Portada Noticias Euskal Herria G7 EZ, ez hemen, ez inon!
G7 EZ, ez hemen, ez inon! PDF Imprimir E-mail
11/02/2019

[Donostiako G7 EZ Plataforma] G7ren aurka mobilizatzera goaz sinbolizatzen duen mundua errotik aldatu behar delako lehenbailehen. Eta hori guk Donostiatik egin nahi dugu. Bestelako mundu horri Donostiatik egin nahi diogu gure ekarpena, beraiek inposatzen diguten hiri ereduari aurre eginez. Turismo aberatsari, Inditexi, kontsumo basatiari, metroari, abiadura handiko trenari, kulturaren komertzializazioari eta erdarei eskainitako beraien San Sebastiani guk Donostiarekin aurre egin nahi diogu, herritarren, komertzio txikien, bertako merkataritzaren, feminismoaren, ekologiaren, migrazioaren, euskararen eta euskal kulturaren Donostiarekin. Zure laguntzarekin lortuko dugu.

Horretarako, gaur aurkezten dugun Donostiako G7 EZ Plataformak bost gai aukeratu ditu datorren abuztuko 24, 25 eta 26an Miarritzen izango den G7ren gailurra aurretik Donostian lantzeko. Bost gai horiek hautatu ditugu Donostian eragin zuzena dutelako: prekaritatearen aurkako langile borroka, feminismoa, errefuxiatuak, aldaketa klimatikoa eta eskubide zibil eta politikoak. Datozen hilabeteotan, beraz, bost gai hauen inguruan hitzaldiak, mahai inguruak eta mobilizazioak antolatuko ditugu eta bertan parte har dezazuen eskatzen dizuegu. Lan horren bitartez, datorren abuztuan Miarritzera joateko giroa piztu nahi dugu Donostian. G7aren presentzia salatzearekin batera, Donostiako eraldaketa sozialaren aldarria hauspotu nahi du Donostiako Plataformak bere dinamikaren bidez gure hirian.

Euskal Herrian bezala, Donostian ere kolore eta tendentzia desberdinetako kolektibo, alderdi, sindikatuak elkarrekin lanean hasiak gara “G7 EZ” deituriko plataforman, kapitalismo heteropatriarkarraren aurrean hainbat alternatiba eta praktika daudela adierazteko. Abuztuan xede nagusia, dudarik gabe, Miarritzeko gailurra oztopatzea izango da, Trump eta bere tropa ez baita ongi etorria Euskal Herrian. Baina bitartean Donostian gure alternatibak ezagutarazeko lan egingo dugu. Adi, beraz, antolatuko ditugun ekimen eta mobilizazioekin.
G7 eta bere munduaren aurkako mobilizaziorako deialdia

Izan ere, datorren abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen biltzen den G7ak mendebaldeko 7 potentzia ekonomikoak elkartzen ditu (AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Kanada). Kapitalismo heteropatriarkalaren motorra da Euskal Herrian bilduko dena, guk bilera hori Euskal Herrian egiterik nahi dugun ala ez ere ez digute galdetu. Munduko mandatarien inposizio politiko berri baten aurrean gaude.

Beraiek dira egun bizi dugun jendarte ereduaren arduradun nagusiak. Beraien eskutik etorri da handientzako merkataritza askea, langileentzako lan munduaren desarautzea, herritarrentzako aurrekontu publikoen austeritatea, aldaketa klimatikoaren okertzea... Eta beraien eredu hori inposatzeko inperialismo ekonomiko zein militarraz baliatu dira lotsa eta mugarik gabe. Bi hitzetan esanda, G7ko estatuak dira inoiz izan dugun mundurik injustuenaren arduradun eta sortzaileak.

Miarritzeko Gailurraren aurrean gure erronka nagusia, mundu osoari Euskal Herrian bestelako mundu baten alde borrokan dagoen herria dagoela erakustea izango da. Miarritze emantzipazioaren, antikapitalismoaren, bestelako eredu baten bihotza bihurtu behar dugu hiru egunez mundu osoaren aurrean. Eta, nola ez, beraien egonaldi garestia ozpindu behar diegu (500 milioi euro).

Nola onartu klima nahasmendua, ingurumenaren pozoitzea, bioaniztasunaren murrizketa gaitza, herri eta klase sozialen arteko desberdintasuna areagotzea, gerla inperialisten ugaritzea, milioika pertsonen pobretzea, behartutako migrazioaren aurrean estatu aberatsetako mugen itxiera, autoritarismoa zabaltzea, erlijio fundamentalismoaren indartzea, ideia arrazisten hedapena, Indarkeria matxistaren azkartzea, transnazionalen nagusitzea, herrien eta lurraldeen desjabetzea, errepresioa handitzea, eskubide zibil eta politikoen murrizketa, demokraziaren galera... Dena txarra da guretzat G7aren munduan, G7a ez delako gure mundua.

Miarritzera 15.000 polizia eta militar ekartzea erabaki dute. Dagoeneko Miarritzeko zonifikazioa martxan jarri dute: zonalde gorria, zonalde urdina... Eskubide zibil eta politikoak zapalduko dituzte, askatasun politikoak murriztuko dituzte. Egiazko setio egoera eta okupazioa itogarria inposatuko dituzte. Hori da datorkiguna. Presta dezagun matxinada!

Donostiatik bestelako mundu bat sortzen

Joseba Alvarez eta manolo Etxebarria

Donostiako G7 EZ Plataforma

 

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?