ziren bortizkeria matxista jasaten zuten emakumeentzat. Honetaz aparte 18 aholku-gune dituzte. Izan ere, krisia dela eta emakumeek zailtasun handiagoak izaten dituzte haien senar edo bikotekideengandik banatzeko; zertaz biziko diren edota haien seme-alabak nork mantenduko dituen beldur bait dira.

Baina Sissyrekin izandako elkarrizketaren istoriorik harrigarriena Greziako agintariek aurreko hauteskunde kanpainian egindakoa izan zen, hiritar askok emakumeenganako biolentzia zenbateraino onartzen duten ondo azlatzen duena: 2012ko Apirilean, hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, Atenaseko auzo zehatz batzuetan poliziak sarekada egin zuen, kaletik zebiltzan 195 emakume ilegalki eta inolako arrazoirik gabe atxilotu zituzten eta HIESa detektatzeko testak eginarazi zizkien. 32 emakumek positibo eman zuten. Inolako osasun-tratamendurik eskeini gabe gartzelaratu zituzten, osasun publikorako pertsona arriskutsuak zirela esanez eta gaixotasuna nahita kutsatzen saiatzeagaitik ―autoritateen esanetan denak sexu-langileak bait ziren, nahiz eta haietariko askok sekula halako lanik ez zutela egin frogatu ahal izan―. Baina ametsgaiztoa ez zen hemen bukatu; emakume guzti hauen argazkiak, izen abizenak eta mota guztietako datu pertsonalak telebistan agertu ziren, HIESdunak eta prostitutak zirela ere esan zuten. Gartzelan tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten gehienek. Larriena hiritar askori “neurri” egokia iruditu zitzaiela.

Egun emakume guzti hauek aske daude, zortzi absolbitu zituzten eta gainontzekoei falta zigorra ezarriko diete.

Galdera asko etorri zitzaizkigun burura hau entzutean, hain ezberdinak izan zitezkeen Greziako legeak?, Sissyk argi erantzun zigun: ez. Grezian, hemen bezala, prostituzioa ez da ilegala (proxenetismoa bai, noski), hemen bezala historia klinikoa sekretua da eta hemen bezala argazkiak eta datu pertsonalak baimenik gabe komunikabideetan zabaltzea ilegala da.

Jokabide elektoralista honen atzean matxismoa batez ere baina xenofobia ere bazegoen, etorkinak zeinen arriskutsuak izan zitekeen erakusten saiatu zirelako, baina alferrik, HIES testetan positibo emandako %80a jatorriz Greziarrak ziren.

Arraroa iruditu zitzaigun oso honi buruz ezer ez jakitea, telebista, egunkari edo irratietan gertatukoaz ezer aipatu bazuten isilpekoa izan zen, Europar batasuneko herri batean giza eskubideen urraketa itzel honek ez zuen inolako oihartzunik izan ohiko komunikabideetan. Interneten bada honetaz hitzegiten duten webgunerik, baita oso dokumental interesgarria ere: Ruins. http://www.youtube.com/watch?v=LlbL4sQ3_Fo

Atenasen topatutako bi neska bilbotarrek mugimendu sozialetan matxismoa indartsu zebilela esan ziguten, batez ere talde anarkistetan eta, noski, ez zeuden batere ohituta halako jarrera matxista eta patriarkalak jasatera. Haietariko batek prostituzio ugari dagoen auzoaren arte galerian batean lan egiten zuen, emakume hauen bezeroen begirada eta jarrera lizunetaz erabat nazkatu zen eta eguneroko egoera hori geroz eta jasanezinagoa zen harentzat; talde anarkistako bere lagunei kontatu zienean, zera esan zioten: azken finean emakumeok “hobe duzue prostituzioa egotea, horrela bortxatzaileek haien grinak ase ditzakete” eta gainontzeko emakumeok eraso hauetatik salbo egongo zarete.

Beste neskak Greziako bikote gazteetan ematen diren desberdintasun harremanei buruz hitz egin zigun; oraindik ere, nahiz eta konpromezu politikoa duten pertsonak izan, neskek naturaltasunez arropa garbitu, bazkaria prestatu, eta etxekolan guztiak egiten dizkiete haien mutil lagunei. Gizonek emakumezkoak babestu behar dutela sinisten dute, eta askotan ez dituzte haien neska lagun eta bikotekideak bakarrik uzten etxerako bidean. Neska eta mutilez osatutako koadrilla bat taberna batean dagoenean barran mutilek eskatzen dute beti, eta ez diete sekula neskei zer nahi duten galdetzen.

Mutil eta neskek aspertu eta nazkatzen ziren feminismoari buruz hitzegiten zutenean, ez dute feminismoa behar bezala ikusten.


Alpha Kappa (
Αντιεξουσιαστική Κίνηση, mugimendu antiautoritarioa)
Astearte gauean Nosotros lokalean Alpha Kappa jendearekin izan genuen solasaldia. Mugimendu horrek 2002an sortu zen, Europa Batasunak 2003an Tesalonikan izan behar zuen gailurraren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko asmoz. Berez, hiruzpalau taldez osatutako sarea da Alpha Kappa, garrantzitsuenak Atenasekoa eta Tesalonikakoa direla. Mugimenduak hiru funtsezko edo oinarrizko printzipio ditu: 1) antiautoritarioak dira, pentsaeran eta praktikan; 2) boterea/autoritatea eskuratzearen kontra daude eta egitura irekia eta horizontala daukate; eta 3) demokrazia zuzena aldarrikatzen eta praktikatzen dute, beraz hierarkien kontra daude. Ez dute berariazko identitatea kolektibo barruan, eta gehienek joera anarkista badute ere, beraien artean trostkistak, marxistak, etabar egon daitezke. Berez, nahiko kritikoak dira edozein ideologia totalitario edo dogmatikoarekin.

