Portada Noticias Naciones sin estado Matxinada giroa Herrialde Katalanetako ikasle udaberrian: Això no és Crisi, es diu Capitalisme
Matxinada giroa Herrialde Katalanetako ikasle udaberrian: Això no és Crisi, es diu Capitalisme PDF Imprimir E-mail
27/04/2012

[Ioseba - Komite Internazionalistak] Matxinada giroa arnasten da Herrialde Katalanetan. Valentziako Udaberria hasi zenaren jarraipena indartsu dator, batik bat ikasle mugimenduan, pasa diren otsailaren 29ko eta martxoaren 28ko hezkuntzako greba orokorrak erakutsi zuten bezala.


Valentziako Institutoetako ikasleen protestari erantzun zion poliziaren oldarraldiak modu ikaragarrian areagotu du ikasle mobilizazioa. Aitzakia? Kapitalismoaren egungo krisi ekonomikoak eragin dituen murrizketa sozialak, beste hitzetan: hezkuntza eta osasun sistemaren merkantilizazioa.

 


Mobilizazio hauen borroken erdigune nagusia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB) dugu, zalantzarik gabe. Herrialde Katalanetako Ikasle Sindikatu (SEPC) ezker independentistak eta Fakultateko Asanbladen Koordinadorak (CAF) bultzatutako mobilizazioak izan dira. Zerbait azpimarratzearren, PUDUP (Plataforma Unitària en Defensa de la Universitat Pública) delakoaren existentzia da, irakaslegoa, ikerlariak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasle mugimendu osoa (CAFeko Ikasle Asanbladak, SEPC eta AEP izeneko ezkertiar errepublikar elkartea) biltzen dituen plataforma dugu, bi helburu nagusi dituelarik: murrizketa sozialak geldiaraztea eta Unibertsitate publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatzea.


Ikasle protesta hauetan, Fakultate ezberdinetan mobilizazio ugari egin dira eta hainbat Fakultate okupazio burutu dira: Filosofia eta Letren Fakultatea, Politika eta Soziologia Fakultatea eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Okupazioa, eguneroko irakaskuntza aktibitateak eta ebaluazioa eten eta formakuntza ekimen alternatiboak sortzean datza. Hitzaldi eta tailer ezberdinak burutzen antolatzen dira, hala nola, adierazpen askatasuna, desinformazioa, arkeologia feminista, biolentziaren definizioa, errepresioa, internazionalismoa, ikasle mugimendua edota antikapitalismoa bezalako gaiak jorratuz. Jarduera hauen baitan, klaseak geldiarazteko bai goizean eta baita arratsaldean ere, pikete egonkorrak zein mugikorrak antolatzen dira. Gainera, greba egunetako borroka gisa UABren Kanpus guztia aztoratzen da: ondoan dagoen autopista moztuz, Kanpusera iristen den trenbidea oztopatuz eta Kanpuseko sarrerak blokeatuz. Guztia, ikasleek osaturiko piketeen bidez.


Grebarako arrazoi nagusi ezberdinak nabarmentzen dira mugimenduan: 2015 Unibertsitate Estrategiak suposatzen duen pribatizazio eta elitizazioa geldiaraztea, hezkuntzan burutzen ari diren murrizketa ekonomikoak etetea (Unibertsitate tasen igoera, matrikularen %66aren igoera, 800 irakasleren kaleratzea...), eta aldi berean, zer nolako unibertsitate eredua aldarrikatu nahi denaren inguruko eztabaida zabaltzea.

 

Greba Orokor Soziala

Martxoaren 29an, Euskal Herrian bezala, Espainiar Gobernuaren azken Lan Erreformaren aurkako Greba Orokorra deitu zen Herrialde Katalanetan; patronalak eta burgesiak txalotu duten Lan Erreformak suposatzen duen kaleratzearen erraztasuna, lan baldintzen prekarizazioa eta langileen osasun baldintzetarako mehatxuaren kontra. CCOO eta UGT botere-sindikatuen deialdiak eskaintzen zuen kobertura aprobetxatuz, CNT, CGT eta COS (Coordinadora Obrera Sindical ezker independentistaren sindikatua) bezalako klase sindikatuak eta herri mugimendua ere batu zen Greba Orokor “Soziala” deituz.

