Portada Multimedia
Multimedia
UHintifada 437: Jaldia Abubakra: «Miresgarria da Gazako jendearen erresistentzia gaitasuna. Oinarrizkoena falta bazaie ere, eta aire zabaleko kartzela batean bizi izanagatik, bizimodu duin bati eusten jarraitzen dute» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/10/04

Uh437-eAste honetako atalean Gazako egoera jarri dugu arretaren jomugan, izan ere, iragan abuztuan Israelgo okupazio armadak beste eraso bat burutu zuen kostaldeko eskualdearen kontra, eta 50 lagunetik gora hil zituen. Oraingo honetan Jaldia Abubakra ekintzaile palestinarra izango da Uhintifadako mikrofonootara egunerokotasuneko kronika ekarriko digun solaskidea. Abubakra Palestinako diasporako kidea da. Gazan jaio zen, 48an okupatutako eremuetan kokatutako Beerseba herritik erbesteratutako errefuxiatuen familia baten baitan. Gainera, Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiborako Mugimendua) mugimenduko sortzaile eta bultzatzaileetako bat da. Uda honetan, zenbait urteren buruan, bere jaioterria bisitatzeko aukera izan du, eta hango egoeraren berri eman digu. Bere jardunean Egiptorekiko mugan zehar Gazara sartzeko bizi izan zituen gora beherez hitz egin digu, izan ere, sarrera bereziki zaila izaten da daisporako palestinarrentzat edo Palestinaren aldeko ekintzaileentzat. Duela 16 urtetik gora luzatzen den blokeo horrek pertsonen eta oinarrizko lehengaien sarrerari eragiten die; baina baita irterari ere, esaterako, tratamendu medikua jasotzeko atera behar diren askok ezin izaten dute egin. Arreta deitu du, halaber, Gazako jendeak erakusten duen erresistentzia gaitasunaren inguruan, izan ere, blokeoaren ondorioz oinarrizko beharrak asetu ezin badituzte ere, bizitzeko gogoari eusten diote. Hala ere, ohartarazi du bereziki gazteek pairatzen duten egoera jasanezina dela, inongo baliabiderik ez dutelako, eta zenbaitek ihes egitea edo buruaz beste egitea beste irtenbiderik ez dutela. Bestalde, blokeoak Gazako ekonomia zaurgarriaren gainean duen eraginaz ere hitz egin digu. Bertan ekoiztutako produktuak ezin dira kanpora saldu, eta zenbaitetan eraso zuzenak ere burutzen dituzte nekazari eta arrantzaleen kontra. Egoera horri gaineratu behar zaio ur edangarria eta argindar elektrikoa lortzeko ezintasuna, eta gaixotasun kronikoen gorakada, hala nola, Israelek jaurtitako gai toxikoek eragindako minbiziak. Bestetik, Gaza eta Zisjordaniaren arteko banaketa geografiko, administratibo eta politikoa ere izan du hizpide, eta nola elikatzen duen Israelek banaketa hori. Haren esanetan, Fatah okupazio indarrak zaindutako autonomia baten tranpan erori da, eta haren mesedera dihardu, besteak beste, erresistentzia zilegia erasotuz. Zalantzan jarri du, era berean, Palestinako Agintearen zilegitasuna, ez bakarrik prozedura demokratiko baten bermea ez daukalako, baita populazio errefuxiatu eta erbesteratuak erakunde horretan ordezkaritzarik ez duelako ere.
Beste aldetik, Masar Badil mugimenduaren berri ere eman digu. Mugimendu horrek diasporako eta eremu okupatuetako palestinarrak koordinatzen ditu ibilbide iraultzaile alternatibo baten inguruan. Urrian urtebete beteko da ekimena abian jarri zenetik eta Bruselan antolatu duten ekitaldien egitarau oparo batez ospatuko dute.


