Portada Especiales #NoTTIPnoCETA CETA. Zer diote kanadarrek?
CETA. Zer diote kanadarrek? PDF Imprimir E-mail
31/05/2017

[Amagoia Eskudero eta Ana Gorostidi*] CETA pil-pilean esku artean dugun Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Askeko Hitzarmena dugu eta entzunagoa den TTIP hitzarmenaren atzeko ate bezala definitu izan da. TTIP (Europar Batasunaren eta AEBen arteko hitzarmena) izoztua dagoela helarazi digute komunikabide gehienek eta hori aprobetxatuz, TTIPk eginiko gardentasunik gabeko bideak baino gardentasun eskasagoa izan duen CETA ari zaizkigu inposatzen.

Hitzarmen honetaz, zeresan handia izan dute gure hainbat adiskide kanadarrek, zeren Nafta-ren (25. urteurrena duen Mexiko, AEB eta Kanadaren arteko Merkataritza Askeko Hitzarmena) esperientzia lazgarria dute. Esate baterako, Nazio Batuen Erakundean egona den Maude Barlow kanadarrak azpimarratzen dituen hainbat puntutatik pare bat aipatuko ditugu. Batetik, familien zorrak maila historikoetara igoak direla dio, eta bestetik, enpresa handien irabaziak, beren zuzendarien soldaten antzera, igoera izugarriak izan dituztela. Noski, kontuan hartuta familien diru sarrerak ez direla igo.

Honi lotuz, CEOEk, Espainiako Azterlan Ekonomikoen Institutuak eta Merkataritza Ganberak 2015eko urrian kaleratu zuten TTIPren txostenean diote kontsumo pribatua urtean %0,98 igoko litzatekeela eta langileen soldata, berriz, %0,72 eskas. TTIPri buruzko txostena izan arren, CETArako ere baliagarri zaigu, zeren azken finean Nafta-rekin lotuak dira AEBak eta Kanada, eta nahikoa du AEBetako enpresa batek Kanadan bulego bat izatea TTIPrekin dituzten helburuak lortzeko. Beraz, azterlan honen arabera, Kanadan gertatu denaren antzera zorpetzea ekarriko liguke hitzarmenak. Gehigarri, txostenak nekazaritzak okerrera joko duela dio; Nafta-rekin ere okerrera jo zuen eta argi dago CETArekin ere kalte izugarriak jasango lituzkeela.

Etxera hurbilduz, errealitateko egoera aztertzen jarriz, soldata jaitsierak dagoeneko pairatzen ditugula azpimarratu beharra dago eta aipaturiko zifrek okerrera jo dezakete. Argi esan izan da materia ez dela sortzen edo deuseztatzen, transformatu baizik eta beraz, enpresa handiek sarrera ekonomikoak igotzeko, herritarrok sarreren jaitsiera izan behar dugu. Ikusi besterik ez da Elkartzenek pobreziaren igoerarekin lotuz azkenik kaleratu duen txostenean idatzirikoa: 8 lagunek 3.600 milioi pertsonak adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina, 2010. urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. Gainera, pobreziaren kalteak herritar ugarik pairatu arren, emakumeak dira gehien jasan behar dutenak. Bada, CETA enpresa multinazionalentzat alfonbra gorria da eta inongo trabarik gabe nahi dutena egiteko bidea irekitzen zaie, non, pobreziak igoera galanta izango lukeen.

Esate baterako, Kanadako Edgewater enpresak arbitraje-epaimahai pribatuengana jotzearekin mehatxatu zuen Espainiako Gobernua 2015. urtean. Badirudi, Galizian urre meatze batean tirabirak izan zituela enpresak eta gaia oraindik airean izanik, CETAk izugarrizko erraztasunak ezarriko lizkioke Gobernuak milioika euroko kalte-ordainak emateko. Hau da, enpresa multinazionalari meatzeko ustiapenean gauzak berak nahi dituen bezala irten ez zaizkiolako, herritarrok geure poltsikotik dirua eman beharko genioke.

Kanadak zein EBko hainbat gobernuk (Espainia izanik zerrendako buru), aipaturikoaren antzeko epaimahai pribatu ugari dituzte mahai gainean, non, batzuk galduak dituzten (Kanadaren kasuan, dagoeneko 117,5 milioi dolar ordaindu behar izan die enpresa erraldoiei). Herrialdeetako zein nazioarteko epaimahaien gainetik ezarri nahi dituzte epaimahai pribatu hauek (lehen ISDS eta orain ICS deiturikoak), zeintzuek giza eskubideak zein ekologia basatiki zanpatuko lituzketen.

Egoera honen aurrean, ezin diegu utzi herritarrok txotxongilo bezala erabiltzen eta sokak apurtu behar ditugu. CETA bera, nahiz eta Europako Parlamentuan onartua izan eta behin-behinekotasunean martxan egon, oraindik Europako nazio zein hainbat herrialdetako Parlamentuetan onartua izan behar du. Beraz, gera dezakegu eta honela, ez utzi gutxi batzuei gehiengoaren kaltetan nahi dutena egiten. Espainiako Kongresuan bozkatzear da CETA eta erantzun beharra dago. Horretarako, datorren ekainaren 3an Donostian goizeko 13.00etan Gipuzkoa Plazan burutuko dugun elkarretaratzean, Bilbon goizeko 12.30ean Jesusen Bihotzaren plazatik abiatuz gauzatuko duten kalejiran zein egon daitezkeen beste hainbat mobilizaziotan batu behar dugu Euskal Herrian ditugun eta Kongresuan dauden alderdi politikoei argi eta garbi CETAri ezezkoa bozkatzeko exijituz.

*(TTIP / CETAren aurkako kanpainako kideak)

 
Banner

 

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?