Bartolinas Inprimatu
2009/08/10
La Paz-eko autobus terminalaren ondoan daukate txokoa bartolinek, wiphala eta boliviar bandera handi batek adierazten duten bezala. Bertan Ramiro Llanos abokatuarekin elkartu ginen, eta hainbat gairen inguruan hitz egiteko aukera izan genuen. FNMCIOB "BS" (Federación Nacional de Mujeres Campesinas Indígenas Originarias de Bolivia) 80.hamarkada hasieran Estatu Kolpearen testuinguruan jaio zen emakume mugimendu gisa definitzen da. Garai hartan, Domitila Chungara bezalako meatzarien emazteak gose greben bitartez eskatzen zuten diktaduren amaiera, eta 1977an emakume indigenen lehen sindikatuak sortu ziren, 1980an I Nazio Biltzarra ospatu eta Bartolinak erdituz. Beraz, demokrazioaren eta baseen antolakuntza berreskuratzea zen beraien aldarrikapena, emakume nekazari mugimendu propioaren bitartez. Hasieran La Paz, Oruro, Potosí edo Cochabamban batzen hasi ziren, gaur egun departamendu guztietara heltzen diren bitartean.  
Lurren eta baliabide naturalen eureganatzea aldarrikatzen dute, Goni-ren gobernuan zeharreko (esatea dago aurtengo hauteskundeetan aurkezteko den Cárdenas zuena ministro orde) lurren "saneamendua" eta salerosketa ukatuz. Izan ere, indigenak harremandu egiten dira Pachamamarekin, ez dute esplotatzen, ondo ezagutzen baitute. Alde batetik, lurrak gizonezkoen izenean eman izan dira nekazal erreformatan eta komunitate indigenek ere gizonezko arteko herentzia praktikatzen dute. Bestetik, behin emakumeei lurrak entregatzen hasita, dokumentazio faltarekin aurkitu dira berauek, eta diotenez, zailtasunak dituzte lurretara heltzeko gehiegizko burokratizazioa dela eta.
 
"Pacto de Unidad" deritzon eragile indigenen koordinadoran parte hartzeaz gain, MAS-IPSParen sortzaileetariko bat da eta horrela, beren kide den Silvia Lazarte izan zen Asanblea Konstituziogileko presidentea, 45 kide izanik orotara bartolinenak. Esan daiteke, beraz, indar handia duen eragilea dela nazional mailan eta batik bat, diote, parte hartze politikoaren %50 emakumeena izatea lortu zutela eta baita lurren titulazioak emakumeenak ere izatea, nahiz aipatutako zailtasunak izan.
 
Komunitateetatik hasi eta Ejekutiba Nazionaleraino egiten du gora, egun Leonida Zurita izanik presidentea. Arraroa dirudien arren, gizonezkoak ere badaude, ez ordea ejekutiban; baina chacha-warmi edo gizon-emakume osagarritasunarengatik da.
 
Diru iturriengatik galdetzean, nazioarteko laguntza ezinbestekoa dutela diote, behintzat liberatuak mantentzeko, nahiz eta izan zuten eztabaida kanpo laguntza kendu eta liberatuak kentzearena, izan ere, baldintza ugari eskatzen dute proiektuak onartzeko. Egun, Mundu Bat, DIACKONIA (Suezia), APN (Norvegia) edota NBE bera ditu diru emale. Hauekin, gainera, formazio kurtsoak ematen dituzte emakumeentzat, batez ere parte hartze politikora begira (alkategaiak, prefektugaiak...).