Urtarrilaren 9an, Baiona eta Bilbon, harriak mugitzera goaz Imprimir
31/12/2015

HarriKomite Internazionalistetan, beti begiratu izan diegu begirunez, gure herrian zein beste edozeinetan euren askapen borrokak aurrera eramateagatik gartzelaratutako kideak. Itotzen gaituzten zapalkuntza guztiak metatzen diren gune horien erdian, klase, genero eta obedientzia irizpideekin sortutako zigor kodeen azpian, borrokan diharduten preso horiek guztiak, kide ditugu.

Munduko hamaika gartzelatan, miloika pertsona ustelduarazi nahi dituzte sistema honetako boteretsuek. Pobrezia, autodefentsa, ausardia edota gaixotasuna bizi izan dutenetatik etekin ekonomikoa eta disziplinazkoa atera nahi dute. Gartzela barruan daudenak zanpatzen, herriak beldurtu eta men egitera behartu nahi dituzte.

Hala, espetxeen lojika osoari muzin egiten diogu. Bere baitan, preso politiko guztien baldintza gabeko askatasunaren alde borroka egiten dugu. Herrion boterea eraikitzearekin bat, zapalkuntzak gainditzeko tresna izan behar den amnistia babesten dugu. Dei berezia egiten dugu egoera larrienak bizi dituzten presoak (gaixo direnak, pertsonak haien kargu dituztenak...) berahala askatzeko, bai eta dispertsioa eta beste mendeku politikak eteteko. Baita gartzelaren zilegitasun eta zentzua ezbaian jartzeko ere.

Bide honetan, jendarte berri bat gaurdanik eraikitzearekin batera, euskal preso politikoak etxeratzeko pausu guztiak eman behar ditugulakoan gaude. Pausuok herri presioaren bitartez indartzeko deia egin nahi dugu hemendik. Zentzu honetan, urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzera dei egiten dugu, estatuen inmobilismoa mugitu eta presoak herriratzeko.

Munduko preso politiko guztiak etxera!