Portada Bereziak #EzTTIPEzCETA Hitzarmen neoliberalei ez! Herriok erabaki!
Hitzarmen neoliberalei ez! Herriok erabaki! PDF Inprimatu Email
2017/12/11

[Euskal Herriak TTIP eta CETA ez! eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta] Merkataritza-fluxuak eta mundu-mailako inbertsioa liberalizatzeko kapitalaren agendak, ezinbestekoan, bereari eusten dio: Munduko Merkataritza Antolakundeak (OMC) abenduaren 10etik 13ra arte elkartuko da Buenos Airesen, gobernantza neoliberalarena den bitarteko hau berrabiarazi nahian, Dohako Erronda izenekoak etengabe porrot egin ondoren. Horrela, berriro sustatu nahi da enpresa transnazional handien menpe dagoen merkatu handi orokor desarautua osatzeko aspaldiko ametsa, agenda korporatibo berriaren mugarri eta elementu berriak bilduko duen akordio aldeaniztuna sinatuz.

Munduko Merkataritza Antolakundea eta hitzarmen saldo berria
Ekonomia neoliberalaren gobernantzaren muinean Munduko Merkataritza Antolakundea kokatzeko saiakera berri hau fronte osagarri batzuk dituen ofentsiba zabal batean kokatzen da. Horien artean, garrantzitsuena, merkataritza eta inbertsio hitzarmenen saldo berria dugu, non azken urteotan hedabideen palestrara ekarri duten, eta hainbat eta hainbat berrikuntza dakartzan, zein baino zein kaltegarriagoak herrimailentzat. Belaunaldi berriko hitzarmenez ari gara.

Europako Batasunak, eta haren baitan Espainiako Estatua nabarmenki, aitzindari dihardute kapitalaren eraso berri honetan. Honela, urriaren 27an (Kataluniako herriaren aurka 155. artikuluaren ezarpena onartu zen egun berean hain zuzen), Espainiako senatuak oniritzia eman zion, PP eta EAJren botoekin, Europako Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA hitzarmena berresteari. E.B.ren ustean, hitzarmen eredugarria dugu, hots, aldi berri honetan sustatu nahi omen diren gailu nagusiak hartan biltzen dira: muga-zergak deuseztatzen dira, enpresak eta estatuen arteko liskarrak ebazteko bitartekoak (arbitraje-epaimahaiez ari gara, non enpresek estatuak sala ditzaketen) eta batik bat, konbergentzia arautzailea izenekoa. Baliabide honen bitartez armonizatu nahi da, beherako joera duten estandarrak ezarriz, merkataritza eta inbertsio fluxuei eragin liezaiekeen araudi oro: lan eskubideak, ingurugiroa, zerbitzu publikoak, etab.

Horrela, beherako joera duen armonizatze horrek gure bizitzetan berehalako ondorioak lituzke: enplegua suntsituko litzateke, lan eskubideak galduko lirateke, hitzarmen kolektiboak zalantzan jarriko lirateke, guztiona eta publikoa dena pribatizatuko litzateke (osasungintza, hezkuntza, pentsioak,…), gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko xedean egin politiken inplementazioari trabak paratuko litzaizkioke, botiken kostua handituko litzateke, EB-en galaraziak dauden elikagaiak prozesatzeko jarduteari ateak zabalduz elikagaien kalitate-estandarrak urrituko lirateke. Eta abar luze bat.
Europa, gaur egun, beste 25 herri eta eskualdeetako erakundeekin mota honetako hitzarmenak negoziatzen ari da, adibidez, Japoniarekin, Mercosurrekin edota Indiarekin, besteak beste. Honi  agokionez, nahitaezko bi hitzarmen nabarmentzen dira, politika eta ekonomia mailan, sinatzaileek duten garrantziagatik, nahiz barne hartzen duten gaiak agerikoak direlako: TTIP eta TISA. Aurrena, Ameriketako Estatu Batuekin negoziatu behar zen, 2015. urtean, EB-k lehentasun estrategikotzat definitu arren, gaur egun zokoratua dago, Donald Trumpen agenda erreakzionarioarekin talka egin duelako; hala ere, haren behin-betiko estrategia hitzarmen mota honekiko gauzatzeke dago oraindik. Hala ere, CETAk EB-ko ateak zabaltzen dizkie Estatu Batuetako multinazional nagusiei, hauetako askok Kanadan dauzkaten filialen bidez sartuko direlako Europan. Bigarrenak zerbitzuen opil handiari eragiten dio, zeinak gure gizartearen jarduera ekonomikoaren ia %70a ordezkatzen duen. TISArekin, mundumailako kapitalak, alde batetik, haren bidea eragotz ditzaketen arauketak ezabatu nahi ditu, horrela, bidea are garbiagoa izan dezaten zerbitzu transnazionalez hornitzen dituzten korporazioek (inportazioak, portuak, bankuko operazioak, pertsonen joanetorriak eta lan-esku merkea), eta bestetik, zerbitzu publikoak are gehiago zabal daitezen merkatura. Neurri honek eragingo lieke beraien artean oso ezberdinak diren esparruei, adibidez, bertako elikagaiez kudeatu eskola-txikiari nahiz ur-zerbitzua berriro udalaren esku gera dadin saiatzen ari den administrazioari. Oro har, gure ondasun eta
zerbitzu komunak (adibidez, garraio publikoa eta hezkuntza) apur bat demokratikoa izan daitekeen kudeaketa inplementatzeko aukerari nahiz zaintzako zerbitzu publikoen eskaintza urria handitu ahal izateari egiten zaien eraso ikaragarri batez ari gara, hauek ezinbestekoak izanik berdintasun mailan aurrera egin dezagun. Honez gain, ahalik eta mozkin handien lortzeko logika bakarrak eragin handia izango du hauen hartzaileen babesean.

