Portada Brigadas Blog Brigada Palestina Arima errebeldeak, suzko bihotza
Arima errebeldeak, suzko bihotza PDF Imprimir E-mail
Brigada Palestina
11/08/2009

Brigadako seigarren eguna. Hebron. Bihotz zatituen herria. Alde zaharrera 2007an ezagutu ez genuen bide batetik sartu gara. Kontrol postu handia dago bi denda palestinar txikiren aurrean. Porlan berria eta harri zaharra; bihotz ankerrak eta bizimodu duinak. Aurrez aurre. Isiltasuna. Euren artean pasaleku zabala, bloke batzuen bitartez, bi zonalde desberdinetan bereizitakoa: errepiderik zabalena, kolonoentzat. Estuena, palestinarrentzat.


Kontrastea saihesten saiatu eta Monnir agurearen dendatxora hurbildu gara. Han ginela, polizia pasa da (kontrol postukoak ez bezala hauek urdinak ziren; akaso euren bihotzeko kolorea azalarazten zuten euren uniformeek). Galderak egiten hasi zaizkie palestinarrei, datuak konprobatu eta zentzugabeko legeak ezartzearekin mehatxatu. ”Betikoa” pentsatu dut nik ”etxean bezala” eta aurrera jarraitu dugu, Abraham eta Sarah-ren hilobia dagoen Ibrahim meskitara hurbildu garen arte; lehenago jakina, kontrol postua igaroz. Oso leku garrantzitsua omen da hiru erlijiorentzat. Hori ere jakingo zuen Barutz Goldstein odolzaleak duela hamabost urte ia hogeita bost pertsona, tiroka, munizioa amaitu arte, erail zituenean (palestinarrek mementuan eman zioten ordaina). Jakingo zuten modu berean toki esanguratsua zela hura, ”jauntxo” honen harri irudia eraiki zutenek. Suposa zezakeen Israelgo gobernuak meskita hori sakratua dela eta horregatik, segurtasun modu gisa, Hebron hiru zonaldetan banatzea erabakiko zuen agian: H1, H2 eta H3. Guneen izenek israeldar ukitua daukatela ezin uka daiteke. Meskitatik alde zaharrera. Hirugarren kontrol postua kilometro eskasean. Komertzio guztiak itxita. Kirats xumea. Argi eza. Miseria. Arrazoia, bat eta bakarra: Okupazioa. Iluna eta zikina da Hebrongo zonalde zaharra, iluna eta zikina, dendatxoen gainean kolonoak bizi direlako leihotik milaka zikinkeri botatzen dutelarik, kaka multzo hau saihesteko palestinarrek jarri dituzten sareen gainean pilatuta geratzen delarik; argia eskas pasa daiteke. Duela ez horrenbeste zonalde komertziala zena, bizitzera kondenatutako ume eta helduek zeharkatzen duten kale bilakatu dute kolono israeldarrek. Bizitzera kondenatuta daude, bizitzea, bizirautea, arma bakarra delako hemen.

 

Israeldarren saiakerak saiakera, halere, alde zaharrak oraindik ez du bere xarma galdu eta bertako kale historikoek magiaz zipriztinduriko jakinminan murgildu gaituzte. Irri erdia margotu zait, oraindik ere dendatxo batzuk beste modu batean ezin zitekeen legez, tinko ikusi ditudanean. Ume bihurriez inguratutako zuku denda, herrari zaharraren lantegi txikia, emakumeen artisautza postutxoa, zapidenda... Eta horrelako gauzez gozatzeko irrikitan, bidegurutzera heldu gara. Ezagun nituen eskilara kaotiko horiek. Ez dut galdetu: teilatuko familiaren etxera hurbiltzen ari ginela ulertu dut. Arnasa sakon hartu dut, edozer gauza entzuteko prestatu, eta gora.  Begirada horrek bihotza txikitu dit hasieran. Bera zen. Teilatuko neskatoa. Duela bi urte irribarretsu, dotore eta planta ederrarekin, konkistatu gintuen neskatxa, uda hartan ateratako argazki guztien inspirazio. Oraindik ez du irria galdu baina orain txima nahasiek aurpegi zikina estaltzen diote. Aurten ez digu eskua eskaini, oraingoan dirua eskatu digu. Iada ez da bizitzeko gogoa isladatzen bere aurpegian; gaur miseria gordina nabaritu diogu begirada gazte horri. Begiak gogor itxi ditut, malkoei eusteko asmoz eta hurrengo batean negar egingo dudala erabaki dut, badakidalako hemen zorigaitzak ez datozela bakarrik, sarraski batek, tortura ala botatako etxea dakarrela eskutik helduta. Ez naiz gehiegi okertu. Terraza hartako lehenengo gela erabat kiskalita ikustea egokitu zaigu oraingoan eta baita aurreko egunean etxeko txikia jotzera jaitsi ziren soldaduen gorroto aurpegiak ikustea ere. Algara artean bazkaldu dugu gaur, ahaztuta zegoeneko arratsaldeko seiak zirela. Baina irri hauei zerbait falta izan zaie. Gogoz atera ditugu, une batez dena ahaztu eta barre egitearen beharra azaleratu dugu kide guztiek. Baina funtzio honetako txisteek ez dute publiko eskuzabalik izan. Hurrengo batean akaso... Eguneko balorazioa egiteko garaia heldu zaigu eta isiltasunak hitz egin du. Inpotentzia, haserrea, tristura, ezintasuna, etsipena... Guzti hori esan dugu berba bakar bat ere egin gabe. Apurka apurka, sentipen negatiboak askatu ditugu, izena jarri diogu une horri eta emozio hauek guztiak jipoitu dituen ideiarekin joan gara lotara: Herri bat ez da hiltzen berau maite duten guztiei bizitzeko gogoa itzaltzen zaien arte. Eta hori Palestinan ez da sekula gertatuko.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?
 
palestina
Durante estos años la brigada de Palestina se ha llevado a cabo a través del PCHR (Centro de DDHH) y Health Work Commitees, y contactado con diferentes partidos políticos, sindicatos, asociaciones de mujeres y asociaciones de presos políticos con el objetivo de que l@s brigadistas adquieran una visión lo más completa posible de la realidad tanto política como social del país. Las brigadas se han realizado durante los meses de julio y agosto en distintas localidades palestinas: Belen, Ramala, Nablus, Gaza... 

Imágenes Blog Palestina