"الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!" Sahararen aldeko bilduma berezia kaleratu du MusikHerriak Imprimir
02/12/2009
Sahara[MusikHerria] Euskal Herriko nahiz Saharako musikarien elkarlanaz sortutako diskoa aurkeztu zuen atzo MusikHerriak prentsaurreko bidez: "الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!" (MH060). Herrien arteko elkartasuna oinarri, estilo anitzeko 20 abesti jasotzen ditu diskoak: rock, hip hop, saharar musika eta poesia, funky, reggae, hardcorea, bakarlariak eta bertsoak.

     
Siroka taldearen "Iraultza sirokoak" abestia

 

 "الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!"
Badira bi urte Saharako errefuxiatu-kanpamentuetara lehenengo bisita egin genuela, Ouserd ingurura. Bertan sahararren kultura ezagutzeko aukera izateaz gain, bertako musika tradizionala ere gertutik entzuteko beta izan genuen. Eta hori ikusita, ideia hau etorri zitzaigun burura: Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunezko musika bilduma egitea. Baina zoritxarrez ez genuen musikaririk ezagutu lehen bidai horretan, beraz airean geratu zen proiektuaren ideia.


Orain dela urtebete eskas kanpamentuetara egindako bigarren bidaian, ordea, zortea izan eta Smarako Hababa musikaria ezagutu genuen. Honela, elkarlanaren ideia berari aipatzean, gustura laguntzeko prest egongo zela esan zigun. Egun gutxi izan ziren errefuxiatu-kanpamentuetan eman genituenak eta bueltatzeko eguna iritsi zen, hala ere, zorionez Hababak Gasteizen lan egiten zuen eta bertan bizi zen gainera, beraz proiektua aurrera eramateko egoera apropos baten aurrean geunden.

Euskal Herrira itzultzean, MusikHerria kolektiboaren bitartez ezagutzen genituen taldeei elkartasun proiektuaren berri eman eta hauek segituan erantzun zuten, hainbat musika talde martxan jarri zirelarik gaiaren inguruko abestiak sortzen. Aipatzekoa eta eskertzekoa da MusikHerriaren filosofiari kasu eginez, talde bakoitzak bere gain hartu zuela abestia autoekoiztearen ardura.

Bestetik, diskoari hasiera eta bukaera emateko, pare bat bertso sortzea bururatu zitzaigun eta Amets Arzallusi egin genion proposamena. Bera hasiera-hasieratik laguntzeko prest azaldu zen eta gustu handiz grabatu zituen bildumarako espreski egindako bi bertsoak. Honetaz gain, Unai Ormaetxearen "Mario haritik tiraka" lanetik, "Agurra" abestia hartu genuen (gaitaz eta txalapartaz eginiko agur berezia) Amets Arzallusen azken bertsoaren atzetik bilduma ixteko.

Bestalde, Saharako musika taldeen musika behar genuen eta hori guztia Hababarekin adostu zen. Bere Gasteizko etxean, Sahara bailitzan, te eta kus-kus artean, bere lagun musikarien abestiak aukeratzen hasi ginen. Baina hemen zailtasun batekin topatu ginen, argitaratu nahi genuen elkarlan hau MusikHerriarekin egin nahi genuenez, bere filosofiarekin bat egiteko, copyright-ik gabeko abestiak behar genituen eta SGAE edo SACEMekin zerikusirik izango ez luketenak. Honegatik zailagoa egin zitzaigun abesti sahararrak aurkitzea, ia denak Madrilen grabatuak baitziren, beraz copyright-dunak eta SGAEn daudenak asko. Hala ere, kosta bazitzaigun ere, zehaztasun hauek betetzen zituzten hiru abesti dotore aukeratu genituen bildumarako. Horretaz gain, Hababak poesia labur bat grabatu zuen espreski, Ametsen lehen bertsoarekin batera diskoari hasiera eman ziezaion.

Disko barruko liburuxkari dagokionez, jendea Saharako gatazkaz informatzeko intentzioarekin Saharako historia eguneratua idatzi dugu euskaraz eta gazteleraz, Nuyum elkarteko Enekoren laguntzaz. Eta alderantziz, sahararrek guk bizi dugun gatazkaren berri izan dezaten, Euskal Herriko historia ere sartu dugu.

Honetaz aparte, Arratiako gazte talde handi harekin egindako kanpamentuetarako bigarren bidaia horretan, guk geuk ateratako argazkiak jarri ditugu diskoari kolorea emateko asmoz. Aipatu beharra dago, guzti honi diseinu dotorea eman dion artista Unai Bergara izan dela, elkarlan honetan parte hartu duten beste kide denek bezala musu truk lagundu diguna.

Elkarlanaren helburuak:
  • Saharako, eta bide batez Euskal Herriko gatazkei buruz jendea informatzea.
  • Kultura sahararra eta euskalduna zabaldu eta elkarbanatzea.
  • Diskoarekin lortuko den diruarekin, Saharako elkarteen ezberdinen proiektu berriak aurrera ateratzea.

Abesti zerrenda
01 Amets Arzallus | Saharari I
02 Hababa | Poesia
03 Jonu kantautorea | Sahara libre
04 Siroka | Iraultza sirokoak
05 El Mufid
06 Celosamente gordetako kantuak | Salam Alekum
07 121Krew | Lotsaren harresia
08 Hababa | Batasuna
09 Al-istiglal | Sargori den negu gorritik
10 Zein da Zein? | Elkarrekin frontean
11 Garagardo Gura | Sauce
12 Shwita
13 Mix6T | Afrika
14 Odolaz Blai | Bihotz ilunak
15 Norte Apache | 10 segundu
16 Saharar musika
17 SKT Sekuentzia | Askatasuna nire emaztea zen
18 Kasu! | Gosea
19 Amets Arzallus | Saharari II
20 Agurra