Alpha Kappak ez du gai bakar zehatzik jorratzen, gai edota aldarrikapen ezberdinak baizik. Faxista eta nazien aurkako borrokaz gain ―beste talde guztiek bezala―, aipatu zizkiguten borroken artean Bio-Me kooperatibaren aldekoa, ingurunea suntsitzen duen urre-mehategi baten kontrakoa, edota espetxetan dauden 40 inguru preso politikoen aldekoa (anarkistak gehienak). Alpha Kappako hainbat kide Radio Entasi-n hartzen dute parte, baita ere. Beste talde autonomo eta anarkistekin harreman onak ditu, eta batzuetan elkarrekin aritzen dira ―batez ere faxisten aurka aritu behar denean, baina baita ere auzoatik heroina trafikatzaileak botatzeko, etabar―.

Nosotros topagunea Alpha Kappak sortu zuen, baina antolamendu autonomoa du eta beste taldeek ere erabiltzen dute. Exarkia erdian dago, Atenaseko auzo alternatibo edo ezkertiarrena. Lokal horretan hainbat ekimen eta mugimenduk dute topalekua, eta barra eta jantokia zabaltzen dute egunero.

Informazio gehiago:

Alpha Kappa: http://ak2003.gr/ (grekeraz)

Nosotros: http://www.nosotros.gr/langswitch_lang/en/ (ingeleraz)


Solidarity for all [Elkartasuna guztiontzat]

«Solidarity for all»-ek Troikak inposatutako memorandum-aren kontra 2010 eta 2011 urteetan izandako borroka politikoetan auzoz-auzo autoantolatutako egiturak ditu oinarri. Ikerketa baten arabera, Greziako populazioaren %28 inguru parte hartu zuen borroka horietan, eta horrek islada izan zuen azkenengo hauteskundeetan. Baina borroka politikoekin batera, eta batez ere 2011-ko udaz geroztik ―murrizketak eta bizi-baldintzen okertzea nabariagoa izaten hasi zenean―, jendarte-elkartasun mugimendua abian jarri zen. Hasiera batean, elektrizitate-horniketa mozketa zein etxe-jabetzaren gaineko zerga berezi berriaren kontrakoa izan zen ezanguratsuenetarikoa ―biak batera datoz ordainagiri berean, eta elektrizitate konpainiari ordaindu ezin zutenekiko elkartasun mugimendua oso indartsua izan da, mozketa pilo geldiarazten, askotan konpainia beraren langileen laguntzarekin―; baina laister eta tokian-toki beste ekimen asko sortu ziren: irakasleek diru-sarrerik gabeko familiak laguntzen zituzten eskolaz kanpoko klaseak eskeiniz; medikuek asistentzia ematen hasi ziren osasun zentro autogestionatuetan; «patata mugimendua» ere martxan jarri zen, baita txiroen artean janaria banaketak ere; “ez ordaintzeko” kanpainak zabaldu ziren, batzuetan alkateek eta kargu publikoek lagunduta ere; pribatizazioen kontra (batez ere Tesalonikan, ur-hordinuraz arduratzen den enpresa pribatizatzeko asmoaren kontra); etabar luze bat. Egun, etxe-kaleratzeen kontrakoa ez da Espainiar Erresuman bezain indartsua, orain arte Greziako legediak “lehengo etxebizitza” babesten zuelako eta kaleratzeak ez dira oso ohikoak izan, baina 2014ko ekainean babes hori desagertu egin zen eta gainera banku askok putre-fondoei saldu dizkie hipotekak, beraz herritarren okerrenaren zain daude…

Berez, mugimendu edo talde hauek “krisialdia” delakoa baino lehen izan izaten ziren, baina populazioaren %90 kanpoan uzten zuten talde txikien multzo bat baino ez zen, normalean trueke edota kontsumo taldeetan (produktu ekologiko bezain garestiak kudeatzen zituztenak) antolatzen zireak etabar. Enparantzen okupazio mugimenduak ―15M― egoera eztandarazi zuen, horrelako ekimenak Grezia osoan zehar zabalduz.

