2022/02/10 |
Azken asteotan EAJren kordako prentsa-hedabideek goraipatu dute CAF euskal trengintza enpresak 500 milioitik gorako kontratua lortu duela Tel Aviveko tranbiaren linea berri bat eraikitzeko. Kontratu honen esleipenaren albisteak zer pentsatu ematen du. Akaso emandako zerbitzuen ordainetan esleituko zioten, izan ere, gauza jakina da Beasaingo enpresak esku hartze zuzena daukala okupatutako eremuak zeharkatu eta Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen apartheid trenbidearen proiektuan. Edo beharbada, kalte ordain moduko bat izan liteteke, nazioarteko legediarekin talka egiten duen proiektu horretan parte hartzeagatik konpainia gipuzkoarrak kaltetuta ikus dezakeelako bere irudi korporatiboa.
Aste honetako atalean Santiago Gonzalez Vallejo ekonomilaria eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea izan dugu gonbidatuta gure mikrofonootan, administrazio sionistarekiko kontratu berri honen gora beherak aztertzeko, eta apartheidaren tranbiaren proiektua zertan den analizatzeko. Gonzalezek kokatu du azken kontratu hau CAFek Israeleko jarduera epe laburrean hazteko darabilen apostu estrategikoaren barruan, eta ohartarazi du esleipena jakinarazi dela hain zuzen ere Amnesty International erakundeak txostena kaleratu duen aste berean, izan ere, txosten horretan erakunde humanitarioak adierazi du Israel apartheid erregimen bat dela. Azaldu du CAFek eregimen sionistarekiko harremanak sendotzen ari den neurri berean, munduko beste toki batzuetan akziodunen eta inbertsiogileen kapitala galtzen ari dela harreman horien ondorioz, eta Norbegiako kasua aipatu du. Hango inbertsio funts nazional nagusiak CAFen zeukan akzioen kopurua murriztu egin du. Ohartarazi du Israelgo jarduera dela-eta CAFek agian epe laburrean etekina atera badezakeen ere, gerora kontratuak gal ditzakeela mundu osoan. Bestalde, azaldu du proiektu hauetan guztietan CAFek duen bazkidea, Israelgo Shapir konpainia, NBEko zerrenda beltzean dagoela bere jarduera eremu okupatuetan garatzen duelako eta Palestinako okupazioarekin aberasten ari delako, eta hainbat eragile lanean ari direla zerreanda hori berritzen dutenean Beasaingo konpainia ere bertan ager dadin. Hori gertatuko balitz, astindu handia izango litzateke nazioarte mailan enpresa gipuzkoarrarentzat eta bere irudi korporatiboarentzat.
|
2022/02/01 |
Aste honten EAEko erakundeen eta Israelgo estatuaren arteko harreman militarrak izango ditugu aztergai, El Salto-Hordago egunkariak iragan irailean argitaratutako ikerketa erreportai mamitsu baten harira. Artikuluak euskal administrazioko zenbait erakundek Guardian Defense & Homelan Securities konpainia israeldarrarekin sinatutako milioika euroko kontratuak aztertzen zituen xehetasun handiz. Enpresa hori Ilan Arzoolanek zuzentzen du, Israelgo Inteligentzia Zerbitzuetako agente ohi batek. Erreportaia NOVACT institututak egindako ikerkuntza lan batean oinarrituta zegoen. Gai mamitsu hau jorratzeko Carlos Diaz izan dugu solaskide gure mikrofonootan. Diaz Mediterraneoko Giza Eskubideen eta Enpresen Behatokiko (ODHE) ikertzailea da eta ikerketa honetako kolaboratzailea. Bere jardunean azaldu digu enpresa honek eskaintzen dituen zerbitzuak polizia ekipamenduekin eta teknologiekin hornitzea baino harago doala, eta horrez gain, polizia taldeei trebekuntza eta aholkularitza zerbitzuak ere ematen dizkietela. Salatu du, halaber, gure administrazioekin elkarlanean ari den empresa honek, eta sektoreko beste zenbaitek, ibilbide luzea daukatela Palestinan giza eskubideak urratzen. Nabarmendu du, besteak beste, Bilbon egitekoa zen Eurokopa futbol lehiaketarako segurtasunaren kontratua, eta nola mota horretako kontratuen bitartez enpresa horiek ari diren apurka-apurka kontratazio publikoen esparruan muturra sartzen. Bestalde, salatu du administrazioek poliziarentzako ekipamendu horiek erosten dituztela palestinarren aurkako gerrako testuinguru errealean erabili direlako kalitatezko bermea daukatelako. Gainera, lotu ditu Israelgo segurtasun enpresa horiekiko kontratuak poliziaren militarizazio prozesuarekin, eta poliziaren zereginen esternalizazio prozesuarekin. Salatu du, bestetik, Israelek zerikusi handia duela gizarte kontrolerako eta zainketa masiboko teknologien garapenean, eta gerora teknologia horiek mundu osoan erabiltzen direla, hala nola, sakelako telefonoaren bidezko espioitza, aurpegia ezagutzeko teknologia... Teknologia horiek gerrako testuinguru batean sortu dituzte baina hemen disidentzia politikoa espiatzeko edo sektore pribatuaren helburu komertzialetarako. Haren iritziz, bizi dutun egoera kaotikoan ari gara askatasunen murrizketak onartzen segurtasunaren mesedean, eta beste testuinguru batean ez genituzkeen sekula aldaketa hauek onartuko.
