Mumia Abu-Jamalen aldeko kanpaina |
03/11/2011 | |||
[Euskal Herriko Mumiaren Lagunak] 2011ko abenduak 9 eta 10 arteko gauean 30 urte beteko dira Mumia Abu-Jamal atxilotu, espetxeratu eta heriotzera zigortu zutenetik, Philadelphiako polizia baten ustezko erailketa batengatik. Gau hartan jazo zenaren bertsio eta kontraesan ezberdinak daude, baita polizia eta fiskaltzak estortsionatutako lekukoak eta ezabatutako frogak ere. Mumia, Pantera Beltzen militante ohia eta irratietako kazetari aktibista, MOVE bezalako mugimendu baztertuei ahotsa ematen zienak beti defendatu izan du bere errugabetasuna.
Urteurren hau dela eta, Mumiaren kasua ezagutarazteko kanpaina bat egiten ari gara bere askatasuna aldarrikatzearren. Idatzi dugun Aldarrikapenean, kanpainaren parte izan daitezken ideia eta proposamen batzuk ikus ditzakezue. Bideo emanaldi bat edo hitzaldi bat antolatzeko interesa baduzue, jar zaitezte kontaktuan gurekin. Mumiari buruz egin den azken dokumentala Nire bizi osoa espetxean (In prison my whole life, 93 minutuko iraupena), ingelesezko bertsioaren gaztelerazko azpitituloak eskuragarri daude; euskarazko eta katalanerazko bertsioak Durangoko Azokan kaleratuko dira. Kanpainarako zuen konpromezua eta atxikimendua eskatzen dizuegu, hemen bertan bidaltzen dizuegun Aldarrikapenarekin bat eginez. Azaroaren 7a baino lehenagorako erantzun bat eskatzen dizuegu. Milesker, EUSKAL HERRIKO MUMIAREN LAGUNAK Kontaktua: ALDARRIKAPENA MUMIA ABU-JAMAL – 30 URTE PRESO ETA HERITZA ZIGORREAN Abenduaren 9an, Philadelphiako (EEBB) polizia bat ustezko erailketarengatik Mumia Abu-Jamal atxilotu, espetxeratu eta heriotzera zigortu zutenetik 30 urte beteko dira. Mumiaren aurkako epaiketa fartsa bat izan zen eta arrazakeriaz beteriko jarrerak agerian gelditu dira. Sistema politiko eta judizialak zilegitasunik gabeko neurri ilegalak erabili izan ditu Mumia Abu-Jamal kondenatu eta erailtzeko; Malcolm X eta Martin Luther Kingen garaian herri afroamerikarraren askapenaren aldeko borroketan murgiltzen zen Black Panther ohia deuseztatzeko, “Ahotsik gabekoen ahotsa” ezizenez ezagutua zen kazetari kritikoa desagerrarazteko. Bitartean, 1990eko hamarkadatik EEBB, Frantzia eta Alemaniatik hasi eta munduan zehar zabaltzen ari den Mumiaren aldeko kanpaina garatu izan da. Gaur egun, Mumiari elkartasuna helarazten dioten mugimenduak kontinente guztietan ikus daitezke. Behin baino gehiagotan kaleetako presioaren ondorioz, berehalako exekuzioa geldiaraztea lortu izan da; 1995an bezala, erailketa ia gauzatua zegoela. Elkartasun mugimendu handi honek desmostratzen du Mumia ez dela beste preso politiko arrunta bat, bere borroka etengabearen bidez, bere idazkien bidez, bere liburuen bidez eta bere gertakizunaren dokumentalen bidez Amerikako beltzen erresistentziaren ikur bihurtu da. Baina ez beltzen askapenaren mugimenduarena bakarrik, baita borroka antikapitalistaren eta Heriotza Zigorraren aurkako borrokaren ikur. 30. urteurren honen eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, mundu osotik elkartasun ekimenak antolatuko dira abenduaren 10aren inguruan: mozio instituzionalak, elkarretaratzeak, graffitiak, kale izenen izenpetze sinbolikoak (Pariseko “Rue de Mumia Abu-Jamal”), herri eta hirietan Ohorezko Seme izendatzeak (Paris, Montreal...), edota elkarte eta kolektiboetan Ohorezko kide idendatzeak. Egun horretarako hemen, Euskal Herrian, bereziki Mumia omendu nahi dugu, munduko beste preso politikoak ahaztu gabe; besteak beste, Amerikako Indioen Mugimenduko militantea den Leonard Peltier (34 urte preso EEBBetan) edota euskal preso politikoak. MUMIA ABU-JAMALENTZAKO EPAIKETA BERRI ETA INPARTZIALAREN ALDE MUNDUKO ARRAZAKERIAREN KONTRA HERIOTZA ZIGORRAREN KONTRA MUMIA ASKE! Kanpainaren antolatzaileak: Euskal Herriko Mumiaren Lagunak, Eguzki Bideoak, Komite Internazionalistak, Sare Antifaxista, Baskale Elkartea, Sopelako Plaza Beltza. Kanpainaren babesleak: 7 Katu Gaztetxea, Askapena, Cambalache-Oviedo-Asturies, Emakumeak Garapenerako Elkarlana, Gatazka Kolektiboa, Gazte Komunisten Batasuna, Kirruli Elkartea, STEE-EILAS Sindikatua, Gasteizko Hala Bedi Irratia, Uztaritzeko Gaztetxea (Lapurdi), Debako Gaztetxea, Ibarrako Gaztetxea, Arrigorriagako Ez Dot Sinisten Kulturgunea, etab... Ekimenak: -2011ko abenduak 10, larunbata: Bilbon elkarretaratze bat egingo da (tokia definitzeke) Bilboko kale baten izena berrizendatzen “Mumia Abu-Jamal kalea” moduan. -Gainera: Durangoko Azokaren baitan In prison my whole life dokumentalaren euskarazko bertsioak aurkeztuko ditugu Eguzki Bideoen laguntzaz, Mumiaren aldeko muralen margoketak, etab.
|
+Video