Portada Brigadas Blog Brigada Palestina Gaza ilunpean: ez da argirik ikusten tunelaren beste aldean
Gaza ilunpean: ez da argirik ikusten tunelaren beste aldean PDF Imprimir E-mail
Brigada Palestina
03/09/2010

[Gaur8 / Koldo Sagasti] Egileak Gazan ikusi eta ikasi berri dituenak kontatzen dizkigu kronika honetan. Okupatzaileen oztopo guztiak gainditu eta gazatarrek aurrera jarraitzen dute. Horretarako, ezinbestekoak dira muga azpiko tunelak.

Goizeko 10.00ak dira, behar baino beranduago, Eretzeko mugara iritsi garenean. 8.00etan heltzea hobe omen da, orduan baita txanda aldaketa Gazako iparraldeko kontrol militarrean; uneko anabasak errazagoa egin omen dezake kontzentrazio eremuan sartzeko ahalegina. Gure harridurarako, ohiko eskaner, itaunketa eta identifikazioez gain, aparteko zailtasunik ez digute jarri mugazain sionistek. Horrenbestez, motxilak hartuta eta sargori itogarri baten azpian abiatu gara Gazara bide ematen duen hesitutako korridorean barrena. Kilometro erdi pasata egin dugu uralitazko sabaiarekin estalitako tunel estuan palestinarrek kontrolatutako muturrera iritsi garen arte.

Taxia hartu eta 200 metro eskasera, Hamaseko segurtasun indarrek zaindutako muga-kontrolean egin dugu geldialdia. Bulego moduan erabiltzen duten metalezko edukiontziaren barruan ohiko galderak egin, argazki bana atera, eta motxilak arakatu dizkigute uniformatutako bizardunek. Bitxia iruditu zait, Armada okupatzailearen tresneria teknologiko ultra-modernoaren aldean askoz baliabide tekniko urriagoak izanagatik, nola saiatzen diren euren kontrolari seriotasun itxura ematen miliziano islamistak.

Azkenik, eta hamaika miaketa, galdeketa eta gorabeheren ostean, ghettoaren barruan gaude; hau da, hitzartutako zitaren topagunerako bidean. Iritsi gara Jabaliya errefuxiatuen kanpamenduko Al Awda ospitalera eta neska gazte batek egin digu harrera «Wellcome to Gaza!» irribarre txikiz esanda. Zerrendako egoeraren inguruan nozio minimo batzuk dauzkan edonork segituan harrapatuko dio ironia kutsua ongietorriari. Palestinarren umore beltzaren beste lagin bat. Aurkezpenak egin eta ospitaleko bisita gidatuarekin konplitu ostean, gure gidari izango den Mahmuoden esku utzi gaituzte iparraldeko auzoetara eraman gaitzan.

Zigor kolektiboaren arrastoak
2008ko abendutik 2009ko urtarrilera Armada israeldarrak burututako erasoan Jabaliya eta Beit Hanun, Gazako zerrendako iparraldeko auzoak, izan ziren, hain zuzen ere, kaltetuenak. Al Awda ospitaletik bertatik hasita, jaurtitako misilen ondorioz kalte larriak jasan zituzten; urte erdiz, duela gutxi arte, ebakuntza-geletara joateko igogailua geldirik izan dute erietxean. Handik abiatu eta birrindutako eraikin batetik bestera jarraitu du bisita gidatu makabroak: F16 israeldarrek bonbardatutako gobernu bulegoak; Hamasen segurtasun indarren egoitzak; fosforo zuri zaparrada jaso zuen NBEko haur-eskola; itsasaldeko hotela; hondartzako aisialdi gunea; Al Andalus izeneko hamabost pisuko etxebizitza eraikina; nekazarien etxaldeak... Eta, noski, txikitutako eraikin bakoitzaren istorioaren atzean, hildakoak. 1.400 lagun inguru izan ziren Armada sionistaren zigor kolektiboaren biktima zuzenak, hiritar zibilak gehienak. Zeharkako biktimak, ordea, askoz gehiago izan ziren.

Halako batean, etenaldi bat egin dugu bidaian hondakinez beteriko orube huts batean gelditzeko. Duela urte eta erdiko triskantzatik bizirik irtendako zazpi familien bizitokia da. Bertan, eta geroztik, 50 lagun inguru bizi dira, lonazko denden azpian, nazioarteko komunitatearen inongo laguntzarik jaso gabe, oso bizi baldintza prekarioetan. Baina ez da kasu bakarra, horrelako hamarka errefuxiatu kanpamendu inprobisatu baitaude Beit Hanun auzoan, han-hemenka. Marka da gero, Gaza barruko desplazatua izatea! Furgonetatik jaitsitakoan lonen azpitik ateratako haur andana batek inguratu gaitu, oinutsik denak.

