Joaldunen deiadarra Euskal Herritik Palestinara Imprimir
07/06/2010

[Judimendiko Joaldunak] 2006ko uztailean joaldun talde bat Euskal Herriko mendietatik jaitsi eta Palestinarako bidai batean ontziratu ginen helburu bikoitz batekin; gure zintzarrien burrunbaz gure jendea esnaraztea, begiak ireki eta palestinarrek pairatzen duten gupidagabeko okupazioa ikus zezaten, batetik, eta isopoak airera astinduz sionismoaren mamuak uxatzea, bestetik. Uda hartan garai latzak bizi izan zituzten palestinarrek, israelgo armadak Libano hegoaldea inbaditu eta Gazako zerrendaren gainean bonba zaparrada jaurtitzen baitziharduen, hala eta guztiz ere, eta giroa gaiztotuta bazegoen ere, harrera ezin hobea egin ziguten zintzarridun zoro kuadrillari. Orduan jende duin horren esker onaren eta abegikortasunaren lekuko izan ginen, eta halber, batetik besterako Zisjordania barruko bidaietan geuk ere pairatu genituen geure larruan armada okupatzaileak Palestinako populazioari egunero ezartzen dizkion trabak eta mugak, hori guztia, palestinarrei gure era apalean elkartasun keinu txiki bat helaraztearren.

Egunotan sionismoaren mamuek, burutu duten azken odol-festaren bidez, abisu bat bidali nahi izan diete mundu osoko solidarioei: ez dutela mugarik, ez direla ezeren aurrean geldituko euren erregimen arrazista ezartzearren, ez dutela errukirik izango euren egitasmoarentzako traba den inorekin, ez dutela inoiz euren odol egarria asetuko. Bada garaia, beraz, gure joareak inoiz baino ozenago astintzeko eta deiadar hau mundura zabaltzeko: duintasun izpi bat geratzen zaigun artean ez dutela elkartasuna geldiaraziko. Jarrai dezagun Palestinan lekuko ezerosoak izaten eta esan diezaiegun ozen sionistei ez direla ongi etorriak gurean, egin deiezaiegun boikota israelgo ordezkariei eta jarrai dezagun joareak jotzen, astin ditzagun harik eta euren burrunbaz apartheidarren harresiak txikitzen ditugun arte.