«Solidarity for all», talde edo erakunde moduan, pixkanaka-pixkanaka sortu egin zen, duela urte erdi inguru. Berez ez du izate juridikorik, eta jokabide asanblearioa du arlo guztietan. Hasiera batean aktibista batzuk kooperatiba bat martxan jartzeko jarraitu behar diren pausuak kartel batean jaso zuten; gero herrialdeko leku guztietan agertzen ziren talde eta ekimen sozial guztien mapa egiten hasi ziren ―osasun zentro sozialak, jantoki komunitarioak, denbora-bankuak, tartekarik gabeko merkataritza, mugimendu kooperatibista, kultur arloko hainbat ekimen…―; eta horrelako ekimenei sustengu militante eta lege-aholkularitza emateaz gain, laguntza ekonomikoa eskeintzen diete, beti printzipio batzuk jarraituz: ez dute inoiz dirua ematen ezta alokairuak ordaintzen, baliabide materialak baizik (taldeak/ekimenak behar dituen gauza/baliabideen zerrenda luzatzen die, eta Solidarity for all-ek gauza horiek erosten edo lortzen ditu); eta baliabide horiek eman baino lehen, eskaria egin duen taldeari galdetzen diote ea ez ote dituzten baliabide horiek bere inguruan dagoen errealitatetik atera (adibidez, auzokideei eskatuta, edota arlo horretako beste ekimen antzeko kideei eskatuta, era horretan elkar-ezagutza eta ikastea bultzatzen). Gainera, hastapenetan dagoen talde bati inoiz ez diote laguntza ekonomikorik ematen: hori egin baino lehen, taldeak erakutsi behar du autosufiziente dela, bere komunitatean sendo errotuta dagoela eta independientea dela. Horretaz gain, beti eskatzen dute sustengu horren truke nolabaiteko partehartze politikoa edo ekintzailea egotea (hau da, egiten dena ez dela karitatea, elkar-laguntza eta partehartzea baizik).

«Solidarity for all» bultzada haundia jaso zuen Syriza ezkerreko koalizioko parlamentariek beraien soldaten %20 erakunde horri ematea erabaki zuenean; horrek bere alderdi negatiboa ekarri bazaie ere —lagun askok uste baitu «Solidarity for all» eta Syrizaren artean harreman organikoa dagoela edo, nahiz eta beraiek inpartzialtasuna eta independentzia aldarrikatu eta joera politiko guztien ekimenekin harreman izan, beraien arteko koordinazioa bultzatzea bait da helburu nagusia—, baina aldi berean laguntza eraginkorra eman ahal izan diete abian dauden ekimen guztiei. 2012-ko martxoan 180 talde ziren horrelako jendarte-elkartasuna lantzen zutena, eta gaur egun guztira 330 zenbatu dituzte —6.000 lagunek aktiboki parte hartzen dutena—, haietariko asko arlo/jarduera bat baino gehiago jorratzen dutela. Beraien artean, 40 osasun zentro sozialak, adibidez, zeinekin «Solidarity for all»-ek estu lan egiten duena, zenbat mediku parte hartzen duten edota zenbat bisita izan dituzten zenbatuz, etabar.

Laguntza zuzena eskeintzeaz gain, beraien aktiborik garrantzitsuena web orrialdearen bitartez “jendarte-ekimenen mapa” zabaltzea da, horrek laguntzen baitu ekimen hauei ikusgaitasuna ematea, borroka horretan bakarrik ez daudela sentiaraztea, elkar-ezagutza (ironikoki, komentatu ziguten nola askotan talde askorentzako errezagoa zela Solidarity for all-i laguntza eskatzea alboan duten taldeari baino—, eta herrialde mailako identitate kolektiboa sortzea, kontutan izanda ia-ia ekimen guztiak bere inguruan ondo errotutakoak, irekiak eta barneratzaileak direla, baina eremu lokalean baino ez direla mugitzen.

Azkenengo asteotan eskutartean duten proiekturik konplexuena, ziur asko Europako beste herrialdetatik etorritako diruntza ekonomikoaz finantziatuko dena, furgoneta baten bitartez herriz-herri mugituko litzateken “osasun zentro ibiltaria” litzateke, auzo txiroetan txertoak jarri eta azterketa odontologikoa egiteaz arduratuko zena, kontutan izanda populazioaren %30 galdu duela Osasun Publikoan ordaindu gabe kontsulta izateko eskubiderik.

Informazio gehiago: http://www.solidarity4all.gr/ [grekeraz]


Vio.Me kooperatiba

Solidarity for all-eko lokaletan bertan Vio.Me kooperatibarekiko elkartasun taldeko bi kideekin hitz egin genuen. Vio.Me kooperatiba itxiera prozesuan zegoen eraikuntza materialen enpresaren langileen borrokatik sortu zen. Izan ere, duela 3 urte enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta urte t’erdiko borroken ostean, 80 langileetatik 40 inguruk lantegia okupatu eta bere kabuz aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten. Enpresaren antolakuntzaz gain, ekoizpen bera aldatu zuten: eraikuntzarako materialen ordez, garbiketa-produktu ekologikoak ekoizten hasi ziren.

Hasiera batean, kooperatiba berriak ekoiztutakoa elkartasun talde txikien bitartez saltzen zen, horrek suposatzen duen mugatzearekin. Lehengo 2 elkartasun- edo sustengu-taldeetatik (Tesalonikakoa eta Atenasekoa, elkartasun politikoz gain produktuen banaketa eta salmenta zuzenaz arduratzen direnak) gaur egungo 6 taldeetara pasatu da (Kreta eta beste irletan, adibidez), eta etorkizun hurbilerako, eta behin “egoitza sozialaren” arazoa konponduta (lantegia okupatuta egonik, han ezin dira legezko ekimen ekonomikoak antolatu), ohiko banaketa-bide erregularrak (beste herrialdetara esportazioa barne) bultzatu ahal izango dute.