Munduko beste edozein tokitan, antzeko egoera batean, sos batzuk eskatzea besterik ez zenuke espero izango txikitxo horiengandik. Hemen, aldiz, argazki bat ateratzea baino ez digute eskatu. Mahmoudek kontatu digunaren arabera, bonbardaketetan etxea galdu zutenei 4.000 dolarreko diru laguntza eman die Hamasek. NBEak, berriz, 500 dolarrekoa.

Halere, laguntzak ez omen dira familia guztietara iritsi, alderdi islamikotik gertukoenek lehentasuna izan baitute diruaren banaketan. Inpresio hori bera jaso dugu gidariak berak haren etxera eraman gaituenean. Bizitokia bonbardatutako Hamasen bulego batzuen ondoan zegoen. Misilen xede zuzena ez bazen ere, etxeak kalte larriak pairatu zituen eztandaren ondorioz eta gaur egun arte bertakoek ez dute inongo dirurik jaso; urte eta erdi igaro ostean, auzoko batzuen etxean bizi dira oraindik.

Kaltetuaren ustez, laguntzarik jaso ez izanaren arrazoia Askapenerako Herri Fronteko kidea izatea da, ezkertiarrek ez baitute dirurik jaso ez Hamasetik, ez Aginte Nazionaletik, ezta NBEtik ere. Ikusitakoak erakusten duena zera da: batetik, Israelgo Armadaren erasoa eraso kolektibo indiskriminatua izan zela, eta, bestetik, sarraskiak eta sarraskiak eragindako zehar kalteen kudeaketak islamisten boterea indartu egin dutela zerrendan, indarberrituta atera direla.

Bisita gidatuaren ostean, Gazako Nekazarien Komiteetako zuzendariarekin adostutako hitzordura joan gara. Izan ere, berak emango dizkigu egungo Gazako egoeraren zenbait argibide. Bulegoan sartu eta Gazako zerrendako metro eta erdi bider metro bateko mapa erraldoiak deitu digu arreta. Horixe erabili du, hain zuzen, Mohamed El Bakrik, gure solaskideak, azalpenetarako euskarri gisa. Garai batean nekazaritza zen gazatarren ogibide nagusia; zerrendako azaleratik %50 nekazal lurrek okupatzen zuten. Lehenengo Intifadaren aurretik, israeldarrek 110.000 lan baimenetik gora banatu zituzten Gazako biztanleen artean, eta, nekazari askok, amua irentsita, soroak utzi eta Israelera pasa ziren soldata duinago baten truke lan egitera.

Nekazariak, lurrik gabe
2000tik aurrera, ordea, zerrenda itxi eta lan baimen guztiak bertan behera utzi zituzten eta lurrak lantzera bueltan etorri ziren askok ordurako galduta zuten lurren jabegoa. Bestalde, berez emankorrak diren lur guztiak ere ezin dira landu. Izan ere, Israelgo legedi militarraren arabera, harresitik 300 metrora dauden lurrak eremu militarra dira, eta, ondorioz, palestinarrek ezin dituzte erabili. Murrizpen hori, zenbait tokitan, kilometro batera ere zabaltzen da.

Horiek horrela, nekazaritzako lurren %43, ekialdeko harresiaren parez pare dauden lur emankorrenak, debekatuta daude gazatarrentzat. Ondorioz, eremu horietan garai batean zeuden laranjondo sail eta ortuetatik hondakinez eta hareaz beteriko orubeak baino ez dira gelditzen egun.

Beste aldean, zerrendako hego-mendebaldean, garai batean koloniek okupatutako eremuak daude. 2005eko abuztuan Israelgo Gobernuak Khan Junis eta Rafahko kostaldean zeuden kolonoak atera eta Zisjordaniara mugiarazi zituen. Mugimendu estrategiko hori balizko bake-negoziaketetarako fede oneko keinutzat saldu zioten nazioarteko iritzi publikoari, eta soldadu israeldarren eta kolonoen arteko itxurazko liskarren irudiek munduari buelta osoa eman zioten.

