Portada Noticias Asia Otras noticias de Asia Jude Lal Fernando: «Ideologia faxista, sinhalarra eta nazionalista sortzeko batu da eskuina Sri Lankan»
Jude Lal Fernando: «Ideologia faxista, sinhalarra eta nazionalista sortzeko batu da eskuina Sri Lankan» PDF Imprimir E-mail
25/06/2010

[Berria / Ianire Renobales] Sinhalarra izanda ere, tamilen eskubideak defendatzen ditu Jude Lal Fernandok; errepresioa dela eta, uhartetik alde egin behar izan zuen, eta, geroztik, mundu zabalean ari da hango errealitatea ezagut dadin.

Jude Lal Fernando (Sri Lanka, 1963) sinhalarra da jaiotzez, baina tamil herriaren eskubideak defendatu ditu beti. Irlandan bizi da egun erbesteratuta, arrazoi politikoak direla tarteko, eta tamilen egoeran berri ematen ari da mundu zabalean. Sri Lankako Bakearen Aldeko Foro Irlandarraren sortzaileetako bat da, eta Herrien Aldeko Auzitegi Iraunkorraren kidea. Komite Internazionalistak gonbidatuta izan da gurean, eta gerra amaitutzat eman eta urtebetera uhartean egoera zein den azaldu du.


Zertan da egoera uhartean gerra amaitutzat eman eta urtebetera?
Sri Lankak ez du ez atzera ez aurrera egiten, oposizioak ez du indarrik, sekula izan duen eragin txikiena du egun, eta eskuinaren eskuetan dago estatua. Argi dago gerra amaitu eta urtebetera, indarra berreskuratzen ari dela, baina errepresioa ez da amaitu. Adiskidetzeaz eta bakeaz hitz egiteak ez dauka zentzurik herrialdean.


Gobernuak kontzentrazio esparruetan sartu zituen tamilak gerra bukatu ostean. Gelditzen al da inor eremu horietan?

Gobernuak zehazki 300.000 tamil inguru izan ditu atxikita gune lasaigarriak deitu dituen horietan. Nazioarteko komunitateak, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Indiak iheslarien eremuak deitzen dituzte; baina errealitatea oso bestelakoa da. Kontzentrazio esparruak dira, juduentzat egon ziren esparruen antzekoak. Gainera, milaka gatibu politiko daude, eta inkomunikaturik mantendu dituzte. Egun, inork ez daki horietako asko non dauden, ez dute izenik, ezta identifikazio zenbakirik ere. Hala ere, tamilen eremuko buruzagi militar batzuek, iazko abenduan jendaurrean esan zutenez, LTTEko ustezko 12.249 gerrillari daude oraindik uhartean. Inork ez daki kopuru hori txikiagoa edo handiagoa den, eta inork ez ditu gatibu politikoak deitzen. 12.000 lagun, eta ez dakigu non dauden.

Denak atera al dira?
Ihes egitea ezinezkoa zen. 300.000 pertsona bakartuta izan dituzte, kontrolatuta. Gobernuak esaten du hainbat lurraldetara alde egiteko baimena bazutela, baina lurralde horiek kontzentrazio eremuen luzapenak baino ez ziren.

Euren jaioterrira itzultzeko aukera izan al dute?
Gehienek ezin izan dute bueltatu, ez zuten baimenik. Hori dela eta, gehiengo zabal batek oztopoak aurkitu ditu mugitzeko.

Mahinda Rajapaksa presidenteak uko egin dio gertatutakoa argitzeko nazioarteko ikerketa bat egiteari. Sarath Fonseka armadako buru izandakoa mehatxatu egin du ezer esatekotan urkatu egingo dutela esanez. Onartuko al du azkenean ikerketa?