Gaur egun lantegiaren jabetza eskuratzeko borrokatzen ari dira, baina han ere arazoak ez dira gutxi: Estatuaren erabateko ezetzaz gain ―enpresak langileen kotizazioak ez zituenez ordaintzen, formalki Greziako Gizarte Segurantza da lantegiaren behin-behineko jabea― barne arazo eta eztabaida asko izan dute beraien artean. Berez, hasi ziren lehenengo 40 langileetatik erdia baino ez dute proiektuan jarraitzen, bilakaera edo eboluzio politiko interesgarria izan ondoren; baina beste 20 langileak gaur egun enpresaren alde daude eta oztopo nahikotxo jartzen ari dira esperientza eredugarri hau aurrera atera ahal ez izateko.

Bestalde, Europatik eta Greziako gizarte mugimenduen aldetik babes haundia jasotzen dute, eta horrek aurrera egiteko laguntza suposatzen du, ez bakarrik ekoizpenaren banaketa eta salmentan ezinbesteko laguntza delako, baizik eta animikoki ere sustengua oso inportantea delako, batez ere kontutan hartzen badugu kooperatibista/borrokalari hauek urte luzez eguneko 10 euroko (hilean 250 euro) soldatak jaso izan dutela eta ingurugiroa kontrakoa dela, sindikatu haundiek “betiko borrokabideak” erabiltzea bultzatzen dutelako eta ez dute inolako laguntzik ematen bide autonomoa hasten diren langileentzako. Elkartasunari bidea errezteko, “babesle solidarioa” figura sortu dute, hilean 3 euro jarrita 1’5 euroko balio duten produktuak jasotzeaz gain, asanblada orokorretan informazioa jasotzeko eta ideiak edota iritziak helarazteko eskubidea dutenak.

Azkenik, aipatu behar dugu maiatzaren bigarren asteburuan antzeko egoeran dauden beste langileekin topaketa dutela. Guztira 10-12 enpresa inguruetan langileak Vio.Me-n egindakoa errepikatzea aztertzen ari dira, beti sindikatu nagusien eta Alderdi Komunistaren iritzien kontra (azken honek esaten du “kapitalismoaren barruan emandako irtenbidea dela” kontrako jarrera azaltzeko) baina hainbat jendarte-eragileen eta sindikatu txikien babesarekin.


Prosfygika Alexandras

Alexandras etorbidean dagoen «Prosfygika» (edo aterpe-gunea) bisitatu genuen bostgarren egunean. 1934-1935 urtetan eraiki zen zortzi-bloketan banatutako 228 etxebizitzako gune hau, urte askotan beste herrialdeetatik etorritako errefuxiatuen ostatua izan zen. Bigarren guda mundialean partisano komunistek erresistitu zuten etxe hauetan (oraindik ere bala zuloak ikus daitezke hormetan) eta geroztik, bere balio historikoa dela eta, eraikin hauek babestuta (ezin zituzten eraitsi) egon dira, baina aldi berean erabateko abandono egoeran mantenduz.

Aspalditik daude, beraz, beharrak bultzaturik etxe hauetan sartu zirenak, etorkinak gehienak, baina Euskal Herrian ezagutzen dugun okupazio mugimenduaren ideologia politikoarekin zerikusi handirik ez zutenak. Okupazioa legez-kanpokoa da Grezian; horregatik, jendeak nahiago du Estatuak edo erakunde publikoek dituzten eraikinak okupatzea, eta ez Elizarenak edo partikularrenak direnak, poliziak berehala desalojatzen ohi dituztelako ―jabeak salaketa jarri eta ordubete exkas batean, normalean―. Zentro-sozialen okupazioa pixka bat zabalagoa izan da, baina Atenasen ez dago etxebizitza-okupazio mugimendu haundiegirik, bizpairu baino ez dago erdigunean. Lehen, etorkinek okupatzeko joera haudiagoa zeukaten, baina faxistek eraikin horiek seinalatzen hasi ziren, eta orain tentuz ibili behar dira hori dela eta.

Prosfygika Alexandras-en, 2000 hamarkadan zehar Estatuak etxebizitzak erosten eta husten joan zein heinean, paperik gabeko etorkinak (gehienak Europako beste herrialdeetara bidean daudenak, nahiz eta askotan Grezian urteak eman behar) sartu ziren hutsik geratu ziren etxebizitzetan, baina inolako aldarrikapen edo ikuspuntu politikoa planteatu gabe.  Horren ondorioz, hainbat arazo egon ziren auzokideen artean, auzo asanbladak saihestu zituen. Auzo asanbladak 4 urte baino ez ditu. Sortu zenetik auzo horretako beharrak asetzen saiatu dira; umeentzako eskola talde bat sortu dute non auzoko ume txikiei oinarrizko hezkuntza ematen diete, irakurtzen eta idazten irakasten dute, eskulanak egiten dituzte, etb… Domekero zinema saioak dituzte eta ostegun eta domeketan bazkari sozialak. Orain osasun zentru sozial bat egiteko pausuak hausnartzen ari dira, auzokide askok osasun arazo latzak bait dituzte. Etxeen ondoan minbizia sendatzeko ospitale bat dago, auzokideen esanetan zentru honek zarama arriskutsuak kalean dauden kontenedoreetara botatzen dituzte inolako segurtasun kontrolik gabe; auzoko umeak kontenedoreetara sartu eta zakarrarekin jolasten dute, radioaktibitate arriskua egon daitekeelaren susmoa ere badute.

