Portada Munduko preso politiko guztiak askatu! 2011 Idazle kurdu jazarrien testigantza: Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani
Idazle kurdu jazarrien testigantza: Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani PDF Imprimir E-mail
Munduko preso politiko guztiak askatu! 2011
16/05/2011

Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani BILBO. Hitzaldia: "Idazle kurdu jazarrien testigantza" Hizlariak: Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani. Gaur, Maiatzaren 16an 20:00etan Gatazka Liburudendan

Euskal PEN Klubak Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari kurdu presoak Ohorezko kide izendatu zituenean 2007an, bien aurkako heriotza-zigorra kentzea lortu genuen. Geroztik hainbat lagun eta senideren esker ona izan dugu, baina Irango erregimenak gogor zigortu ditu. Mokhtar Hooshmand, Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani izan dira horietako hiru, Kurdistanen beren abegikortasuna agertzeak baina, Iranen jazarpena ekarri du. Mokhtar 2010eko udan atxilotu zuten eta preso jarraitzen du. Behzad ere atzeman eta gogor torturatu zuten, besteak beste, euskaldunekin harremana izateagatik. Fidantzapeko askatasuna lortzean ihes egitea erabaki zuen, heriotza zigorra ezartzeko arrisku handia baitzeukan Irango Kurdistango poeta ezagunenetakoa izanik.

Hyro Daneshik gaztetatik jardun du kurduen eta ekologiaren alde. Hiwa Butimar senar espetxeratuarekin batera Irango armadaren gehiegikeriak salatu zituzten, eta Kurdistango basoak berariaz erretzen zutela erakutsi zuten, gerrillaren aurkako taktika gisa. Ondorioz, heriotzara zigortu zuten Butimar, 'mohare' (Jainkoaren etsai) izateagatik. Geroztik Hyrok borrokan jarraitu du, senarraren eta erreprimitutako kurdu guztien alde. Ondorioz, Irango polizia sekretua etxera joan zitzaion bila urtarrilaren 5ean, eta bere bila zebiltzala zabaldu zuten Meriwan hiri osoan. Zorionez, garaiz ihes egitea lortu zuen eta Euskal Herrian daukagu orain.

HYRO DANESHI
Hyro Daneshi 1988ko martxoaren 25ean jaio zen Meriwan hirian. Gurasoak langileak ziren. 1995ean, Daneshik zazpi urte zituela, Irango erregimenak Ali Daneshi bere aitak hil zuen, etxaldean lanean ari zela. Ondorioz, ama alargunak bakarrik hazi zituen zazpi seme-alabak. 2003an Hiwa Butimarrekin ezkondu eta senarrarekin batera lan egitea erabaki zuen. Hala, Meriwango Mendi Berdea GKEko kide bihurtu zen. Irango erregimenak Kurdistango mendietan pizten dituen suteak salatzen ditu elkarteak, beren burua arriskuan jarrita, zauri larriekin askotan, suteak piztean itzaltzera joaten dira mendira. Hainbat argazki eta dokumentu ere badituzte erregimenak mendiak erretzen dituela salatzeko, gerrillaren aurkako estrategia gisa. Hyro Daneshik kazetari lanari ere heldu zion Aso astekarian eta Ashti aldizkarian (biak ere debekatu egin zituzten). 2005ean matematika ikasketak amaitu eta graduatu egin zen. Unibertsitatera joan nahi izan zuen eta 2006an Meriwango unibertsitatean sartu zen Kontabilitatea ikastera. Urte haren amaieran, 2006ko abenduan, Hiwa Butimar atxilotu zuen Irango Inteligentzia Zerbitzuak. 2007an Meriwango Azadi Unibertsitateko Shovar ikasle aldizkariko zuzendari hautatu zuten.

2007ko uztailaren 18an, Hiwa Butimar bere senarra heriotzara zigortu zuen Meriwango Gorte Iraultzaileak. Epaia Auzitegi Gorenak berretsi zuen. Ordutik senarra exekuziotik libratzeko lanari ekin zion eta hainbat giza eskubideetako elkarterekin harremanetan hasi zen, hala nola Kurdish Human Rights Project, Amnesty International, RMMK, eta abar.

