UHintifada 336: Fayez Badawi (FPLP): «Soilik batasunaren eta erresistentziaren bidez lortuko dugu dure eskubideak eskuratzea» Inprimatu
2019/01/14

FayezBadira aste batzuk Fayez Badawi, PFLP alderdiak Europarako duen bozeramalea, Euskal Herrian bisitan izan zela; eta orduan harekiko izan genuen solasaldia aste honetan eskaini dizuegu Uhintifadako mikrofonootan. Badawi Tal Az-Zatar errefuxiatuen kanpamenduan jaio zen, Beiruteko ekialdean. Gerora kanpamendu hori 1976an birrindu zuten. 1982an Ariel Sharonek Chatilako errefuxiatuen kanpamenduan burutu zuen sarraskiaren lekuko zuzena izan zen. Ibilbide pertsonal hori lagun, oso gazterik, PFLP alderdian militatzen hasi zen.
Bere jardunean Palestinako ezker iraultzailearen alderdi nagusiaren ibilbide historikoaz aritu zaigu, eta gogoan izan ditu Israelgo kartzeletan dauden erakundeko burkideak; besteak beste; Idazkari Nagusia, Ahmed Saadat; eta Khalida Jarrar diputatua. Palestinako Aginte Nazionalaren papera kritikatu du eta ukatu egin dio herri palestinarra ordezkatzeko zilegitasun demokratikoa. Salatu du, halaber, PANren okupatzaileekiko kolaborazioa. Aldarrikatu du populazio errefuxiatuak jaioterrira bueltatzeko duen eskubidea, eta batasuna eta erresistentzia; horiexek baitira, haren esanetan, euren eskubideak eskuratzeko bidea. Balioetsi egin du BDZ kanpainia Palestinako erresistentziarako lagungarria dela; eta adierazi du bere erakundeak bat egin duela "Itzulerako Martxa" izeneko kanpainiarekin. Bestetik, salatu du Israelek Ekialde Hurbil osoan duen eskuartzea, eta nola jokatzen duen inperialismoak eskualde horretan dituen interesak bermatzeko.