Portada Brigadas Blog Brigada Venezuela 5. kronika: Gerra mediatikoari aurre!!
5. kronika: Gerra mediatikoari aurre!! PDF Imprimir E-mail
29/09/2014

"Denetariko iritziak biltzen dituen egunkaria nahi zuen Chavezek, alderdi guztiek, aldekoek eta kontrakoek lekua izango zuten egunkari bat". Hala gogoratu du Carlos Ortizek, Correo del Orinoco egunkariko zuzendariordeak, komandantearen asmoa. Bost urte bete berri ditu egunkariak, Caracasen ekoitzi eta herrialde osora 50.000 ale zabaltzen dituena. Simon Bolivarrek 1818an sortutako izen bereko egunkariaren lekukoa hartu zuen; lau urte eta 133 ale argitaratu zituen Correo del Orinoco zaharrak. "Askeak gara, herrialde aske batean bizi gara eta ez diogu irakurleari iruzur egin nahi", zen haren lelo nagusia.

Brigadarekin egunkariaren erredakzio txikia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu, Caracas erdiguneko Dimase eraikinean. 2009ko uztailean egunkaria abian jartzeko enkargua egin zion Chavezek Venezuelako kazetari ezagun bati, Vanessa Daviesi; El Nacional egunkarian aritu zen hainbat urtez eta Venezolana de Television telebista katean ere arrakasta handiko elkarrizketa saioa aurkeztu zuen urteetan. Hala, informazio olde hegemonikoaren aurrean, iraultzaren aldekoen hedabidea izateko helburuarekin jaio zen egunkaria. Lehen editorialean zera idatzi zuen Chavezek: "Egiaren kazetaritza jorratuko du egunkari honek, beti iraultzailea izan dena eta izango dena; interes inperialistek askatasuna eta herrien arteko batasuna ukatu nahi digute, eta horri aurre egiteko jaio da Correo del Orinoco".

Daviesek egunkari progresista moduan definitu zuen Correo del Orinoco sortu berritan, aberriarekin konpromisoa duena, Iraultza bolivartarrarekin eta Hegoamerikako iraultzekin: "Herrien defentsa da helburu nagusia, herrialdeek bizi dituzten aldaketa prozesuen benetako ikuspegia emango duena". Halako egunkari bat beharrezkoa zela nabarmendu zuen Daviesek, kalitatezkoa: "Ez dugu gobernuaren egunkaria egingo, ezta gertakarien inguruko gezurrak esan edo ezkutatzen dituena, baina are gutxiago informazioa manipulatzen duena, egun ditugun egunkari gehienek egiten duten moduan".

Bost urte hauetan Correo del Orinocoren kontrako "erasoak" izan direla gogoratu du Ortizek, harekin izandako bileran. Gobernuaren aginduetara egotea, ofizialista izatea eta euren esku baliabide ugari izatea leporatu diete: "Eta badakite hori ez dela egia; iritzi guztiak kontuan hartu ditu egunkari honek hasieratik eta hartzen jarraituko ditu, eta baliabideei dagokienez, eskasak direla ez dago esan beharrik...".

Correo del Orinoco baino egun batzuk lehenago, 2009ko abuztuaren 8an, jaio zen Ciudad de Caracas egunkaria ere, antzerako irakurle kopuruarekin. Beharbada ideologikoki hori da Correo del Orinocorekin antzekotasun gehien duen egunkaria, baina lurralde osoa beharrean Caracas hiria du ardatz nagusi. Bolivar plaza ondoan du erredakzioa eta hori ere bisitatzeko aukera izan du Brigadak. "Eguneroko iraultza" du lelo egunkariak, herritarrekin batera, borroka mediatikoan parte hartzeko konpromisoa duena. Hiriburuko bazter guztietan gertatzen dena kontatzea du helburu, Joaquin Villegas egunkariko zuzendariak azaldu moduan; Caracasen antolatuta dauden talde guztien berri ematen du egunkariak, auzo kontzejuetatik hasi eta kultur elkarteetara. Kazetariak idatzitako albisteekin batera, gainera, herritarrek eurek idatzitako kolaborazio iritzi artikuluentzako lekua ere badago bertan. Informazio hori auzo guztietara heltzeko asmoarekin, dohan banatzen dute egunkaria.

