Iberdrolaren aurkako kontzentrazioa akziodunen batzarran Imprimir
31/03/2014

Inoiz ez bezalako krisi sistemiko, ekonomiko, energetiko, ekologiko eta etikoa bizi dugu gaur egun. Hala ere, bien bitartean, konpainia transnazional eta banku handiak etekinak pilatzen ari dira etengabe, energia ekoitzi eta ekoitzi, erreparatu gabe benetako beharrizanei, ekoizpenean erabilitako metodoek dakartzaten inpaktuei edo ingurumenean eta gizartean eragingo dituen baliabideen murrizketei. Azken urteotan, transnazional berriak nabarmendu dira, bereziki espainiarrak, batez ere, Latinoamerikan izan duten hazkundeari esker. Izan ere, konpainia horien irabazien erdia kontinente horri dagokio (geurea baino are sarraskituago dagoena). Gure ekonomiaren egoera edozein dela, multinazional horiek beste ekonomia batzuk espoliatzen ari dira. Forbes zerrendan, transnazionalen artean, 124. postuan ageri da Iberdrola, eta urte hauetan guztietan ez dio etekinak izateari utzi. Iberdrolak 2572 milioi euro garbi irabazi zituen 2013an. Bien bitartean, gero eta jende gehiagok ezin du elektrizitatea ordaindu. Hainbat gobernuren laguntzaz, argindarraren tarifa % 323 igo da, guztira. 

Iberdrolako presidente Ignacio Sánchez Galánek Japonian bere maila dutenek baino 30 aldiz gehiago kobratzen du eta Alemaniakoek baino 5 aldiz gehiago. Gobernuek transnazional hauen alde eta herritarren kontra egiten jarraitzen dute. Ez da batere harritzekoa, kontuan izanda hainbat politikari garrantzitsuk Iberdrolan lan egiten amaitu duela (adibidez, Ángel Acebes, Georgina Kessel, Fernando Becker, Manuel Marín edo, azkena, Ignacio López del Hierro).

Iberdrolak publizitatean bere burua berdez jantzi nahi duen bitartean, salatu beharra dago bere negozioaren zati handi bat energia nuklearrean oinarritzen duela, oraindik ere. Espainiako 6 zentral nuklearren akzio ugariren jabea da, tartean, Garoña, zentral nuklear zaharkitua, hainbat istripu izan dituena eta, tamalez, ospetsu egin den Fukushimaren oso antzekoa. Iberdrolak orain zentrala ireki nahi du, eta milaka lagun arriskuan jarri. Bestalde, Iberdrola etekinak egiten ari da Brasilen, urtegi erraldoiak eraikitzen. Ingurumen-kalte larriak ekarriko ditu Amazonian eta indigenen hainbat herritan, euren lurretatik kanporatuak izango direlako. Proiekturik eztabaidagarrienen artean Belo Monte (munduko urtegirik handienetako 3.a), Teles Pires eta Bajo Iguazú urtegiak daude (lehenengo biak, Amazonas erdian; hirugarrena, izen bereko urjauzientatik eta eremu babestutik gertu).

Urtegi handiez eta presa hidroelektrikoez aparte, Tehuantepec istmoko makroparke eolikoetan parte hartzen ari da Iberdrola. Makroparke horretan ekoitzitako energia transnazional handiak elikatzeko erabiltzen da, ez bertako herritarrak energiaz hornitzeko. Makroparke horiek eraikitzeko, bertako betidanik nekazaritzatik bizi izan diren biztanleei lurrak kendu dizkiete, zarata-inpaktu handiak sortarazi dituzte, eta istmo horretan funtsezko igarolekua duten hegazti migratzaileengan eragin handia izan dute. Gainera, gogoratu beharra dago Iberdrolaren negozioaren zati handi bat munduko hainbat lekutan dituen zentral termikoetan oinarritzen dela. Zentral horiek oso kutsagarriak dira, aldaketa klimatikoa bultzatzen dute, eta behar izaten dituzten erregaiak herrialde txirotuetatik erauzten dituzte, era berean, ingurumen- eta gizarte-inpaktu handiak sortarazita, hau da, zor ekologikoa.

