Komite Internazionalistok bat egiten dugu larunbat honetan deustun egingo den Aske Gunerako deialdiarekin. Izan ere, errepresioari aurre egitea herri mugimendu osoaren eginbehar eta erronka da. Militantzia politikoagatik epaitu eta gartzelaratzea ezin dezakegu onar. Hala, Grebalariak Aske!ren lan guztia eta Urtzi eta Telleren pausua txalotzen ditugu, desobedientziaz haien kasua salatzeko egindako lan handiagatik. Era berean, Iritzi artikulu bategatik gartzelaratze arriskuan dauden bilbotarrekin zein egunotan Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteekin elkartasuna adierazi nahi dugu.
Herri mugimendua gelditu ez dezaten, Gu ere bertan egongo gara.
Grebalariak aske! Urtzi eta Tellek, desobedientziaren hautua egin dute. Horregatik, Urtzi eta Telleri elkartasuna adierazteko eta beste eredu sozioekonomiko bat aldarrikatzen jarraitzeko,urriaren 11n, larunbata, Grebalariak Aske plataformak Askegune bat antolatuko du Deustuko San Pedro plazan.
Esan bezala, askegune horren helburua elkartasuna adieraztea da, eta horretarako 5 orduko kontzentrazioa egingo dugu mugimendu feminista, sindikatu, eragile sozioekonomiko, erakunde politiko, gazte mugimendu eta abarrekoen babesarekin. Goizeko 10etan emango diogu hasiera askeguneari, eta goizean zehar, elkarretaratzeaz gain, elkartasun keinu ezberdinak burutuko dira bertan. Eguerdiko ordu bietan elkarretaratze nagusia burutuko dugu, “ez zaituztegu bakarrik utziko” lelopean.
Elkartasuna adierazteko momentua heldu da. Hemendik, beste eredu sozioekonomiko batean sinesten duen pertsona orori dei egiten diogu. Denok zaudete askegunera gonbidatuta, denok zarete beharrezkoak egun horretan. Denok grebalariak izan ginelako eta garelako, Urtzi, Telle ez zaituztegu bakarrik utziko!
Grebalariak aske!
+Video
Espetxean aurkezteko epea pasaden ostegunean bukatu zen, baina Urtzi eta Telle ez ziren espetxean aurkeztu, eta ez dira aurkeztuko. Urtzi eta Telle fisikoki ez egon arren, mezu bat utzi digute gaur zuei helarazteko egun hortan:
Urriak 11 denok Deustuko Aske Gunera!
Euskal Herrian, 2014ko Urriaren 2an
Gaur hemen egotea nahi zuten, gure burua montaje guzti hau ahalbidetu izan duten instituzio burges eta eskirolen aurrean entregatzea nahi zuten. Auzitegi hauek izan ziren duela bi urte greba batean emandako istilu batzuengatik norbaiti “zigor eredugarria” ezarri behar ziotelako auziperatu gintuztenak.
Atxilotu gintuztenetik gaurdaino, bide luze eta astuna izan da gaur hemen ez egotera ekarri gaituena. Denbora guzti honetan astero sinatu behar izan dugu epaitegietan, froga faltsuetan oinarritutako auzi batean murgildu gintuzten, zipaio bat bestearen atzetik entzun behar izan genituen epaiketan gu inkulpatzen… eta epaiketaren ostean sententziaren zain, errekurtsoaren zain, eta azkenengoz kartzelaratze aginduaren zain. Guzti honek 2 urtez gure bizitzak eta maite gaituztenen bizitzak baldintzatu ditu, proiekturik eraikitzeko inolako aukerarik gabe.
Gure bizitzen gaineko erabaki ahalmena eduki nahi izan dute, eta gaur hemen bi urtez espetxera joateko aurkeztea hartu nahi zuten beste erabaki bat zen. Baina ez diogu inori gugatik erabakitzen utziko. Beste eredu sozioekonomiko baten alde kalean borrokatzeagatik atxilotu gintuzten, Euskal Herri libre, sozialista eta feminista bat eraikitzen genbiltzalako. Eta horretan jarraitzen dugu.
Egoera berean egon diren eta dauden beste hamaika euskal herritarrek bezala, desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Desobedientziaren bidea hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, desobedientzia audientzian epaituak izaten ari diren 28 gazteek bezala justizia eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako, desobedientzia herri oso baten erabakia delako.
Gutun honekin bukatu aurretik, ez dugu eskertu gabe utzi nahi gertutik zein urrunetik gure ondoan egondakoen elkartasun eta babesa; Euskal Herri libre, sozialista eta feminista eraikitzeko bide zail eta luze hau eder bihurtzen duzuelako. Eta, nola ez, ezin ditugu bidelagun izan diren Irantzu eta Aitor ahaztu. Mila esker guztiei! Laster kalean ikusiko dugu elkar!
Urtzi Martinez eta Jon Telletxea
|