BBVA hiltzailea! Imprimir
11/03/2016

bbvaUrtero legez 2007tik, gaur, martxoaren 11n ostirala, BBVAren aurkako Plataforma osatzen dugun sindikalistek, hezkuntza-profesionalek, antimilitaristek, ekologistek, internazionalistek eta beste hainbat herritarrek BBVA odolez zikinduta dagoela salatu dugu BBVAren Akziodunen Batzarretik hurbil. Eta aurten ere gure buruen gainean odola adierazten duen margo gorria botaz, BBVAren politika hiltzaileak salatu ditugu. Beste behin erabili dugu formula bera, beste behin BBVAk muzin egiten diolako bere jarduera burutzen duen lurraldeko hainbat eta hainbat aldarrikapenak.

Estatuko zenbait puntutako antimilitaristek egin dute bat ekintzarekin orobat; zehazki, Kanariar Uharteetatik eta Madriletik etorri dira bankuaren irismen luzeko jarduera salatzera.

Gaur goizean ekintza burutu dutenek adierazi dutenaren arabera, BBVA odolez zikinduta dago garai honetan gertatzen ari den fenomeno baten protagonista ere badirelako: pobreen (oso pobreen) eta, besteak beste, bankuaren kupulan dauden aberatsen (oso aberatsen) arteko distantzia sustatzen dutelako beren joko zikinek.

BBVA odolez zikinduta dago armagintzaren industriaren finantzazioan marka ederra duelako; Espainiako armagintza-fabrikei emandako kredituetan soilik, banku honek 288 milioitik gora euro jartzen ditu, Centre d’Estudis per la Pau Centre Delàs erakundearen azken txostenaren arabera. Txosten berean aurki daitezkeen datuon arabera BBVAk sei milioi eurotik gora dauzka Indran inbertituta, dela akzioetan edo bonotan. Marka ederra du, bai, Espainiako beste banku guztien rankinean lehena baita armagintzaren industria laguntzen.

BBVA hiltzailea da jendea etxeetatik botatzen eta etxe horiek eskuratzen dituelako. Hiltzailea da urtegiak eta ingurumenarekiko oso bortitzak diren proiektuak bultzatzen dituelako. Kurdistango Ilisu urtegiaren eraikuntza laguntzen duelako, non, albo-ondorio gisa, gainera eraikuntzaren inguruan militarizazio bortitza eragin baitu.