Maiatza hondamendiaren hila izan ohi da palestinarrentzat, izan ere, hilaren 15ean Israelgo estatuaren sorreraren eguna oroitzen dute; Nakba, alegia, hondamendia arabieraz. Hori dela eta, Euskal Herria-Palestina Sareak aste osoko egitaraua prestatu du, punturik gorena Palestina Eguna izango duena. Jai eta protesta egunak Elizondon izango du hitzordua aurten. Astean zehar mundu mailako aditu garrantzitsuenetakoak izango ditugu gurean bisitan. Horietako batzuen testigantzak izan ditugu entzungai gaurko atalean, besteak beste, Ilan Pappe historialari israeldar antisionistarena eta James Petras soziologo estatubatuarrarena.
Aste honetako saioan Jassika Devliegererekin solasean izan gara. Jessika Palestinako lehenengo zirko eskolako sortzaileetako bat dugu. Bertan aspaldi antzerkigintzan ziharduen Shadirekin elkarlanean proiektu hau jarri zuen abian, 2006an. Geroztik Zisjordania eta Gazara hedatu dira haur eta nerabe palestinarrei irribarre bat eramateko eta zirkoaren arte disziplina anitzetan trebatzeko. Zazpi urte hauetan badira profesionalak izatera ere iritsi diren gazteak eta proiektuak inoiz baino sendoago aurrera darrai.
Aste honetan Marcel Masferrer izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Marcel Catalunyako BDZ taldeko kidea dugu eta ekimenaren ibilbideaz gain azken aldian eskuartean duten FC Barcelonaren aurkako boikot kanpainiaz ere mintzatu zaigu. Barsa Isaelgo selekzio baten kontra jokatzekoa da, Israelen bertan, aurtengo uztailean. Itxuraz, bakearen aldeko partida bada ere, Israelek baliatuko du kirol ikuskizuna bere irudi publikoa zuritzeko eta zilegitasuna emateko nazioarte mailan bere politikei. Catalunyako futbol taldeak, berriz, bere irudia jarriko du Israelgo normalizazio estrategiaren mesedera, okupatzailea eta okupatua mail berean jarriz. Zurikeria kanpainia hori salatzeko BDZ mugimenduak zenbait ekimen antolatu ditu Catalunyan eta horiexek izango ditugo mintzagai gaurko elkarrizketan.
1948 Apirilaren 9an talde paramilitar sionistek Palestinako historiako sarraskirik ankerrenetako bat burutu zuten Deir Yassin herrian. Gaur egunera arte eraildakoen kopurua zehazteke badago ere, gutxi atera ziren bizirik 600 laguneko herrixka hartatik. Erasotzaileek berebiziko bortizkeria baliatu zuten triskantza hartan: bortzaketak, labankadaz goitik behera jositako gorpuzkinak, gizon-emakume eta haurrak erailda eta irainduak... Orduko indar okupatzaile britaniarrek ere barrabaskeriaren biktimen testigantzak jaso zituzten. Horrenbesteko doaneko krudelkeriak, baina, helburu argi bat izan zuen: beldurra hedatzea inguruko herri palestinarren artean eta erbesteratze masiborako txinparta piztea. 65 urte geroago, gaur egunera arte etenik izan ez duen Palestinako garbiketa etnikoaren pasarte makabroenetako bat izan dugu gogoan Uhintifadako mikrofonootan.
Aste honetan islamofobia izan dugu aztergai Uhintifadaren mikrofonootan. Horretarako Eguzki Irratiko Intifada Mundiala saioan egindako bi elkarrizketa izan ditugu entzungai: batetik, Amparo Sanchez Roselli, Islamofobiaren Aurkako Plataformako presidenteari, egindakoa; eta bestetik, Teresa Arangurenekin, herrialde arabiarretan aditua den kazetariarekin, izandako solasaldia. Batak zein besteak aztertu egin dute Europan, eta zehatzago gure gizartean eta hedabideetan, gero eta hedatuta dagoen arrazismo mota hori; eta ezjakintasunez elikatuta goraka doan musulmanen eta arabiarren aurkako gorroto sentimendu hori.
Astelehenero 20:00-21:00 tartean, "Uhintifada" da Hala Bedi Irratiaren uhin askeetako palestinarren ahotsa. Palestinari buruz eta berarekin jarduten duen programa da. Mundu mailako intifadarako gonbidapena. Eta orain baita Bilboko Tas-Tas irratian ere saioa entzun dezakezu, igandero 11:00etatik 12:00etara. Adi guztiok seinalera!