Hortaz, esan dezakegu eraso honetan, erabateko lausoz eta obskurantismoz, ulergaitza gertatzen den letra-zopa bitartez negoziatuta, ongizate estatuaren azken zirrikituak estali nahi dituztela, gure eskubideak gutxiengo baten esku dauden erosgai hutsetara murriztuz. Eta esparru horretan sortzen da Munduko Merkataritza Antolakundea, korporatiben agendako erreferentziazko tarte gisa berriro sustatzeko ekimena. Pertsonok eta planeta osoa xake-taula orokor baten fitxak gara; Argentinan jokatuko da hurrengo partida.

Buenos Aires: herrien hitzordu saihetsezina
Abenduan, Buenos Airesen egingo den gailurra enpresa transnazionalen menpe legokeen estrategia finkatzeko saiakeretan giltzarria izango da. Aldeaniztasuna zabaldu nahi dute, egun arte, hori bitariko akordio bidez hedatu da. Beraz, gure eskubideak eta herri-burujabetza mehatxatzen duen jauzi kualitatibo batez ari gara, eta horretan, funtsezkoa deritzagu erasoaren garrantziaren pare egongo den erantzuna artikulatzeari.

Hain zuzen ere, Munduko Merkataritza Antolakundea edota Nazioarteko Moneta Funtsa bezalako erakunde ez-demokratikoen bidez, kapitalismo heteropatriarkala, merkataritza eta inbertsio hitzarmen hauekin batera estuki jardunez, salerosketa gai hutsak garen eredu honen oinarriak eta haren bizitzeko modu hegemonikoaren agendan sendotzen ahalegintzen da. Finantzen desarautzeak, gure eskubideak urritzeak, militarizazioak, xenofobiak, bizitzaren alderdi guztiak merkaturatzeak gure biziraupen bera arriskuan jartzen dute; dagoeneko hori gertatzen zaie arrazoi ekonomikoengatik piztu diren gerretan, beren herriak utzi behar izan dituzten edota baztertuak diren milioika pertsonari mundu zabalean, gordinki esanez, sistemaren ikuspegian, “ez dutelako balio”.

Monopoly ero honetan, agertu berri den bide batetik lehiatzen ari dira: merkataritza elektronikoa eta datuen jabetza. Horixe dira hain zuen Munduko Merkataritza Antolakundeak egingo duen Gailurrean lehenetsiko diren eztabaidagaiak. Buenos Airesen, merkatu berri hauen lerro nagusiak marrazten saiatuko dira, hauen liberalizazio zabala sustatuz. Honek beraien artean oso ezberdinak diren esparruei eragingo die, adibidez, datu pertsonalen banaketa eta jabetza mugatu ez izateari (salerosketa edota lurraldeak erostea adibidez), segurtasunaren izenean libertateak murrizteari, ezagutzaren espoliazioari edota teknologien kontrolari.

Laburbilduz, Buenos Airesen egingo den Gailurra bizitzaren merkaturatze guneak handitzeko estrategiaren giltzarria da, beti ere, korporazio handi gutxi batzuen mozkinen menpe. Bizi dugun dimentsio anitzeko krisialdi-egoeran gaudela (elikadurarena, zaintzarena, ekonomiarena, ingurugiroarena,…), gailur honetan erabakiko denak egoera larriagotuko du soilik, eredu honi, egungo abagunera ekarri
gaituen ereduari hain zuzen, egiten zaion estutze berria delako.

Gaur egun, herriok erabakigarriak izan behar dugu bizitza beraren aldeko borroka honetan: kalera atereaz, elkartasunean, berdintasunean, bizitzaren zaintza kolektiboan, auto-kudeaketan eta elkarrekiko laguntzan, tokian tokiko botereak indartuz eta merkatuek eta hauen gaizkideek darabilten logika kriminalari desobedituz. Horretan, aurki, lehen hitzordua izango dugu mobilizazioarekin, baita Euskal Herrian ere, Munduko Merkataritza Antolakundeak egingo duen Gailurrari aurre egiteko.

 
Banner

 

TWITTER KI

Herriak.org Buletina

Gure albiste buletina jaso nahi baduzu, datu hauek bidali.

HTML onartu?