Ondo kalkulatutako jokaldi horren helburuak, berriz, oso bestelakoak ziren. Batetik, koloniak hustutakoan, israeldarrek goitik behera txikitu zituzten hango etxeak eta azpiegiturak, palestinarrek erabil ez zitzaten; bide batez, kolonoen kokalekuek okupatzen zituzten lurrak orube antzu bilakatu zituzten. Bestetik, ordura arte Gazan zeuden kolonoak zehar kalteak jasan zitzaketen Armadaren balizko eraso bortitz batean, eta, handik mugiarazita, ordura arte erabiltzerik ez zuten txikizio handiko armak erabiltzeko oztoporik ez zuten; besteak beste, gerora jaurtiko zituzten fosforo zuria eta barreiatze bonbak.

Baina nekazariei zein kontzentrazio eremuko biztanle guztiei gaur egun eragiten dien arazorik larriena urarena da, zerrendako ur baliabideen erabateko kontrola israeldarrek baitute. Gaza kostaldean izanda, ur iturri guztiak ekialdetik datoz Mediterraneoan itsasoratzera; hortaz, Israelekiko ekialdeko mugan okupatzaileek eskura daukate ur jario hori moztea. Ur-emaria moztuta zerrendako lur azpiko putzuak husten dira eta itsasoko ur gaziak hartzen ditu. Horrela, Gazan zeuden ur putzu guztiak baliogabetu egin dituzte eta bertako 1.700.000 biztanleei bi irtenbide baino ez zaizkie geratzen: itsasoko ura edan edo ura israeldarrei erosi.

Okupazioak kaltetutako beste sektoreetako bat arrantzarena da. Osloko akordioetan 21 itsas-miliako eremua onartu zieten gazatarrei arrantzan aritzeko; hortik aurrera, Israelgo Armadaren kontrolpean egongo ziren urak. Eremu hori, baina, gero eta gehiago murriztu dute eta gaur egun 35 kilometroko kostaldea badute ere, bi itsas-miliako distantziara baino ezin dira sartu Gazako arrantzaleak; harago joaten ausartuz gero, Armada sionistako ontziek inongo gupidarik gabe bonbardatzen dituzte.

Arrantza, ia debekatuta
Erabil dezaketen ur eremu txikian arrain txikiak besterik ezin dituzte harrapatu arrantzaleek, eta, ondorioz, herri populatua elikatzeko arraina israeldarrei erosi behar izaten diete gazatarrek. Arrantzan aritzeko esparrua murrizteko erabakiaren atzean, gainera, 35 itsas miliako sakoneran urpean dauden gas hobien kontrola dagoela susmatzen du Mohamedek.

Orduak daramatza Mohamedek gure galderei abegikortasunez erantzuten, paperezko zapi batekin kopetatik behera darion izerdia behin eta berriz sikatzen duen bitartean. Airea itogarria bilakatzen ari da gela barruan eta haizagailuak giro bero biziatua nahastu baino ez du egiten. Halako batean, bulegoko haize iturri bakarra eten da... Berriz ere joan egin da argindarra.

Irribarre maltzurra egin digu nekazarien elkarteko buruak eta hori eguneroko kontua dela esanez jarraitu du bere jarduna. Garai batean zentral elektriko bakarra zegoen Gazako hegoaldean. Azpiegiturak zerrendak kontsumitzen zuen argindarraren %80 sortzen zuen. 2006ko udan Armada sionistak bonbardatu eta larriki kaltetu zuenetik, zentralak behar duten energiaren %20 besterik ez du sortzen; hortaz, gainontzeko %80a israeldarrei erosi beharrean daude.

Okupatzaileei argindarra sortzeko beharrezkoa den erregaia erosi eta Gazara bidaltzea Palestinako Aginte Nazionalaren ardura da, baina, Fatah eta Hamasen arteko botere borrokak direla medio, ez batak ez besteak ez dute zerrenda erregaiz hornitzeko ardura betetzen. Ramala zein Gazako gobernuek hornikuntza elektrikoa bermatzen ez badute, nola demontre lortzen da zenbait tokitan ikusten den argia?