Prosfygikako biztanleek Syriza partiduarekin ika-mikak izan dituzte. Izan ere, direla zazpi bat urte etxe hoiek errefuxiatuei buruzko museo batean bihurtu nahi izan zituzten (ironia handia, etxe hoietan hainbat errefuxiatu politiko bizi bait dira gaur egun ere), azkenean ideia hori bertan behera geratu zen, baina duela gutxi beste partidu batzuek ekimen hori berreskuratu dute, oraingo honetan Syrizak ezetz esan du, auzokideek populistatzat hartu dute erabaki hau; partidukoek auzoan mitinak eman zituzten eta argazkiak egin zizkieten, auzoa lagundu nahi zutela zioten, baina asanbladatik ez direla sekula pasatu esan ziguten.

2014 urtearen hasieran Estatuak “betearazpenerako” erakunde publiko baten esku utzi zuen konplexu honen kudeaketa, eta horrek azkartu egin ditu espropiazio zein salmenta prozesuak. Hori dela eta, gu bisitatu genuenean hilabete bat zeramaten “alarma-egoeran”, eremu osoa desalojatuta izateko aukera geroz eta hubilago ikusten baitdute.


K*BOX topaleku anarkista okupatua

Exarkia erdian bertan, Nosotros edo Diktio-ren lokaletatik oso gertu, duela urte t’erdi okupatutako kafetegia dago, K*BOX izenekoa. Anarkista ideologia edo joerako lagunak biltzen dira han, eta batez ere faxismoaren aurka ―Antifa-metopo-n (Fronte Antifaxistan) parte hartzen dute― eta ekintza edo manifestazio politikoetan parte hartzeagatik atxilatutakoen alde aritzen dira. Izan ere, poliziak talde anarkista eta autonomoen kontra borrokatzeko motorrez mugitzen den unitate berezia sortu zuen, Delta Force deiturikoa, eta atxiloturiko 50 militante inguruen askatasuna lortzeko oso esfortzu ekonomiko handia egitera behartuta daude.

K*BOX-eko kideekin batez ere talde anarkisten egoera, okupazioaren inguruan eta beste borroken inguruan solasaldi interesgarria izan genuen. Zerbait azpimarratzearren, deigarria gertatu zitzaigun jakitea Grezian soldaduzka oraindik ere derrigorrezkoa dela, eta hala eta guztiz ere herrialdean ez dagoela horren kontrako mugimendu antimilitarista sendorik; aldiz, eta ez joateagatik zigor-sistemak ezartzen dituen 6.000 euro ordaintzea saiezteko, jendeak psikiatrengana jotzen du salbuesle baten bila (ez-gaitasun mentala duela, edota armek fobia sortarazten dizkiotela, etab.).


Patisiako Farmazia soziala

Greziarren %30ek osasun publikorako eskubidea galdu dute. Troikak ezarritako politikak direla eta, gizarte segurantzan kotizatzen ez duten langabetuek medikuak eta botikak ordaindu behar dituzte, baita egoera irregularrean dauden etorkinek ere. Gehienak etorkinak izatea espero bagenuen ere bertara hurbiltzen diren %70a  greziarrak dira.

Patisiako farmazia sozialak 2 urte darama martxan. Laguntza medikua eskaintzen die medikamentuak ordaindu ezin dezaketen pertsonei, haurrentzako janaria banatu edota laguntza psikologikoa eskeini ere. Baina ez karitate hutsagaitik; bertara hurbiltzen diren pertsonei farmazia soziala zertan datzan azaltzen diete eta mugimendu sozial eta protestetan parte hartzera animatzen dituzte, izan ere laguntza eske hurbildu izan diren pertsona askok gaur egun bertan boluntario lanetan dabiltza eta farmazia hauek antolatzen dituzten osasun sistemaren aurkako protesta ekintzetan parte hartzen dute.

Farmazietan profesionalak (medikuak, erizainak, etab….) eta boluntarioak parte hartzen dute.

Medikamentuak lortzeko hainbat bide dituzte: partikularrek emandako diru lagutzekin erositakoak, auzoetako beste taldeek lortutakoak, eskoletako irakasleek antolatutako azoka txikietan lortutako diruarekin edota taldeka, hau da; ume batek tratamendu bat behar ba du lau bat langile familien artean medikamenduak erosten dizkiote, gainera estatuko gainontzeko unitateekin internet bidezko komunikazioa botiken elkar trukerako. Ez dituzte sekula sendagaiak errezetarik gabe ematen, noski, eta badaude banatu ezin dituzten medikamentu batzuk (psikofarmakoak edo antikonbulsiboak kasu), horretarako hospitalean lanean dagoen doktore solidario batengana bidaltzen dituzte gaixo hauek.

Gaixotasunei dagokienez diabetea, bihotzeko gaitzak, alzheimerra eta arazo zirkulatorioak dira gehien bat tratamendurik gabe geratzen direnak, baina geroz eta depresio kasu gehiago izaten dituzte, horretarako hainbat farmazietan terapia psikologikoak antolatzen ari dira.

Gaixo askok haien behar egoeraz lotsatu egiten dira,haien buruari errua botatzen diote eta batzuk nahiz eta benetako beharra izan laguntzarik ez eskatzea nahiago izaten dute. Jada ez dituzte eskoletan txertorik jartzen, ordaindu beharrekoak dira hauek ere, beraz, 50. hamarkadatik desagertutako hainbat gaixotasun berriz azaldu dira, hala nola; tuberkulosia, poliomielitisa…

Farmazia hauek ez dira soilik haien auzoetako pertsonei laguntza ematera mugatzen; Atenaseko edozein auzoetako pertsonak zaintzen dituzte.