2008an Meriwango Mendi Berdea GKEko Zuzendaritza Batzorderako hautatu zuten. Urte berean Chiya aldizkariko zuzendari izendatu zuten. Gauzak okertzen hasi zitzaizkion 2009ko azaroaren 20an: Inteligentzia Zerbitzuek atxilotu eta Meriwango Atxiloketa Zentrora eraman zuten. 2009an masterrari ekin zion, Meriwango Azad Unibertsitatean Kontabilitatea ikasita. 2010eko maiatzaren 12an manifestazio batean parte hartu zuen bost preso politikoren exekuzioak salatzeko (Farzad Kamangar, Shirin Alam Holi, Ferhad Wakili, Ali Heyderiyan eta Mehdi Islamian).

2011ko urtarrilaren 5ean, Inteligentzia Zerbitzua bera atxilotzen saiatu zen. Etxera heldu ziren, baina ez zegoen han. Familiari esan zioten Inteligentzia Zerbitzua bere bila ari zela, mendebaldeko herrialdeentzat espiatzea leporatuta. Bere argazkiak zeuzkaten kartelak jarri zituzten kaleetan, ikusten zuenak salatu zezan. Orduan Irandik ihes egin zuen.

BEHZAD KURDISTANI
Behzad Kurdistani Meriwan hirian jaio zen 1969an. 1986an atxilotu zuen lehen aldiz Irango zerbitzu sekretuak, Meriwan hirian. 1988an Zientzietan diplomatu zen. 1989tik 1991ra Howraman Takht herrian irakasle boluntario aritu zen.

Ikasketekin jarraitu zuen eta 1992an Osasuna eta Gizarte Laguntza ikasi zuen Sanandaj-eko unibertsitatean. 1994An, Sanandaj-eko Medikuntza Unibertsitatean, poeta kurduentzako jardunaldiak antolatu ziren lehen aldiz. Kurdistani hautatu zuten jardunaldiak zuzentzeko. Jardunaldiak amaitu eta astebetera, Inteligentzia Zerbitzuek atxilotu egin zuten Sanandajen.

1995etik 2000ra, Sirveh eta Awene aldizkarientzat egin zuen lan, informazioa eta albisteak bidaltzen, baita bere poemak ere, argitaratu zitzaten. 2000n lehen poema liburua idatzi zuen ‘Ghareti Shamame’ (Shamame ohosten). Ordutik, etengabe jardun zuen Aso, Ashti eta Roj aldizkarietan (hirurak daude debekatuta gaur egun).

2007an Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar atxilotu eta heriotzara zigortu zituzten. Behzad, haien lagun eta giza eskubideen aldeko ekintzailea izanik, hainbat boteredunekin harremanetan hasi zen Hiwa eta Adnan salbatzeko asmoz. Gogor egin zuen lan lagunak ahalik ondoen defendatzeko. Greba bat antolatzeko ere parte hartu zuen, eta langile guztiek (dendariak, irakasleak, eta abar) lanuztea egin zuten, heriotza zigorraren aurka zeuden guztiekin batera jartzeko euren ahotsa. Horren ondorioz Inteligentzia Zerbitzuak atxilotu eta suspenditu egin zuen. 2008an ‘Pechewane Rengeke Le Gishtman Det’ izeneko poema bilduma argitaratu zuen “Aurkaria denoi ondo ematen digun kolorea da”.

2009an beste poema bilduma bat osatu zuen (5/17 sorta), Chikanah izenekoa.  2010eko abuztuaren 22an berriz atxilotu zuen Inteligentzia Zerbitzuak, eta 77 egun eman zituen preso “Segurtasun nazionalaren aurka egiteagatik eta espioitzagatik”. Atxiloaldian zehar sarritan aldatu zuten lekuz Meriwandik Sanandaj hirira. Preso egon zen bitartean, hainbat zigor gizagabe jasan zituen eta etengabe torturatu zuten. Gose-grebari ekin zion atxiloketa salatzeko. Azkenean, atxiloaldian 77 egun eman ostean, larri gaixotu zen eta hainbat gaitz, sendatu gabeko eritasun eta zauri zeuzkan. Egoera izugarrian zegoela jakitun, familiak 50 milioi tuman (36 mila euro) ordaindu zituen Kurdistani bermepean atera zedin atxilotze-zentrotik. Handik hilabetera askatu zuten espetxetik.


Epaitegira joateko agindua zeukan, epaiari buruzko ebazpena egin baitzuten. Baina ez zen joan, muga zeharkatzea erabaki zuen eta Iran uztea, mehatxu ugari baitzeuzkan zigor gogorra (heritoza) ezarriko ziotela ziotenak, akusatutako krimena oso larria baita.

 

 
Banner

TWITTER KI