Golan, ahaztutako okupazioa, ahaztutako Nakba Imprimir
Brigada Palestina
17/08/2008

Makina bat aldiz hitz egiten dugu Palestinako brigadan 67ko lurraldeetaz. 1967. urtean Israelek okupatu zituen lurraldeetaz mintzo gara, Gazaz eta Zisjordaniaz. Baina Sei Egunetako Gerran Israelek beste bi lurralde ere okupatu zituen: Egiptoko Sinai basamortua eta Siriako Golango Gainak. Bigarren horretan igaro ditugu azken bi egunak, Golango Gainetan.

Errealitate hori ez da horren ezaguna gure artean; horregatik kronika honetan historiaren laburpen txiki bat egingo dugu. Kronikaren bigarren zatian, berriz, egungo egoeraren inguruko hausnarketa txiki bat egingo dugu.

Israelek 1967. urtean okupatu zituen Golango Gainak, Siriaren hegoaldean. Sei Egunetako Gerra bezala ezagutu izan zen historiaren pasarte hori, eta denbora horretan Israelek Gaza, Zisjordania, Sinai eta Golango Gainak okupatu zituen. Golango kasuan, soilik bi egun behar izan zituzten suntsipena eta okupazioa burutzeko.

1967. urtean 130.000 lagun bizi ziren Golango Gainetan, 137 herrixka eta herritan banaturik. Gerratearen ostean soilik 5 herri mantendu ziren, gainontzekoak birrinduak izan zirelarik, eta herritarren ia gehiengoak ihes egin behar izan zuen Israeleko armadaren erosoetatik. Pentsa! 130.000 lagunetik soilik 6.500 lagun jarraitu zuten euren etxeetan bizitzen. Gainontzekoak ihesean joan izan behar zuten, gehienak Siriara, eta bertan bere hiriburura, Damaskora. Gogorra izan zen Palestinarren Nakba edo hondamendia 1948. urtean, baina ezin dugu ahaztu horren ezaguna ez den Nakba hau ere.

1972. urtean Israelek errepresio kanpaina gogorra hasi zuen Golango Gainetan mantendu ziren herritarren aurka, eta 200 lagunetik gora atxilotu zituzten Siriari informazioa pasatzea leporatuta. 1981. urtean Israelek Golango Gainak bere lurraldearen zati izendatu zuen.

Gutxi izan arren borrokan jarraitzen dute Golango Gainetako lagunak. Gogor gainera. Egun Golango Gainetako siriarren populazioa handitu egin da, eta 20.000 lagun dira. Horien aurrean, bertan bizi diren 18.000 kolono israeldarrak. Egoera ez da erraza, baina gogor ari dira lanean dagozkien eskubideak errespetatu daitezen eta Israelgo okupazioa amaitu dadin.

Hainbat dira Israelek Golango Gainak okupatzeko izan zituen arrazoiak, eta arrazoi horiek mantendu egiten dira 41 urte geroago. Lehenik eta behin argi utzi behar dugu sionismoa ideologia faxista bat dela, eta bere helburua dela Israelgo mugak ahalik eta gehien zabaltzea. Israeleko bandera horren lekuko da. Fondo zurian bi marra urdin bereizten dira. Beheko marrak Nilo ibaia adierazten du, eta goikoak Eufrates ibaia. Erdian Daviden izarra. Zer esan nahi du horrek? Sionismoaren proiektu politikoa. Nilotik Eufratesera soilik judutarrak biziko diren estatu bat sortzea. Faxismo bete betea.

Baina badago beste arrazoi bat Golango Gainei adiera berezia ematen diena. Ura. Bai, ura. Egungo gerrateak petroliarengatik diren bezala, (horietako asko bai behintzat), datozen urteetako gerrateak uragatik izango dira. Golango Gainetan ur erretserba handiak daude, eta jakina den bezala Ekialde Hurbilean ura altxor preziatu bat da. Israelek urtean kontsumitzen duen uraren %25 Golango Gainetatik hartzen dute. Noski, Israelek ezin dio uko egin altxor horri. Horregatik daude Golango Gainak okupatuta. A! Eta sionismoa ideologia zapaltzailea eta faxista delako.