UHintifada
|
Oraingo honetan Uhintifadako mikrofonootan Fares Khader izan dugu solaskide. Khader matematikari palestinarra da eta egun Logroñon bizi da. Jabaliako errefuxiatuen kanpamenduan jaio zen, Gazako zerrendako iparraldean, eta azken hilabeteotan hamaika senide galdu ditu Israelgo erregimen kolonialaren bonbardaketetan. Khaderrek “intifadako semetzat” aurkeztu du bere burua. Najed herritik erbesteratutako familia baten baitan sortu zen, eta haren ustez, genozidio hau ez zen hasi urriaren 7an, aitzitik, 1948tik ari da etengabe gertatzen. Bere jardunean kontatu digu, bere egoera administratiboa zela eta, iragan ekainera arte ezin izan zela Gazara bueltatu, eta orduantxe bisitatu zuela familia azken aldiz. Deskribatu dizkigu eskualde horretako bizi baldintza jasanezinak, besteak beste, lur guztia guztiz kutsatuta dagoelako, azken urtetan Israelgo erregimenak etengabe jaurti dituen bonben ondorioz.
Kritikatu du mendebaldeko prentsaren kontakizuna, erasotzailea biktima bihurtzen duelako. Errealitatea, aldiz, oso bestelakoa da. Kontatu du nola genozidioaren hasieran anaia bat hil zioten, osasun arloko langilea zen. Urriaren 24an, berriz, beste hamar senitarteko erail zizkioten, tartean haurdun zegoen ahizpa. Bere familiaren kasuan erabaki mingarria hartu behar izan zuten: senide-taldea banatu eta zerrendan zehar sakabanatzea; denak batera hil ez zitzaten; eta batzuk hiltzen baziren, beste batzuk, sikiera, bizirik atera zitezen euren historia kontatzeko. Aitortu du amarekin izandako azken elkarrizketako batean hark esan ziola nahiago zukeela hil izan balitz, ikusi behar izan duen guztia ikusi behar ez izateko.
Azaldu du Gazatik iristen zaigun informazio apurra kazetari independienteek zabaltzen dutela eta Telegram eta Instagran bezalako kanaletatik hedatzen dutela.
Eskertu ditu Palestinarekiko elkartasunean Errioxan zein mundu osoan antolatu diren mobilizazioak. Baina uste du, neurri berean, beharrezkoak direla erakundeetako ekintza konkretuak, eta batez ere, inportantea dela kontakizun sionista desmuntatzea, mendebaldeko prentsak modu akritikoan errepikatzen baitu. Salatu du, halaber, Gazako populazioak ez duela borondate oneko adierazpenik behar, ezta hitz onik ere, behar dutena su etena da.
|
Komite Internazionalistak
|
Hemen duzue Javier Padilla eta Marta Carmona egileekin izandako solasaldiaren audioa.
"Sentimendu batek zeharkatzen ditu gure bizitzak. Ez da antsietatea, ez da depresioa, ez da euforia edo kezka. Gaizki gaude, besterik gabe. Osasun mentalaz hitz egiten duten gizarteetan bizi gara, baina, egia esan, nahastuta dauden kontzeptu batzuei buruz hitz egiten ari dira: etsipena, nekea, itxaropen falta, estresa, kezka eta zailtasuna sentimendu hori noiz amaituko den jakiteko. Hizpide dugun ondoezak zerikusi handia du egin daitekeen etorkizuna irudikatzeko ezintasunarekin, bihar gertatuko denari buruzko ziurtasunik ezarekin edo datorrena gertatu zena baino okerragoa izango dela pentsatzean ateratzen zaigun islarekin. Horren aurrean, badirudi gizartearen lehen pultsioa ondoez hori patologizatzea dela, terapiaren edo psikofarmakoaren bidez. Aukera alternatibo bat, baina eremu jakin batzuetan ere ohikoa dena, sufrimenduaren berezitasuna ukatzea eta politizaziorako deia egitea da, erantzun posible bakar gisa. Liburu honetan, «gertatzen zaigunari» buruz hitz egitean aurrez aurre ditugun dilema faltsuei heltzen saiatzen gara, sufrimendu psikikoaren sustraietara begiratuz eta arazoaren konplexutasuna saihesten ez duten konponbideak planteatuz. Etsipen-egoera orokortu horretatik irtetea ezin da banakako arretaren ondorio izan; aitzitik, lanaren, biziraupen-eskubideen eta balio posmaterialei lotutako eskubideetara (autonomia, adierazpen-askatasuna, demokraziaren garapena, etab.) zabaltzearen eremuko esku-hartzeak zuzenean aipatzen ditu, eta horiei esker, etorkizunaren konkistan pentsatzeko aukera ematen digu."