Nire kezka jakinarazi diot gure solaskideari eta berriz ere irribarre maltzurra eginez erantzun dit: «Bihar ikusiko duzu». Agurtu dugu nekazarien burua eta abiatu gara merezitako afaria hartzera. Iluntzen hasi da. Ramadana da, eta, eguneko baraualdiaren ostean, bizitzak gainezka egiten du, baita Gazan ere. Jendea familia artean afaltzera biltzen da, edo Ramadaneko telenobela ikustera, edo kalean ibiltzen da. Iluntasuna ia erabatekoa bada ere, han-hemenka argiak ikusten dira; gehienak denda zein kafetegietan, gutxi batzuk etxeetan. Eta, argiak indarrez elikatzeko, gasolina bidezko generadoreak behar dira. Lanean ari diren milaka generadoreek burrunba berezi batean murgiltzen dute Gazako gaua, askori lo egiteko arazoak eragiteraino. Iluntasuna eta motorren zurrumurrua.

Tunelak bisitatzeko aukera
Goizaldean, Kharim etorri zaigu bila, Mohamedek bidalita, hegoaldera joateko. Rafah dugu helburu, Egiptoko muga aldean. 2002ra arte mugaz alde batera eta bestera hiri bakarra zegoen; gerora, ostera, Israelgo Armadak milaka etxe birrindu zituen palestinarren aldean Philadelphia korridorea izeneko segurtasun esparru bat eraikitzeko, eta burdinazko pareta bat ere altxatu zuen muga banatzeko. Hegoaldeko muturrera iritsi ahala, gurdi eta kamioen joan-etorriak deitu digu arreta, inguru horretan zama garraioen mugimendu handia dagoen seinale. Eta Philadelphia korridorearen parean, garai batean Caterpiller bulldozerrek birrindutako etxeen hondakinen gainean, ehunka lonazko dendak muga azpiko korridoreen sarbideak ezkutatzen dituzte. Gure harridurarako, munduko gauzarik ohikoena izango balitz bezala, gure gidariak harantz eraman gaitu.

Orubearen sarreran Hamaseko soldaduek zamen garraioa kontrolatzen dute, eta, Estatu normalizatu bateko mugazainak bailiran, dagozkien zergak kobratzen dizkiete tuneletatik estraperloan sartzen diren produktuei. Kharimek denda baten atariraino eraman gaitu eta barrukoekin solasean hasi da. Barrukoek hasieran mesfidantzaz begiratu badigute ere, azkenean txantxa giroan sarrarazi eta zuloan murgiltzera gonbidatu gaituzte.

Sarrera bi metroko diametroa duen borobila da eta 30 metro barneratzen da lur sakonean. Plataforman sartu eta mekanismoa martxan jartzen duen palankari eragin diote. Behera iritsitakoan harean zulatutako metro bateko zabalerako korridore batean barruratu gara. Korridorearen sabaian Egiptotik Gazara elektrizitate sorgailuak elikatzeko gasolina garraiatzen duten hodiak erakutsi dizkigute. Horra hor nire kezkei erantzuna!

Txikizio handiko... azukrea!

Aurrera jarraitu dugu tunelean. Buelta emateko garaia dela esan diguten arte ibili gara. Ez da argirik ikusten beste aldean. Gidariak esan digu kilometro bat baino gehiagoko luzera duela tunelak. Atera gara aire zabalera. Israelek txikizio handiko armatzat dituen produktuak mugitzen dihardute batetik bestera. Zakuen edukia erakutsi digute: azukrea, ikatza, porlana... Munduko laugarren Armadarik boteretsuena ikaratzeko moduko zamak. Iritsi zaigu Gaza uzteko ordua. Port Aventurako bisita bukatutzat eman izan bagenu bezala, sarrerako uniformatutako bizardunak agurtu eta hasierako sarbidera abiatu gara, Eretzera. Kharimek lagundu digu burdinazko ate birakarietaraino. Guk zeharkatu ditugu eta bera atzean gelditu da, ziegatik atera ezinik, eskuarekin agurtzeko imintzioa egiten. Aurrera segitu dugu kontzentrazio eremutik aterako gaituen korridorean. Begiratu dut berriz atzera Kharim hor dagoela egiaztatzeko eta orduan argi ikusi dut. Ez dago argirik tunelaren beste aldean.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?
 
palestina
Durante estos años la brigada de Palestina se ha llevado a cabo a través del PCHR (Centro de DDHH) y Health Work Commitees, y contactado con diferentes partidos políticos, sindicatos, asociaciones de mujeres y asociaciones de presos políticos con el objetivo de que l@s brigadistas adquieran una visión lo más completa posible de la realidad tanto política como social del país. Las brigadas se han realizado durante los meses de julio y agosto en distintas localidades palestinas: Belen, Ramala, Nablus, Gaza... 

Imágenes Blog Palestina