Presoen eskubideen aldeko ekimena (Πρωτοβουλία για τα Δικαιώματα των Κρατουμένων)
Azkenengo egunean «Presoen eskubideen aldeko ekimena»-ren kide batekin solastu ginen. Talde hau 2006. urtean sortu zen, Greziako espetxerik haundienean piztutako sute batean preso asko hil zirenean funtzionarioek ez zizkietelako ateak ireki. Ondoren, 2008. urtean 600 eta 800 preso inguruk gose greba hasi zutenean oso aktibo egon ziren beraien aldarrikapenak gizartearen txoko guztietara helarazten.

Ekimen honen helburua preso guztien eskubideak aldarrikatzea da, ez zaie batere axola ze motako ekimena edo “delitua” eraman dituen espetxeetara ―hau da, berdin dio motibazio politikorik duen presoak diren ala ez―. Talde barruan jatorri politiko askotariko pertsonak batzen dira (ez bakarrik ezkerrekoak edo anarkistak), baita aurretik kartzelan egondako batzuk (preso-ohiak) ere. Presoei eta beraien senitartekoei lege zein giza-aholkularitza eskeintzen die, eta horretarako telefono zenbakia eta bizpairu hilez behin kaleratzen den aldizkaria dute. Urtean birritan presoen gutunak jasotzen dituen aldizkari bat argitaratzen dute. Web orrialdea ere badute, tokeli edo kartzela-gela izenekoa: http://www.tokeli.gr/ [grekeraz]

Horretaz gain, Ekimenak espetxeen barruako egoeraren inguruko informazioa/salaketak plazaratzen du ―legedian aldaketei buruzko eztabaidak edota salaketak barne―, batzuetan Barne Ministeritzarekin bilerak antolatzen ditu espetxeeko kontuetaz aritzeko, edo espetxeetan bertan bisitak dituzte bai zuzendaritzekin bai presoekin egoera zein den zuzenean jakiteko. Noizean behin, zuzenean laguntzen dituzte presoak gure “hirugarren gradua” moduko presondegi-erregimena lortu dezaten, erroldatzeko helbideak eta lekuak eskeintzen etabar.

Gaur egun 12.300 preso inguru dago Greziako espetxetan, haietariko 7.000 inguru etorkinak dira ―Grezian kartzela zigorra 5 urtekoa baino txikiagoa bada ez duzu espetxean sartu beharrik―, eta 1.000 eta 2.000 pertsona tarte gehiago poliziaren egoitzetan daude atxilotuak, batzuetan asteak eta hileak igarota, torturak pairatzen eta inolako arautegirik edo eskubiderik gabe (adibidez, ez dute bisitak jasotzeko eskubiderik, ezta patiora ateratzeko eskubiderik ere). Grezian hiru preso-kategoria dago, A, B eta C (espainar FIES 1, 2 eta 3 antzekoak), bizitza osorako zigorraren betetze muga igo da 16 urtetatik 25 urtetara, eta batez ere preso politikoei edota krimen antolatuari zuzendutako presondegi mota berri bat ezartzen ari da herrialdean, “C Blokea”, zeinean eskubide batzuk bertan bera gera baitaitezken (zigorraren 2/5 bete ondoren baimenak izateko eskubidea, adibidez).

EGOERA POLITIKO OROKORRA
Azkenik, izan genituen kontaktu guztietan egoera politikoari buruz hitzegin genuena laburbiltzen saiatuko gara, kontutan izanda ideologia edo jatorri ezberdineko lagunekin izan ginela eta puntu askotan ikuspuntu ezberdinak izan arren, orokorrean adostasun maila haundia zela esan dezakegu…

Mobilizazioen beharatzearen arrazoiak Lehengo adostasun puntua da ―kontrakoa esatea ez lukelako zentzurik― beherakada nabarmena egon dela Greziako herriak Troikak inposatutako politiken kontra burututako borrokan, edo behintzat borroka “publiko” edo “politikoetan”. 2009-2012 urte tartean, batez ere, jendeartearen zati esanguratsu bat kaleetara atera zen murrizketen eta eskubideen galeraren kontra borrokatzeko: bi hilabetez Sintagma enparantza okupatu zuten, guztira 11 greba orokorra egin zuten, poliziari aurre egin behar izan zioten askotan parlamentuaren beraren aurrean… Ikerketa baten arabera, Troikaren kontra eta korrupzioa salatzeko mobilizizaio horietan Greziako populazioaren %28a parte hartu zuen, askotan sindikatu eta alderdi politikoak kanpoan utzita.

