ZAD (Zone A Défendre): topaketa eta elkartasun bira Euskal Herritik Imprimir
21/04/2017

2016ko Euskal Herria Zuzenean festibalaren kari, bidelagun berriak errezibitu genituen : Bretainiako Notre-Dame-des-Landes lurraldean bizi diren zadistak. Haietariko batzuek gure festibalaren muntaketan eta konferentzietan parte hartu zuten, baita Hego Euskal Herrian burutu informazio bilkura publikoetan. Euskal Herritik hogeita hamar lagun inguru joan ginen ondotik ZADera, han gertatzen dena ezagutu eta auzolanetan parte hartzeko. Batak bestea elikatzen duen topaketa izan zen hura, bi zentzuetan aberasgarri diren ereduak eta praktikak partekatzeko.

Lehen elkarlan horrek Euskal Herriko beste talde eta elkarte batzuk interesatu ditu geroztik, hemen ere ugari baitira ekologian, laborantza biologikoan, autogestioan, desobedientzian edo internazionalismoan kolektiboki eragiten duten esperientziak eta proiektuak.

Guzien arteko harremanak sendotu nahian, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko dituen bira berria iraganen da heldu den apirilean eta maiatzean, ZADetik etorriko den lagun talde batekin. ZAD gaur egun zertan den zuzenean azalduko digute : nola antolatzen diren, zein harreman dituzten aireportuaren kontrako beste elkarteekin, zer aurreikusten duten Frantziako hauteskundeen ondotik… ZADen datorren udan bultzatuko diren ekimenak aurkeztuko ditugu ere, nazioarteko herrien eta borroken etxolaren eraikuntza, agorrilean brigada berri baten antolaketa eta han iraganen den kanpaldi handi batean parte hartzea.

Herri kultura eta alternatiba anitzak sustatu, bizi eta jarduera parte hartzaileak martxan jarri, erresistentzia molde desberdinak hurbildu… Lekorneko, Euskal Herriko, ZADetako eta munduko sorgin zelaietan, balore horiek kontzeptu soilak ez direla sinetsirik, han-hemenka sortzen ari diren iniziatibak trukatzea dugu orain xede, epe luzean dinamika berri eta bateratuak asmatzeko.

Biraren hitzorduak :

Apirilak

– 25. Baiona, 19:00 Epaiskan

– 26. Getxo, 19:30 Tosun

– 27. Hendaia, 19:30 Gaztetxean

– 28. Ainiza-Monjolose, 20:30 EHLGn

– 29. Atharratze, 19:00 Xahoenean

Maiatzak

– 2. Altsasu, 18:00 Gaztetxean

– 3. Gasteiz, 19:00 Gaztetxean

– 4. Beasain. 19:00 Gaztetxean

– 5. Lezo. 18:30 Txerrimuñon

– 6. Donostia. 16:00 Bulebarrean