Kriminalari krimen bat aitortzea eskatzea bezala izango litzateke. Dublingo auzitegiaz gain, beste inork ez du martxan jarri ikerketak egiteko ekimenik. Fonsekari dagokionez, horixe da herrialdean gertatzen dena. Militar komandante asko ez dira aske adierazpenak egiteko; hala ere, gertatutakoaren erantzuleak ere badirela ez da ahaztu behar.

Adierazpen askatasunik ez.

Sinhalarrak dauden lekuetan ez. Gobernuaren kontrolpean daude hedabide gehienak; bertan, giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak hil dituzte, eta beste batzuk desagertu egin dira. Sri Lankan ezin da egon oposiziorik. Eskuina batu egin da ideologia faxista, sinhalarra eta nazionalista sortzeko, eta ideologia horrek mantentzen du estatua. Horixe da urtebetera herrialdean dagoen egoera. Nazioarteak ere begiak ipini ditu hemen. Indiako, Thailandiako, Latinoamerikako eta Egiptoko legeetan adituak, giza eskubideen aldeko erakundeak edo bakea lortzen saiatzen diren ekintzaileak, besteak beste, egoera aztertzen aritu dira eta frogak eskaini dituzte; bideoak, argazkiak, satelite bidez hartutako irudiak... Sri Lankako Gobernuak gizakien aurkako gerra krimenak egin zituela agerian uzten dute froga horiek guztiek. Nazioarteko krimen bat da, eta inork ez du honi buruz ezer esan nahi.

Gobernuak eta tamil tigreek, baina, negoziazioak abiatu zituzten.
Bai, 2002an bakerako prozesu bat hasi zuten; Norvegiak egin zituen bitartekaritza lanak. Pausu horrek adierazten du nazioarteak arazo politikoa, ez terrorismo arazoa, dagoela aitortzen duela. Garai hartan LTTEk tamilen lurraldearen %70 kontrolatzen zuten, eta munduak jakin bazekien tamilek beraien herrialdea antolatzen bazekitela. 2002. urteko otsailean bake hitzarmena sinatu zuten; sinhalarren eta tamilen pentsamoldeak ez zeuden gerrarako prest. Baina kanpoko bitartekariak sartu ziren elkarrizketa horietan. 2004an tsunamia gertatu zenean egoerak okerrerantz egin zuen nabarmen; hala ere, 2005ean herrialdean giza laguntza banatzeko akordioa sinatu zuten tamil tigreek eta Gobernuak. Rajapaksak hauteskundeak irabazi zituenean, ordea, dena behera etorri zen.

Nolakoa da bi taldeen arteko harremana?
Polarizatuta daude harremanak. Sinhalarren komunitateak mugitu du balantza, irabazle eta nagusi sentitzen dira. Errespetua galdu dute neurri batean. Geroz eta harreman txarragoa antzeman daiteke herrialdean. Batzuek adiskidetasunaz hitz egiten dute. Baina nola litzateke posible baketze bat erantzukizunik ez baldin badago? Jokabide txarrak izan zituzten, eta hori onartu behar dute.

Zu sinhalarra zara. Ohikoa al da komunitate horretakoek tamilak sostengatzea?
Ni sinhalarren talde gutxiengo baten parte naiz. Sinhalar aurrerakoiak gara, baina talde murritza gara. Gehienak herrialdetik kanpo bizi gara, jazarpena dela eta. Bake ekintzetan dihardugu atzerritik, hango egoera ezagut dadin. Bertan ez dago ezkerreko indarrik, eskuinak kontrolpean baitu ia guztia.

Gerra benetan bukatu dela uste al duzu?
Gatibu politikoak egon direla aitortzen ez den bitartean, ez. Tamilak ondo sentitu arte, bazterketa amaitzen ez den bitartean, ez. Sinhalarren komunitatearen jarrera aldaketa bat ematen ez den bitartean, ez. Nazioarteak esku hartzeari uzten ez dion bitartean, ez. Gerran erantzukizuna izan dutenek errua bere gain hartzea behar dugu.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?