 

Bankuen Diktadura, hipoteka itogarriak, desauzioak, eta abar luze baten aurka lelo bateragarria aldarrikatzen dute herri mugimenduek: Ez da krisia, kapitalismoa besterik ez da. Eta kapitalaren aurkako gerra sozialerako deialdia luzatuz, bloke antikapitalista ezberdinak osatu ziren Greba Egunean: Ezker independentista, auzoetako asanbladak, M-15 Mugimendua, sindikatu alternatiboak, anarkista nihilistak, autonomoak... Guztiek, Greba Sozialaren izaera bereganatuz, parodia besterik ez diren grebak baztertu eta benetako grebaren zentzu basati iraultzailea burutu zuten.

 

Eman ziren istiluei, Mossoen errepresio bortitza erantzun zien: edukiontzi erreak, izorratutako kajeroak, Starbucks eta BBVAren egoitzak sutan, poliziaren jazarpena, pelotazoak, gas lakrimogenoak, bi begi lehertuta, ehundaka zauritu eta beste horrenbeste atxilotu. Nahiz eta Ertzainen bortizkeria izugarria izan (hara Iñigo Cabacasen kasu berria), Mossoen jazarpena ere ezaguna da, M-15aren Kanpaldiaren desalojoan edota 2006ko 4-F kasuko muntai polizialetan ikusi zen bezala. Greba egunean 3 lagun espetxeratu zituzten modu aleatorioan atzeman zituztelarik, eta prebentiba egoeran kartzelaratu Barça-Espanyol futbol partidako istiluetan edota Europako Banku Zentralaren Gailurreko istiluetan parte hartu dezaketelakoan. Hiru hauetatik bi AEP ikasle elkarteko kide dira, bestea, berriz, auzo bateko asanbladako kidea. Eta bi aste pasata, CGTko Idazkari nagusia atxilotu zuten, Greba egunean Bartzelonako Boltsaren atarian performance bat egitea leporatuz.

 

Eta errepresioarekin jarraituz, Felip Puig Kataluniako Barne sailburuak istiluetan parte hartu omen zuten pertsonen argazkiak publikatu ditu interneten, herritarrek salatu ditzaten. Protestak saihesteko eta desmobilizatzeko, Gobernariek eta euren txakurrek beldurra zabaldu nahi dute. Gainera, erreforma penalaren bidez, erresistentzia pasiboa autoritatearen aurkako atentatua izatea bihurtu nahi dute.

 

Maiatzean, La Rosa de Foc bizirik

Errepresio guztiaren gainetik, maiatzerako giroa berotua datorkigu. Maiatzaren 1erako mobilizazio ikaragarriak espero dira, pasa den urteko M-1eko gertakariak ikusita. Gainera, sekretupean zegoen Europako Banku Zentralaren Gailurra maiatzaren 3an izango da; hori dela eta, ikasle mugimendutik hezkuntza greba deituko da. Eta, jarraitzeko, Maiatzaren 15eko Mugimenduaren urteurrenaren harira mundu mailako mobilizazio ezberdinak deituko dira.

 

1909ko Bartzelonako Aste Tragikoko matxinadan jazotako gertakarien ondoren, Bartzelonak La Rosa de Foc goitizena izan zuen: Suaren arrosa. Greba Orokor Sozialak izen hura bereganatu zuen, eta, gauzak ikusita eta errepresioaren gainetik, maiatzeko gertakarietan izen hori bereganatu daiteke berriz ere. Izan ere, Grebarako deitzeko kartel anarkista batek zioen bezala: Greba, kalera atera eta gelditzen zaizkigun gauza bakarrak konpartitzea da: amorrua eta ametsak.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?