JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL
Palestina gaur: genozidioak darrai Apartheid hesia
Israelek azken urteetan Palestinarrei euren lurrak kentzeko eta beren lurraldeetatik ateratzeko martxa jarri duen neurri lotsagarrienetakoa Apartheid Hesia da. 2002. urteko uztailean hasi ziren hesia eraikitzen. Bi urte geroago, 2004ko uztailaren 9an, Hagako Nazioarteko Zigor eta Justizia Epaitegiak banaketa hesia «legez kanpokoa eta nazioarteko legeen aurkakoa» zela ebatzi zuen. Nazio Batuen Erakundeak, berriz, 2004ko uztailaren 20an, hesia eraikitzea gaitzetsi zuen, eta eraikitze lanak bertan behera uztea eta hesia botatzea exijitu zuen. Israelek ez du inoiz bete ebazpen hori, besteak beste Israelek ez dituelako nazioarteko ebazpenak betetzen. Banaketa Hesiaren proiektuak 786 kilometro ditu; gaur egun 413 kilometro daude eraikita, eta beste 90 kilometro eraikitze bidean dira. Hesiaren proiektua amaitzen denerako, Palestina historikoaren %12ra murriztuta geldituko da egungo Palestina. Gainontzeko %88 Israelen jabetza izatera pasako da. Horiek horrela, 1948ko maiatzaren 14an Israelek Estatuaren sorrera alde bakarrekoa aldarrikatu zuenetik, Palestina 27.663 kilometro koadroko lurralde bat izatetik 3.320 kilometro koadroko lurraldetxo bat izatera igaro da, barne loturarik gabekoa, banandua eta bakartua. Hesia segurtasun arrazoiengatik egingo balitz, lerro berdea esaten zaion mugari jarraituz eraiki beharko lukete, hots, 1949. urteko lehen gerra arabiar-israeldarraren armistizioaren mugan barrena. Errealitatea agerian utzi dituk, beste behin, Israelen gezurrak. Jerusalen
Jerusalemen judeizazio prozesuak gelditu gabe dirau, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeko 181. ebazpenak Jerusalem estatu arabiarraren eta juduaren artean erdibanatzeko ezarri. Berriro ere Israelek nazioarteko legedia urratzen du. Zati arabiarraren erdia baino gehiago kolonizatu du eta jadanik Jerusalemen eremuaren %76 bereganatua du. Judeizazio politika hauek lursailen desjabetzeen bidez, arabiarren etxeak suntsituz, arabiarrei eraikuntza-baimenak ukatuz eta oinarrizko zerbitzu eta laguntzak ezeztuz egiten dira, eta gehienbat koloniak eraikiz. Nahiz eta Jerusalem Ekialdeko lagunek (arabiarrek) Mendebaldekoen (juduak) zerga berberak ordaintzen duten, udaleko aurrekontuen zati xiki bat besterik ez dute jasotzen. Hau errepideak edo argiteria bezalako oinarrizko azpiegituretan erraz antzeman daiteke, denak hondatuak eta bazter utziak baitaude Jerusalem hiriko udalbatzarraren erruz. Baina Israelgo gobernuaren ezaugarri arrazista azpimarratzen duen datu deigarriena zera da: Jerusalemgo arabiarren 'hiritartasun' estatusaren ukapena, 'Egoile' estatusa bakarrik ematen zaie, eta hau funtsik gabeko edozein arrazoirengatik gal daiteke: 'justifikaziorik' gabe beren herrialdetik aldentzea, Zisjordanian Israelen baimenik gabe egotea, zergaren bat ez ordaintzea… Hori guztia honako helburua lortze aldera: arabiar populazioaren kanporatzea, hiriaren erabateko judeizazioa lortu arte. Koloniak