|
10 urte bete ditugu Herri Denda Zirika! herri gunean egiten hasi zenetik.
Urtero bezala, hitzordu garrantzitsua dugu Zirikan! (Erronda, 12). 10 urte parte hartzen ari garen kolektiboen borrokak ikustarazten, 10 urte bestelako kontsumo mota baten alde, 10 urte gabonetako opariak feminismoz, sozialismoz, ekologismoz, internazionalismoz eta askoz gehiagoz bustitzen. Badator Bilboko kolektiboen Herri Denda!
Baina... Zer da Herri Denda? Merkatu bat baino gehiago da, elkargune bat, non kolektibook ditugun materialak eskaini, besteenak ikusi eta elkarrengandik ikasteko erabil ditzakeguna. Herri mugimenduaren lana ekonomikoki sustatzeko aukera, jantzi politenak erostekoa, liburu eta disko berezienekin gozatzekoa...
Hiru astez (abenduaren 12tik 30era) Zirika! Herri gunean gerren aurkako materialak aurkituko dituzu, presoekiko elkartasunean aritzen diren eragileen materiala, sorkuntza librean burututako lana, besteak beste.
Ireki atea eta sartu Bilboko Herri Mugimenduen azokan!
|
EH internazionalista
|
Adierazpen sionistak gero eta gehiago dira Euskal Herrian (CAF bezalako tren fabrikak, elikagaiak, kosmetikoak, hotelak, artistak...), baina bada oso larria den zerbait: euskal instituzio publikoek israeldar armagintza empresekin dauzkaten kontratuak. Honen inguruan arituko dira Ekaitza Cancela eta Carlos Díaz datorren ostegunean (abenduak 2) 18:30 etan Zirika Herri Gunean
Sinonismorik gabeko Euskal Herrirantz, boikotea dezagun adierazpen sionista oro! |
EH internazionalista
|
Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak "Kurdistan begiratuz" 5. zinema kurduaren zikloa antolatu du. Proiekzioak Bilborock aretoan izango dira azaroko hiru astelehenetan.
Astelehena Azaroak 8, Bilborock, 19:00
Xwêbun, Turkiako emakumeen erresistentzia
Zuzendaria: Frauen Film Kollektiv: Sarah, Antonia, Nilgün, Eylem, Lisa, Cora
Iraupena: 60 min
Urtea: 2019
Hizkuntza: Kurduera gaztelaniazko azpitituluekin
Erdoganek mugimendu demokratiko kurduaren aurka daraman gerrak bereziki emakumeei eragin die. Errepresio horren aurrean, emakumeek erresistentzian oinarrituriko egitura demokratiko sendoak eraiki dituzte.
Hasankeyfen aldeko negarra
Zuzendaria: Firat Erez
Iraupena: 11 min
Urtea: 2018
Hizkuntza: Kurduera gaztelaniazko azpitituluekin
12 mila urteko historiarekin, Hasankeyf uraren azpian lurperatu zuten 2019ko amaieran Ilisuko presaren eraikuntza amaitu zenean, hala, zibilizazioen historia argitzen dituzten aztarnak desagerraraziz. Ondare honen desagerpenagatiko deitoreak ondare kultural komunaren, naturaren eta bizitza komunitarioaren suntsipena sinbolizatzen du.
|
Gehiago irakurri
|
|
|