|
2022/01/25 |
Aste honetako atalean Gazako zerrendako aktualitateko kronika izan dugu entzungai Mussa´ab Bashir kazetari eta itzultzaile gazatarraren eskutik. Bashir preso politiko ohia da eta gure irratsaioko ohiko kolaboratzailea. Bere jardunean Israelek Gazako zerrendan inauguratu berri duen harresia izan du hizpide. Azpiegitura erraldoi hori eraikitzen hiru urtetik gora eman dute, eta gizarte kontrolerako teknologia aurreratuenez hornituta dago. Murru hori Gazako setioa areagotzen duen hesi berri bat da. Salatu du, halaber, Israelek akurien modura erabiltzen duela Palestinako populazioa teknologia militarra probatzeko, eta gerora euren produktuak "benetako gerrako testuinguruan probatua" zigiluaz saldu ahal izateko. Bestalde, azaldu du nola azpiegitura horrek balio duen Gazako zerrendara sartzen den ur emaria kontrolatzeko. Modu horretan, Israelek kontrolpean dauka Gazan sartzen den ura, eta aldiro eurite garaian uholdeak nahita eragiten dituzte, edo beste batzuetan akuiferoak sikatzen uzten dituzte eta ur iturriak kutsatu egiten dira. Horrek eragin zuzena dauka, haren esanetan, gero eta larriagoa den egoera humanitarioan. Gainera, kontatu digu Itzuleraren Martxak izeneko ekimenaren aurkako errepresioaren ondotik, milaka eta milaka pertsona daudela mutilatuta, eta mutilatu horiek osasun sistema kolapsatzen dutela, eta egoerak dagoeneko gainezka egin duela. Bestetik, Hamasek Gazako zerrenda nola gobernatzen duen ere kritikatu du.
|
2022/01/18 |
Aspalditik tradizio bilakatu den ohitura bati eutsi diogu Uhintifadan, urteroko azken saioari Juani Rishmawi gure kolaboratzaileak Belenetik ekartzen zigun kronikaz agur egiteari. Mendebaldeko kultura hegemonikoak arretaren jomugan jarri ohi du Zisjordaniako herri hori Gabon garaietan, eta guk aitzakia hori baliatzen genuen Belengo okupazioaren menpeko bizimoduaren errealitatearen testigantza jasotzeko. Zeregin horretan Juani izan dugu azken urteotan bidelagun, bere lekukotasun gertu eta apasionatua ematen. Aurten, berriz, hutsune bat izan dugu programazioan, izan ere, gure lankidea, duela 30 urtetik gora Health Work Committees erakunde palestinarrean lan humanitarioan badihardu ere, Israelgo espetxe militar batean dago. Duela bederatzi hilabete erregimen sionistak bahitu egin zuen bere jardun humanitarioagatik. Juaniren egoeraren berri izateko Teresa Aranguren kazetaria gonbidatu dugu gure mikrofonootara. Arangurenek eskarmentu handia dauka Ekialde Hurbilean, bertan hasi baitzuen bere ibilbide profesionala 80ko hamarkadan Libanoko gerraren lekukotasuna ematen, eta horrez gain, Juani askatzeko kanpainiaren bozeramalea ere bada. Bere jardunean espetxealdiko hilabete hauetan gure kolaboratzaileak pairatu duen egoeraren balantzea egin digu, eta bere epaiketa-egoera zertan den ere azaldu digu. Salatu du Israelgo erregimena Juanirekin erakusten ari den ankerkeria gainontzeko preso palestinarren kontra darabilenaren antzekoa dela, eta estrategia politiko bat duela helburu: eskarmentu eredugarria ematea, izu giroa sortzea eta inpunitate irudia ematea. Halaber, azaldu du Juaniren espetxeratzea Palestinako erakundeen kontrako ilegalizazio kanpainia orokorrago baten bailan kokatzen dela, eta kanpaina horren xedea Palestinako elkarte sarea deusestatzea dela, izan ere, elkarte horiek Palestinako gizarteateren kohesiorako eta okupazioari aurre egiteko ezinbesteko tresna dira. Bestalde, kritikatu du adierazpen hutsal batzuk salbu ez dela izan Europar Batasuneko ebazpenik Israelen kontra, ez kasu honetan, ez etengabeko giza eskubideen urraketei dagokionean, eta horrek Israelgo inpunitatea elikatu eta Europar Batasuneko jarrera ahuldu egiten duela nazioarteko testuinguruan.
|
|
|