Komunitateetako hedabide alternatiboak nabarmen ugaritu dira herrialdeko iraultza prozesuarekin batera. Auzo elkarteetako egitasmoak ezagutarazteko lana egiten dute, bertako talde politiko, kultural eta sozialen bozgorailu moduan. Catia TVe moduko komunikabide alternatiboak giltza izan dira herritarren komunikazio lana sendotu eta estatuko oligarkiaren hedabide pribatuek eskaintzen duten informazio erauntsiari aurre egiteko.

“Auzoak auzoarentzat egindako lana”. Hori da Catia TVe telebista katearen muina, Hegoamerikako komunikazio alternatiboetan aitzindidaria, bertako lankideek azaldu moduan. “Ez ikusi telebista,  egin ezazu”, goiburu horrekin jaio zen 2000. urtean  Manicomio zineklub politiko eta kulturaletik, Manicomio auzoan; hasieran emisio klandestinoak egiten zituzten, 2001ean ofizialki emititzen hasi zen arte. 2002ko apirilean, Hugo Chavezen kontrako estatu kolpea eman zen egunetan bertan behera utzi zuten emisioa, komandanteak kargua berreskuratu zuen arten, azkenik, 2003ko uztailaren 10era arte jarraitu zuten emisioek; Alfredo Peña Caracaseko alkateak euren eraikinetik atera zituen, eta urtebete beranduagora arte ez zuten eraikin propio batetik emititu, Catia auzoan Caño Amarillo metro geltokitik gertu dagoen eraikinetik.

Kamera eskuan, euren saio propioak grabatzeko aukera dute Catiako auzokideek eta eurek sortutakoa Caracas osora zabaltzeko. “Uste dugu, lubaki txiki honetatik lanean jarraitu behar dugula, eta ezin dugula burua makurtu, hedabide handi horiek desmitifikatzen jarraitu behar dugu”, aipatu du bertako kazetarietako batek. Bertan, auzoari ahotsa ematearekin batera, Caracas eta hiritik kanpoko beste hainbat telebista komunitario abian jartzen lagundu dute, euren saio propioak ekoizten dituzten  telebistak. Formakuntza politiko herrikoia sendotu eta kontzientzia iraultzailean eragiteko tresna aproposa da Catia TVe, besteak beste, Escuela de Cuadros moduko tertulia saioekin.

Telebistak ez ezik, irrati alternatibo ugari dago Venezuelan, eta horietako bat da Al Son del 23, izen bereko auzoan. Entretenimenduaz harago, funtzio soziala duten ehunka irrati libre daude herrialdean. ANMCLA Hedabide komunitario libreen eta alternatiboen elkartean 300 hedabide daude egun. Informazio aniztasuna eta pluraltasun kulturala dituzte ardatz, eta auzokideen arteko sareak osatzea helburu.

Al Son del 23 irratiko zuzendari Juan Contrerasek azaldu moduan, 2002ko apirileko Estatu Kolpeari erantzuna emateko gogoz sortzen joan zen irratia, herritarren batasunaren ondorioz. 2005ean jaio zen, ohiko irrati kateen artean lekua eginez. Ohiko irratiek auzoko gertakari ilunenak nabarmentzen zituzten, eta bestelako errealitate bat erakusten saiatu da irrati alternatiboa. Auzoko kontzejuen lanak, kirol jarduerak, kultura ekitaldiak. “Antolatzen diren herritarren ahotsa izan nahi dugu, kontzientzia handiagoa dutenena, iraultzaren benetako protagonistena”, nabarmendu du Contrerasek.

Gobernu bolivartarraren politika nagusietako bat herritarrak aske eta burujabe izateko beharrezko tresnak herriaren esku jartzea izan da, tartean horrenbesteko indarra duten hedabideak. Correo del Orinoco, Ciudad de Caracas, Catia TVe, Al Son del 23… gero eta gehiago dira herritarren ahotsa entzunarazteko, gobernutik nahiz herritik, bidea egiten hasi diren hedabideak.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?
 
colombia
En Venezuela la brigada se ha realizado generalmente en el mes de julio con movimientos sociales y organizaciones tanto en Caracas como en la ciudad de Turmero, en el estado de Aragua. En 2008 tuvo lugar en Caracas con una organización de base (el colectivo Alexis Vive) del barrio 23 de Enero. Mediante esta organización nos reunimos tanto con diferentes organizaciones sociales como con medios alternativos intentado conocer la complejidad del proceso revolucionario que vive este país.

Imágenes Blog Venezuela