Eskubide sozialen defentsan. Apirilaren 1ean, denok Bilbora! Imprimir
29/03/2017

BILBO. Manifestazioa: "Eskubide sozialen defentsan. Contra los recortes de la RGI". Bihotz Sakratua Apirilaren 1an, larunbata, 17:30etan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioa antolatu du apirilaren 1erako Bilbon eskubide sozialen defentsan. Manifestazio hori bultzatzeko eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskubide sozialen defentsan daraman dinamikaren baitan ekimen honek Propaganda Eguna antolatu du gaurko.

Egun osoan zehar ehunka lagun ari dira apirilaren 1eko ekimenaren inguruko informazioa banatzen kale eta enpresatan. Dagoeneko deialdiak hamaika eragileren babesa jaso du. Apirilaren 1ean, denok Bilbora!

Bermatutako gutxieneko diru-sarrerak izatea borroka sozialaren, jendartearen mobilizazioaren fruitu da. Baina azken urteetako mozketa oldeak gizarte-prestazioei ere eragin die. Herritarren eskubideak murriztu dira, batik bat egungo krisi ekonomikoak gehien zigortu dituen kolektiboenak: langabeak, enplegu prekarioa dutenak, dependentzia egoeran daudenak eta gutxieneko pentsioak jasotzen dituztenak. Emakumeen eskubideei bereziki eraso diete. Hona hemen datu batzuk:

  • Prestazio sozialak jaso ahal izateko eskakizunak zorroztu egin dituzte; adibidez, DBE eskatu ahal izateko erroldatuta urtebete egon ordez orain hiru urte eskatzen dira.
  • Prestazioen zenbatekoa %7 moztu dute (eta hau 2017an ere mantendu nahi dute).
  • Lanbidek irizpide murriztaileak aplikatu ditu, eta sarri behartsuenen eskubideak urratu ditu.


Politika antisozial hauekin batera areagotu egin dira prestazio sozialak jasotzen dituen jendea kriminalizatzeko kanpainak. Eskubide beharko lukeena ustezko delitu gisa aurkezten da. Aski dela esateko eta gertatzen ari dena salatzeko unea da.

Murrizte politikak zuritzeko argudio faltsuak baliatzen dituzte: esaterako, “ezin dugu DBE gehitu lan merkaturatzeko joera geldiaraziko lukeelako”. Lanbideren datuen arabera, DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen %20ak -12.522- enplegu prekarioa dute, eta laguntzarekin osatzen dute beren soldata kaskarra; prestazioen %25 -15.799 bizikidetza-unitate- pobrezia mailako pentsioak osatzeko dira; beste %20, berriz, langabezia-subsidio urriak osatzeko dira, egungo prekaritate egoeraren ondorioz.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du. Bertan islatzen da bere borondatea: murrizketei eutsiko die eta prestazio sozialei ez die aplikatuko Gutxieneko Soldataren igoera. Horren ordez, DBEaren igoera %1,5era mugatzeko asmoa du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ehundik gora organizazio ezberdinek osatzen dute (sindikatuak, mugimendu feministakoak, gazte-mugimendukoak, ekologistak, pentsiodunen elkarteak, jendarte-bazterketaren aurkako plataformak, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarekoak…), eta hau da bere aldarria:

  1. Babes sozialeko euskal sistema integrala, duin eta kalitatezkoa nahi du, zeinaren helburua bizitza sostengatzeko gauza izango den jendarte-eredu bat den.
  2. Salatu egiten du Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den politika antisozialek biztanleria oro har pobretu egiten dutela. Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da. Areagotzen ari dira langabezia, prekaritatea, pobrezia eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialak, ez baita egiten egoerari aurre egiteko politika publikorik, hots, ez dira pertsonen beharrizanak lehenesten.
  3. Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 2008ko Legeak berariaz aipatzen du DBE eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) arteko lotura. LGSak erosahalmena galdu duenean Eusko Jaurlaritzak ez du esan DBEa gehitu behar zenik; aitzitik, egoera dirua aurrezteko baliatu du.
  4. Kontutan izanik aurten LGS %8 igo dela, portzentaje hau era automatikoan aplikatu beharko litzaieke DBEari eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei ere.
  5. 2008ko legea ez aplikatzeak batik bat kolektibo ahulenenen eskubideei eraso egiten die: soldata eta pentsio kaskarrak dituen jendea, etxegabetzeen kaltedunak, pobrezian bizi direnak, etab. Horrela taxutzen den ereduaren iparra ez da bizitza, eta zaintzeko lanak emakumeen esku uzten dira. DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen artean gehiengoa emakumeak dira, besteak beste guraso bakarreko milaka familia.


Aurrekontu proiektu hau dela eta, dei egiten diegu alderdi politikoei Legebiltzarrean honako aldaketak sar ditzaten:

  • DBEri eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGSak izan duen %8 igoera bera.
  • Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.


Halaber, dei egiten diegu herritarrei Bilbon datorren apirilaren 1ean izango den manfiestazioan parte har dezaten; agerraldia arratsaldeko 17.30ean hasiko da Jesusen Bihotzeko plazatik (Bilbo)