Baina 2014. urte honetan gutxi geratzen da borroka horietaz, edo hobe esanda, borrokaren erak eta lekuak bestelakoak dira gaur egun —Espainar Erresuman gertatu den bezala: 15M edo suminduen mugimendua plazetatik desagertu egin da, baina beste motako borroketan ikusi daiteke gaur egun bere aztarna: PAH-k bultzatutako “obra soziala” (okupazioak), pribatizazioen kontrako mareak, etab—. Manifestazioetan parte hartzen duten lagunen kopurua nabarmen jeitsi egin da, eta azalpen ezberdin eman zizkiguten horren arrazoiak zeintzuk izan litezken azaltzeko. Batetik, onartu behar da nolabaiteko “etsipen” edo “nekearen” sentsazioa dagoela: milaka eta milaka greziarrek hamarkadetan izandako mobilizazio eta borroka haundienetan parte hartu zuten, baina hala eta guztiz ere ezin izan zuten Troikak —Europa Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak— herrialdeari inposatutako politika neoliberalak geldiarazi. Bestalde, politika horien eragina oso seriotan kontutan hartzekoa da: langabezia eta pobrezia izugarri igo dira (langabezia %30 inguruan dago), milaka gazte atzerrira joan behar izan dute lan eta etorkizunaren bila, eta geratu direnak, nolabait esateko, nahikoa dute eguneroko biziraupena ziurtatzeko borrokarekin: manifestazioetan parte-hartze bera ekonomikoki —politikoki bezala, bestalde; poliziaren eta epailen errepresioa hor dago hori gogorazteko— “garestia” da janaria, alokairua eta argindarra ordaintzeko dagoeneko estu dagoenarentzako; jende askok leheneztu egin izan du, azken boladan, bere buruaren edo bere familiaren biziraupen bera borroka politikoa baino. Horren harira, militante politiko asko ere, larrialdiko jendarte-egoerak bultzatuta, buru-belarri sartu dira jendarte-elkartasun ekimenetan bere auzo zein herrietan, eta horrek ere bere eragina izan du borroka politikoen egunerakotasunean: jantoki komunitarioak, osasun zentro alternatiboak etabar antolatzeak eta kudeatzeak ordu eta esfortzu asko eskatzen dute, eta askotan hori ekimen politikoen kalterako suertatu da. Azkenik, nahiz eta garaipen txikiak lortu, Troikari aurre egiteko grebak eta kaleko mobilizazioak nahikorik ez direla izan eta bere mugak dituztelaren ustea zabaldu egin da herritarrengan, eta kalean lortu ezin izan dena hauteskundeen bitartez eta instituzioetan parte hartzen lortu daitekelaren apostua egiten da.

Hauteskundeen bidea, edota SYRIZA gobernua eskuratzeko aukera 2012 urteko hautezkundetan, SYRIZA alderdia [wikipedia] izan zen sorpresarik haundiena. 2004 urtean sortutakoa, globalizazioaren aurkako mugimenduaren barrutik muturreko-ezkerreko alderdi politiko txikien koalizio moduan, 2007ko hauteskundeetan bozken %5 ateratzetik, 2012-ko maiatzean %17 eta ekainean %27 lortu zituen —eskuineko Demokrazia Berria alderditik puntu batera baino ez—, betiko alderdien korrupzioa zein Troikak inposatutako murrizketen eta pribatizazioen politiken kontrako atsekabea bereganatuz. Azkenengo urteotan Greziako egoera politikoa oso aldakorra izan bada ere, oso litekeena da hurrengo hauteskundeetan SYRIZA alderdi bozkatuena izatea, horrek dakarren guztiarekin.

Brigada osoan zehar SYRIZA-rekiko harreman ezberdin duen jendearekin egon gara: batzuk begi onez ikusten dute alderdi berri hau, beste batzuk berez alderdi horren militanteak dira, eta besteak —joera anarkista dutenak, batez ere— kritikoagoak. Iritzi guztiak kontutan hartuta, eta nolabait ere laburbilduz, bi ideia aspimarra daitezke:

  • Batetik, SYRIZA-ko gobernua guztiz bideraezina ez bada, gutxienez oztopo askori aurre egin beharko lioke, arrazoi asko dela medio: gobernua eta boterea kontu ezberdinak dira, eta bata lortuta ere “botere faktikoek” herrialdea gobernaezina bihurtu dezakete; horren kontra borrokatzeko oso mugikmendu handia egon behar da kaleetan, eta momentuz ez du ematen Grezian hori gertatzen ari denik; gaur egun, alderdiaren egitura eta baliabideak ez dira nahikoa Estatuaren kudeaketa sendoa antolatzeko (militante gutxi eta egitura ahula duelako); nahiz eta SYRIZA-ko sortzaileak eta militanteak ezkerrekoak eta iraultzaileak izan, hauteskundeak irabazteko diskurtsoa eta programa epeldu beharko lukete; eta, edozein kasutan, gobernuan egoteak gai garrantzitsu askoren inguruan erabakia hartzea eskatzen du —adibidez, euro barruan jarraitzea ala ez; antza, SYRIZA-ren kideen heren bat eurotik ateratzeko aldekoak dira, baina beste bi heren erabaki horren kontra egongo lirateke—, eta horrek ziur asko SYRIZA beraren haustea edo zatiketa ekar lezake.
  • Bestetik, nahiz eta Greziako herriak pairatzen duen larrialdi-egoerari buelta emateko nahikorik ez izan, gobernu “adizkidetsua” izatea lagundu zezakeen herri-mugimenduei denbora eta askatasun gehiago ematen jendarte-egiturak eta borrokak indartzeko eta finkatzeko.

