Atzo benetan egun interesgarria izan genuen, palestinar gizarteko talde ezberdinen borrokak eta pertsona batzuen bizipenak ezagutzeko aukera. Ateratako ondorioa argia da: herri hau bizi bizirik dago. Munduko gainontzeko herrietan bezalaxe, bere gizarteko talde ezberdinek euren borrokak dituzte bakoitzak bere arloan; emakumeek, beren jabekuntza lortzeko;nekazariek, lurretik bizitzeko duten eskubidea defendatzeko... Hala ere, borroka partikular hauek ezaugarri bat dute amankomunean: beren eskubideak defendatzeaz gain israeldar okupazioaren aurka lan egiten dute, okupazioak gizarteko talde eta pertsona guztien eguneroko bizitzan eragina baitu, eta ez hori bakarrik, bizitza normal bat eramatea eragozten baitie. Beraz, borroka bikoitza dute.
Goizean goiz Health Work Comiteetako arduradun batzuekin bildu ginen. Osasun arloan lan egiten dute gizarteko talde txiroeeni zerbitzuak eskeiniz eta zerbitzurik gabeko inguruetan lan eginez baita ere. Honetaz gain, gizarteak osasunaren inguruan ezagutza lor dezan lan egiten dute. Cisjordania eta Gaza dira beraien lan eremuak. Gizarte palestinarraren oinarrizko giza eskubideak ahal den einean bermatzea dute helburu.
Jarraian eguneko bilera interesgarriena izan genuen Stop the wall taldeko kideekin. Israeldar gobernuak datozen hamar-hamabost urteetan palestinar herria desagertarazteko duen planaren berri eman ziguten. Interesgarriena diot, palestinar errealitatea ulertzeko oinarrizkoa izan delako. Okupazioaren helburuak argi eta garbi azaltzen dituelako. Genozidio baten aurrean gaudelako. Helburua: israel handi bat eraikitzea, palestinar populazioa ehundaka mila pertsonetan txikiagotuz eta euren bizitza gaur egun dena baino are zailagoa bihurtuz ezinezkoa izateraino. Palestinar lurraldea israeldar lurrez inguraturiko irla txikietan bihurtu nahi dute, ikutzen ez diren zati txikietan desegin. Palestina mapatik desagertarazi nahi dute. Informazio gehiagorako: http://stopthewall.org/factsheets/2119.shtml
Ondoren emakume palestinarrak biltzen dituen taldearekin the union of palestinian women committees bildu ginen alde batetik, eta nekazariekin bestetik. Hasieran aipatu moduan, euren borrokez gain okupazioaren aurka lan egiten dute. Emakume palestinarrek munduko gainontzeko herrialdeetakoek bezalaxe borroka feminista aurrera daramate, indarrak batuz, antolatuz eta beraien artean lagunduz. Nekazariek, lurretik bizitzen jarraitu nahi dute. Azken hauek laguntza eskaera bat ere egin ziguten: alde batetik bolondresak behar dituztela olibondoen uzta biltzeko garairako. Ez lana egiteko jende falta dutelako, biltzeko garaian euren segurtasuna ahal den einean bermatzeko baizik israeldar kolonoek bilketa egin ahal izatea eragotzi nahi izaten baitiete eta internazionalen presentziarekin berau bermatu baitaiteke neurri batean. Nekazal arloko pertsona kualifikatuen laguntza ere eskertuko lukete eta euren produktuak bidezko merkataritza bidez gure herrietan saldu ahal izateko kontaktuak ere bai.
Arratsaldean presoei laguntza eskeintzen dien Addameer taldearekin bildu ginen. Edonork pentsa dezakeen moduan eskubideen zapalketa sistematikoa da. Pare bat datu: 1967.urtetik hona, 750.000 palestinar izan dira gartzeleratuak, populazioaren ehuneko 20. 10.000 emakumezkoak izan dira eta 18 eta 65 urte arteko palestinar gizonezkoen ehuneko 40-a beren bizitzan zehar garztelaratua izan da behin gutxienez. Datu ikaragarriak. Gaur egun 6780 preso palestianr inguru daude, horietatik 35 emakumezkoak eta 18 urtez azpiko 300 haur. Informazio gehiago
Hainbeste billeren ondoren, nekea ere somatzen genuen eta Ramallah erdiguneko kafetegi batean zerbezatxo batzu edan genituen komiteen laguna den Samia emakume kolonbiar-palestinarrarekin eta bere alabarekin batera. Palestinar gizartearen errealitateari izen, abizen eta aurpegi jartzen lagundu digun beste kasu bat.
Egun luze honen ondoren ohera joateko garaia ere iritsi zitzaigun, hurrengo egunean berriro ere makina bat hitzordu bait geneuzkan. Almoadaren gainean burua jarri eta sentsazioa honakoa: herri hau bizirik dago, bizirik jarraitu nahi du eta etsaia indartsua den arren eta ideia izugarriak dituen arren, aurrera egin beharra dago, asko dago egiteko, salatu, zabaldu eta borrokatzeko.
Azken urteotan Palestinako brigada PCHR (Giza eskubide zentroa) eta Health Work Commitees-en bitartez bideratu da. Horrela, errealitate politiko eta sozialaren ikuspegi ahalik eta osatuena izan zezaten, alderdi politiko, sindikatu, emakume elkarte eta preso politikoen elkarteekin elkarlanean jardun da. Brigadak uztaila eta abuztuan zehar burutu dira, Palestinako inguru ezberdinetan: Belen, Ramala, Nablus, Gaza...