Bien bitartean, azpikontratez aprobetxatzen dira. Nahi dutenean amaitzen dituzte enpresa horien zerbitzuak, eta eskubiderik edukiko ez balute bezala tratatzen dituzte langileak. Gogoan ditugu Konekta, Incoes aeta Electropazeko langileak, besteak beste. Ez dugu ahaztu behar udalak Iberdrolarekiko izan duen faboritismoa: Bilboko udalak 19,4 milioi euro eman zizkion multinazionalari, bere dorre erraldoia eraikitzeko.

Baina, hasieran esan dugun bezala, krisialdiaren erdian egonik, alderdirik larrienetako bat tarifa elektrikoaren etengabeko igoera da (4 igoera egon dira 2013an, eta beste bat 2014ko urtarrilean), Iberdrola bezalako enpresek inposatua (publizitatean inbertsio handia eginda). Enpresa horiek ez dira horren gaizki pasatzen ari, batetik, diru publikoz lagunduta daudelako, eta, bestetik, tarifa horiek ordainduko dituztenak gero eta txirotuago dauden herritarrak direlako. Horrenbestez, asteburu honetan iragarri den bezala, 578.628 bezerori elektrizitatea kendu zien Iberdrolak 2013an, Estatuan, fakturak ez ordaintzeagatik. Enpresa elektriko guztien artean, 2012an, 1,4 milioi etxebizitzatan kendu zuten elektrizitatea. Etxebizitza horietako bi hereni elektrizitatea berriro konektatu bazitzaien ere, zifra ikaragarria da. Egoera horrek zera erakusten digu: energia ez dela eskubidea, irabazi-asmoko eta espekulaziozko baliabidea baizik, Ignacio Sánchez Galánek berak duela gutxi azaldu duen bezala. Gogoratu behar dugu, era berean, Iberdrolak ezin izan dituela Boliviako herritar kaltetuenak energiaz hornitu, eta, ondorioz, Boliviako gobernuak bere mendeko enpresak nazionalizatu egin dituela.

Horregatik, gaur, hemen, Bilbon, eredu energetiko hori salatu nahi dugu, energiaren konpainia transnazionalen eginkizuna -bereziki, Iberdrolarena- salatu nahi dugu; energia zikina, erradiaktiboa, hilgarria; suntsiketa; aldaketa klimatikoa; baliabideen eta ekonomien espoliazioa; herritarrak deslekuratzea; lan-baldintzen gehiegikeriak; herrien eta aktibisten kontrako errepresioa; tarifen abusuak; aberastea, gure kontura, besteren kontura, ingurumenaren kontura.

Salaketa hauek guztiak eta askoz gehiago 2013ko urriaren 30ean Bilboko Arriagako Plazan Iberdrolaren aurka egin zen Herri Epaitegiaren txostenean aurki daitezke. Bertan, Iberdrolak Latinoamerikan (Mexiko, Brasil) eta Europan (Grezia, Espainiako Estatua, Euskal Herria) dituen proiektu ugariren kaltetuek eta aktibistek hartu zuten parte. Euren adierazpenak zirela medio, epaia eman zuen Epaitegiak, eta Giza Eskubideak eta ingurumen-eskubideak urratzearen errudun izendatu. Txosten hori Iberdrolaren Akziodunen Batzarraren egunean aurkeztuko da.

Gaurkoan ere, Iberdrola salatu nahi dugu Akziodunen Batzar honetan: etekinak azpimarratzeko, herriarengandik aldentzeko, energia bezalako oinarrizko eskubidearen kontura aberasteko eta hipokrisiaren bidez erasotzeko baino ez du balioko. Berdea eta arduratsua den irudia eman arren, egunero erakusten digu energia zikin bezain arriskutsuari ematen diola lehentasuna (nuklearra, termikoa, urtegiak eta abar), gizartearen eta ingurumenaren gainean inpaktu handiak eraginda.

Ekologistak Martxan, komite Internazionalistak, Fracking Ez Bizkaia, Zorraren Auditoretza Herritarra