Azkenik, aipatzea SYRIZAz gain ezkerreko beste alderdiak ere nahiko ondo egiten ari direla hauteskundeetan. Greziako Alderdi Komunista (KKE), adibidez, oraindik ere bozken %8-10 bitartez lortzen ditu leku askotan (Atenas barne), eta nahiz eta SYRIZArekiko ezberdintasunak oso haundiak izan, KKE eta ezkerreko beste alderdi politikoen boztanleak Troikaren aurkako jarrera nabarmena agertzen dute. Larrialdi-egoeraren eraginez edo, gaur egun arestian zeuden sektarismoak eta ezinikusiak alde batean utzita, bateratasuna haundiagoa da; eta batez ere talde anarkistek eta autonomoek adierazten zuten dogmatismorako joera lehundu eta beste jendarte-sektoreengana hurbiltzeko ahaleginak egin dituzte.

Bestalde, ematen du kapitala eta stablishment-en sektore batek begi onez ikusiko lukela jendarte-atsekabea “instituzioen bideetatik” bideratuko lukeen alderdia, eta hori da eremu anarkistatik SYRIZAri egiten zaien kritikaren bat. Baina argi dago boterea PASOK (alderdi sozialdemokrata) utzitako hutsunea beteko duen alderdia edo alternatiba sortzen saiatzen dagoela.

Talde faxista eta neo-nazien hazkundea 1 Jankina denez, ezker-muturreko alderdien  gorakadarekin batera eskuin-muturrekoa izan da Grezian. Gainera, kontutan hartu behar da Greziaren kasuan ezker-mutur horren adierazle politikoa, Urrezko Egunsentia, Espainiar PP edo Frantziako FN-rekin erabateko antzekotasunik ez duela. “Alderdi politiko” honek antzekotasun haundiagoa du talde neo-nazi eta paramilitarrekin alde askotatik begiratuta (bortizkeriaren erabilpenean, polizia eta militarren partehartzean, sinbologian eta estetikan, etab.) eskuineko alderdiekin baino. Deigarria da, halaber, jakitea talde neo-nazi hauek ezkerreko jendarte-mugimenduek beti erabili izan dituzten jokabidea eta metodoak kopiatu dituztela, baina kutsu xenofoboa, arrazista eta nazionalista emanda: txiroentzako jantokiak eta sustengu-sareak antolatzen dituzte, ezkerreko taldeak bezala, baina nola ez, beraien kasuan “greziarrentzako baino ez” leloa oso nabarmen aldarrikatuta. Estrategia hori erabilita auzo-langile askotan sustengu haundia lortu dute; eta kontutan hartu behar da gure inguruan horrelako estrategia gero eta ohikoagoa dela, eta talde neo-nazi batzuk hasi direla jendarte-mugimenduen erak erabiltzen, “espainarrei” sustengu ematen, Pirineoetan hartz arrearen birsartzea aldarrikatzen duen talde pseudoekologistarena egiten, etabar.

Esan beharrik ez dago, faxisten gorakada hau Estatuak berak piztua edo bultzatua izan dela, etorkinei buruzko diskurtsoekin etabar.

Etorkizunari begira Hauteskunde-egoera haratago, ez du ematen baikortasunarentzako toki haundiegirik dagoenik. Lan-eremuan, nahiz eta lan-baldintzak eta eskubideak (orain dela gutxi, lan-arlo batzuetan sindikatu eta ugazaben arteko lan-hitzarmenak debekatu eta greba egitea delitua bihurtu da) guztiz okerrera jo, ez da erantzun nahikorik ikusten. Arloko greba eta borroka eredugarri batzuk kenduta, herrialdeko sindikatu nagusiak iraganaldeko jokabideak jarraitu baino ez dute egiten, eta gainera aurreko greba deialdiak atzean utzita, gaur egun ez dute egoera politiko-sozialari eta herriak pairatzen dituzten hainbat arazo ez-laboralei (kaleratzeak, edo garraioen prezioaren igoerak, kasu) aurre egiteko asmorik erakusten. Horretaz gain, pribatizazioak eta zergen igoerak direla eta, jendarte-sektorerik kaltetuena lehengo “klase ertainak” eta “lanbide liberalak” dira, proletarizazio eta pobretze prozesu geldiezinean sartu direnak baina aldi berean sindikatuekiko guztiz aldenduta bizi izan direnak, inolako harremanik izan gabe.

Borroka politikorako grina azaltzen dutenek, aldiz, askotan ez dute biderik aurkitzen. SYRIZA alderdiaren auto-antolakuntzaz eta hauteskunde-programaz arduratuago dago herria antolatzeaz baino, eta horrek bultzatzen du jende asko jendarte-elkartasun taldeetan —edo gero eta hedatuago dauden elkartasun-sare informaletan, ohiko egituretan oinarria dutenak: familia, lagunartea, auzokideak, elizak, etab— parte hartzera. Baina horrek ere bere mugak ditu: batetik, ez duelako inolako eraginik egitura politikoan, eta zaila da egoerari buelta ematea instituzioetan edo legerian aldaketak egin gabe; bestetik, jendartea ez delako 70 edo 80 hamarkadakoa, eta gaur egun oso zaila delako horrelako giza-ekimenetarako eremu guztietara heltzea (aldiz, herritarren gutxiengo batengana baino ez da ailegatzen, estutasunak pairatzen dituzten milaka eta milaka lagunak kanpoan utzita; Estatua da biztanle ia-ia guztietara heltzeko gaitasunik duen egitura bakarra).

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?