60 urte hauetan Israel palestinarrei lurra lapurtzen egon da etengabe, jabetutako lur horietan legez kanpoko koloniak ezartzeko, besteak beste. 460.000 kolono israeldar daude 1967an okupatutako Palestinako lurraldeetan, 260.000 Zisjordanian eta 200.000 Jerusalem ekialdean. Bertan eurentzako soilik eta propio eraikitako errepide eta azpiegituretaz baliatzen dira. Israelek urtero izugarrizko dirutzak bideratzen ditu Zisjordanian hamarnaka legez kanpoko koloniak egiten jarraitzeko. Okupatutako lurralde palestinarrek soilik gauza bakarra ikusi dute azken hamarkadetan: kolonia sionisten hazkundea. Kolonia horiek lur palestinarrak hartzen dituzte; egunez egun koloniek gero eta lur eremu handiagoak hartzen dituzte. Lehen kolonoak 1978. urtean hasi ziren ezartzen lurralde okupatuetan, baina kolonien hazkundea 90. hamarkadan eman zen, Osloko akordioen garaian; teorian, akordio horiek 1967. urtean okupatutako lurraldeetan zeuden koloniak bertan behera uzteko balio izan behar zuten. Koloniak, palestinarrei euren lurrik onenak lapurtzen jarraitzeko beste estrategia bat. Errefuxiatuak
Errefuxiatu guneek hamaika istorio jasotzen dituzte; Israelgo estatuak suposatzen duen basakeria eta herri palestinarraren arteko borroka desorekatu honek 60 urte betetzen dituen honetan, gizakiaren onena eta txarrena batzen dituzten istorioak biltzen dira errefuxiatu guneetan. Bilatu gabe ere, etxe bakoitzean, izkina bakoitzean, errefuxiatu guneetako kalezulo estuenean istorioek gain egiten dizute: borrokako istorioak, minez betetako istorioak, sufrimenduen istorioak, erresistentzia istorioak, duintasun istorioak, pertsona umilen txikitasunetik kontatutako istorio handiak, naturaltasun handienarekin kontatutako istorioak. 2008. urteko maiatzean Israelgo Estatuaren sorreraren 60. urtemuga beteko da. Baina antolatuko diren ospakizun horien txanponaren beste aurpegiak ez du festarik ez omenaldirik ospatuko. Al Nakbaren edo hondamendiaren urtemugaz mintzo gara. Hondamendia edo katastrofea; hori izan baitzen, zehazki, Palestinako herriak 1946 eta 1949. urteen bitarteetan bizi izan zuena. Israeleko estatuaren sorrera ez zen izan ekintza isolatua izan, palestinarren garbiketa etnikoa helburu zuen plan baten atal nagusiena izan zen, Ilan Pappe historialari israeldarraren hitzak erabiliz. Sionismoak palestinako herriaren aurka daraman politikaren eredua, finean. Estatu sionistaren sorreraren ondorio zuzena Palestina historikoaren lurren %78aren nahitaezko desjabetzea izan zen, eta bertako herritarren %80aren kanporatzea. 1949ko abenduaren 8an Nazio Batuen Erakundeko Asanblada Orokorrak 302 ebazpena onartu zuen; beraren bidez UNRWA agentzia sortu zuen, palestinako errefuxiatuentzat sortutako agentzia berezia. Helburua sionisten indar armatuek euren etxeetatik bidalitako 914.000 palestinarrei rtenbidea ematea zen. Etxeak, lurrak, landak, harremanak ostu zitzaizkien. Euren bizimodua, finean. Gaur egun herri palestinarra osatzen duten hamar milioi lagunetatik ia %70 errefuxiatuak eta desplazatutako barne populazioa dira; horietatik 4,3 milioi errefuxiatu bezala daude erregistratuak Ekialde Hurbilean. Horietatik soilik heren bat, (1,4 milioi lagun gutxi gora behera), 59 errefuxiatu guneetan bizi dira. Errefuxiatu guneetako bizi baldintzak ikaragarri gogorrak dira, azpiegitura prekarioekin, bizitza duin bat aurrera eramatea guztiz galarazten duten kontzentrazio eremuak. Populazio dentsitatea ikaragarria da, eta horrek baldintza iraingarrietan biziaraztea derrigortzen die errefuxiatu palestinarrei. Eta, hain zuzen ere, argi izan behar dugu UNRWA ez zela sortu errefuxiatutako populazioaren arazoa konpontzeko. Gaurko egunez UNRWA hondamendi humanitarioa posible egiten duen sistemaren aurpegi atsegina izaten jarraitzeko du. Nazioarteko Kooperazio eta Garapen agentzia guztiak sortutako helburua bera izan zen: karitatea ematea, baina justiziarik gabe. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 13. artikuluak honakoa dio: euren etxea utzi behar izan zuten pertsonek euren aberrietara itzultzeko eskubidea dute. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren 12. artikuluak jasotzen du inori ezin zaiola arbitrarioki ukatu euren jatorrizko herrialdera itzultzeko aukera. Nazio Batuen Erakundearen Kontseilu Gorenaren 194 ebazpenak palestinar errefuxiatuen itzulera eskubidea onartzen du. Hori guztia horrela izan arren, Israelek nazioarteko legedia kontutan hartu gabe hartzen jarraitzen du, errefuxiatuei edozein eskubide mota ukatuz. Mendebaldeko herrialdeak, berriz, nazioarteko legedia bete eta betearaztea derrigortuta egon arren, finean Israelek egiten dituen gizateariaren aurkako krimenen konplize bihurtzen da. Gaza
365 kilometro koadro dituen lurralde txikia da Gaza, eta bertan 1.470.000 lagun bizi dira, horietatik %80 pobreziaren mugaren azpitik. Bizimodua gogorra eta jasangaitza da. Azken urteetan Israelek Gazako herritarren aurkako genozidioarekin jarraitu du; batetik bertako azpiegitura nagusiak suntsituz, eta, bestetik ehunka palestinar hilaz. Iragan urtean 346 izan ziren, horietatik 76 haurrak.
Israelek genozidio honekin jarraitzen du, betiere nazioarteko komunitateko konplizitatearekin. Aire librean dagoen kartzela bat da gaur egun Gaza. Israelek kontrolatzen du, Gaza ‘kontzentrazio-esparru’ bat bihurtuz. Guztia, dena, Israelen kontrolpean dago: aire eremua, itsas eremua eta baita lurreko mugak ere. Israelek erabakitzen du elikagairik sartzen diren ala ez, eta, baita ere pasabidea irekitzen duenean zein elikagai pasako diren edo ez. Israelek erabakitzen du ere sendagarria sar daitezkeen eta zein motatakoak. Baina okerrena da inork ez duela mugimendu askatasunik.
Palestinarra baldin bazara, berdin dio gaixorik bazaude edo Gazatik ospitaleren batera atera behar baduzu; ez du axola zure ama hil bada eta Europatik (han bizi zarelako) hiletara joan nahi baduzu. Edozein kasutan %99ko aukera daukazu soldadu israeldarrak pasatzen ez uzteko. Zure argudioek ez dute axola, zure beharrak, zure baimen ofizialak, berdin dio Nazio Batuen Erakundeko kide izatea edo pertsona xume bat. Israelek erabakiko du sar zaitezkeen ala ez, atera zaitezkeen ala ez. Israelek erabakitzen du noiz eta nola. Erresintentzia
Nazio Batuen Erakundearen 42/195 ebazpenak, 1987ko abenduaren 7koa, herri orok okupaziotik defenditzeko eskubidea duela esaten du. Erakunde bereko 242 ebazpenak, 1967koa, Israeli exijitzen dio Gaza eta Zisjordaniako lurralde okupatuetatik alde egin behar duela. Bi ebazpen hauetan oinarriturik, palestinarrek, eskubide moralaz gain, legezko eskubidea dute edozein erresistentzia mota egiteko: erresistentzia pasiboa, erresistentzia eraginkorra, desobedientzia zibila eta baita ere erresistentzia armatua.
Beraiek bakarrik aukeratu beharko dute zein motatako erresistentzia den egokiena une eta egoera bakoitzean eta palestinar herria da zein estrategia jarraitu behar duen erabaki behar duena. Hortaz, ez dugu ahaztu behar hilketa guztien errudun bakarra Israelgo estatu arrazista dela, bai palestinarrena, baita israeldarrena ere. Kanpoko gizarte zibilok baldintzarik gabe lagundu behar ditugu palestinar herriaren borroka eta bere bidezko erresistentzia (erresistentzia mota edozein dela ere). Palestinarren borroka justiziaren aldeko borroka da, herrien askatasunaren borroka, duintasunaren aldeko borroka.
|