Okupazioaren zirrikituetatik bizitzak gainezka egiten duenekoa Imprimir
Brigada Palestina
06/07/2009
Jerusalem eta Ramallah lotzen dituen  errepidean barrena abiatu da autobusa hiri zaharra atzean utzita. Bide ertzean apartheid-tranbiaren obrek ibilgailuaren bidea oztopatzen dute behin eta berriro. Errepide labirinto horretan askotan zaila da jakitea Israel ala PANren (Palestinako Aginte Nazionala) administraziopeko eremuetan zauden, izan ere, Jerusalemeko udalak sustatutako azpiegituraren helburua, hain zuzen ere, populazio arabiarreko auzoak hirigunetik banatzea baita. Trenbidea bukatutakoan, beraz, egun Jerusalemeko hirigunean dauden hainbat auzune palestinar hiritik kanpo geldituko dira eta horrela sionistek aurrera pausu bat emango dute arabiarrak Hiri Santutik garbitzeko. Bidean aurrera egin ahala, errepideak porlanezko paretarekin egin du topo. 2002an eraikitzen hasitako harresia banaketa etnikoaren ikur esanguratsuena da, askotan espazio bera konpartitzen duten bi munduen arteko bereizketaren mugarik ikusgarriena, ez bakarra baina. Eta porlanezko erraldoiaren itzalpean dihoan errepideak, azkenik, Kalandiaraino eraman gaitu, alegia, Ramallahko ghettora bide ematen duen kontrol militarreraino. Kalandiako check-pointa zeharkatzea ez da garai batean bezain zaila, izan ere, apartheid politikak garatzen diren neurrian, Zisjordaniako hiritartasuna duen inor ezin da inolaz ere ghettotik atera, hortaz, ezinbestean, Ramallahra sartzen garen guztiok atzerritarrak edo Israelgo nortasun agiridun palestinarrak gara. Kontrol eta miaketa zorrotzak, aldiz, ateratzeko bidean izango dira. Jatorri ezberdinetako palestinarren arteko bereizketa hau apartheid politikaren beste azkoin bira bat baino ez da. Check-pointa zeharkatzearekin batera ghettoaren porlanezko pareta grisak hamaika margolan koloretsuen euskarri bilakatu dira, eta hiru bat kilometro aurrerago, azkenik, Ramallahko erdiguneko Al Manara Plazara iritsi gara, hiriko bizitza sozialaren muina.

Edonork pentsa lezake harresiz inguratutako aire zabaleko espetxe horretan etsipena dela nagusi, baina bertako bizimoduan murgildutakoan inpresioa oso bestelakoa izaten da, Ramallahri bizigogoa baitario azal poro guztietatik. Okupatutako beste hainbat hiritan ez bezala Ramallahn giro sortzailea, irekia,eta aurrerakoiagoa somatzen da, eta ez bakarrik mundu osoko bidaiari, kooperante eta brigadista ibiltzen direlako han-hemenka urruneko kulturetako ekarpenak utzita, baizik eta emakumeen presentzia publikoa ere normalizatuagoa dagoelako karrika populatuetan. Zer esanik ez, lan nekeza dute oraindik ere emakumeek espazio publikoak bereganatzeko, baina, arlo horretan behintzat, hor aurrea hartua diote herrialde arabiar askotako andreei. Badirudi egoera ez-normalizatu horretan bizimodu normal bati eustea duintasuna mantentzeko eta arerioari hortzak erakusteko bide bat dela.

Kale jendetsu zaratatsuetan murgildu gara cofe-shop herrikoi batean mentadun te bat edatera. Handik, berriro kalez kale saltseatzen, taberna modernoago batean sartu gara, Ramallahtik gertuko Taibeh herrian ekoiztutako garagardoa zerbitzatzen duten horietako batean. Horietan bildu ohi dira bidaiari solidarioak, klase ertaineko ezkertiarrak, zein intelektualak. Sarreran hurrengo asteotako ekitaldien berri ematen dute paretetako afixek. Dam, Palestinako hip-hop talde palestinarra, zen jotzekoa eta lagun baten bitartez kontzerturako sarrerak lortu ditugu.

Emanaldia hasita zegoen Ramallahko Kultur Jauregiko aretora sartu garenean. Hura zen buia eta zalaparta 48ko eremuetako raperoek publiko artean eragiten zutena. Batera, neska nerabe batzuek kufiya lepoan jantzita hip-hoparen dantza bizian buruz ikasitako letrak oihukatzen zituzten, bestera, jiyab buruan jantzitako ama batek hankekin doinu erritmikoari jarraitzen zion. Musika errepikakorrez jantzitako aldarrikapen hitzek dantza zoroan jarri zuten emozio berrien egarriak jotako publikoa. Gezurra iruditzen zitzaigun euskaldunoi horrenbesteko zoramena alkoholaren beharrik gabe.

Hurrengo egunean ere, eta hitzartutako bilera guztiak egin ondoren, beste kultur ekitaldi baten berri izan dugu, Taibeh-dun taberna horietako batean jasotako esku paper baten bidez. Horretan beste kontzertu baten berri ematen zuten. Rin Banna, Nazaret-eko abeslari ospetsua inguruetako herri batean zen jotzekoa. Shadik, bertako lagun gazte batek, lagunduta taxia hartu eta Beit A´nan-era abiatu gara. «Garai batean hamar minutu baino ez zen kostatzen iristea, orain, berriz, harresia dela eta, ordubete pasata», kontatu digu taxi gidariak tarifaren garestia justifikatzeko-edo. Beit A´nan Jerusalemeko hiriguneko auzunea da, berez, baina harresiaren bitartez, hiriburutik bereizi eta Zisjordaniako aldean utzi dute, ondorioz, biztanleek hango hiritartasuna galdu dute. Jerusalemeko judeizazio proiektuaren beste emaitzetako bat baino ez da. Berriz ere emanaldia hasita topatu dugu eta azkenengo hilaretan jarri behar izan dugu giroa pil-pilean zegoen eta. Gauak luze jo du.

Mirestekoa da, porlanezko pareten artean isolatuta egonagatik palestinarrek duten bizitzeko grina. Agian, zailtasunak zailtasun, eguneroko bizimodua normaltasunez egiteko ahalegin hori humano sentitzeko estrategia bat da, erresistentzia bide bat.