 
Uhintifada 436: Teresa Aranguren: «Sabra eta Chatilako sarraskiak XX. mendeko krimen lazgarrienetako bat dira, krimen lazgarriz betetako mende bateko lazgarrienetakoak» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/09/27

UH436-eUhintifadako denboraldi berri bati hasiera eman diogu historia garaikideko gertakari lazgarrienetako bat oroitzen dugun aste berean. Izan ere, iragan irailaren 16an 40 urte bete ziren Sabra eta Chatilako sarraskietatik. 1982ko egun haietan Libanoko Falange Kristauaren miliziek, Israelgo armadarekin elkarlanean, Beirut mendebaldeko errefuxiatuen kanpamendu horietan sartu eta 3500 herritaretik gora erail zituzten. Handik hilabete batzuetara NBEko Batzar Nagusiak berak genozidio krimen izendatu zuen triskantza hura, baina lau hamarkada geroago oraindik ez dira zuritu hilketa haren inguruko erantzunkizunak. Gertaera lazgarri haien inguruko oroimen historiko ariketa bat egiteko, itzal handiko gonbidatua izan dugu Uhintifadako mikrofonootan, Teresa Aranguren kazetari beteranoa. Aranguren Mundo Obrero agerkariko korrespontsala zen Libanon zorigaiztoko egun haietan, eta oso gertutik bizi izan zituen istorio odoltsu haren aurrekariak. Bere jardunean sarraski hari bidea eman zion testuinguru historikoaz hitz egin digu. Bere esanetan eraso hura propio bideratuta zegoen zahar, emakume eta umeen kontra. Salatu du, halaber, Israelgo armadaren eta Ariel Sharon bezalako pertsonaien esku hartzea ezinbestekoa izan zela sarraskia antolatzeko, gaur egun arte Israelek bere erantzunkizuna sekula onartu ez badu ere. Triskantzaren ondorengo egunetan krimenaren lekura sartu ahal izan ziren nazioarteko kazetari gutxien testigantza ikaragarriak ere izan ditu hizpide. Azaldu du garai hartako teknologia baliabide eskasak zirela, eta israelgo blokeoaren ondorioz, oso zaila izan zela gertatzen ari zenaren berri ematea. Kontatu du lau hamarkada geroago kanpaleku haiek auzune gainpopulatu eta txirotuak direla, bertan gertaera haiek gogoratzeko oroitarri xume bat baino ez dagoela. Azkenik, salatu du sarraski haiek XX. mendeko krimen lazgarrienetako bat izan baziren ere, ez direla sekula haien gaineko erantzunkizunak zuritu.

 
UHintifada 435: Ahoztar Zelaieta: «Ertzaintza espioitzarako teknologiaz hornitzen duten enpresa israeldarrek leku nabarmena dute nazioarteko armagintzako merkatuetan, eta hertsiki lotuta daude Israelgo armadari eta mundu osoko diktadura erregimenei» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/06/15

UH435-eAzken hilabeteotan polemika handia piztu dute espainiar estatuan espioitzaren inguruko salaketek. Horien arabera, estatuko aparatuek politikari eta ekintzaileak zelatatu dituzte, arlo independentistakoak nagusiki, Pegasus programa baliatuz. Israelen ekoiztutako software hori sakelako telefonoetan txertatzen da, erabiltzaileak jakinaren gainean ez daudelarik, eta zelatatzerako tresna bihurtzen ditu aparailuak. Baina zaintza masiborako teknologia horren erabilera ez da Espainiako estatuko estolderiaren kontua bakarrik, gauza frogatua baita Ertzaintzak zein Eusko Jaurlaritzako inteligentzia zerbitzuek ere programa hori edo antzekoak erabili dituztela. Horixe erakutsi du gure aste honetako solaskideak; Ahoztar Zelaieta kazetari, kriminologo eta ikerlariak; El Salto egunkarian argitaratutako erreportai sorta batean. Bertan burututako ikerketen berri eman digu.
Zelaietak azaldu du euskal polizia autonomikoak Verint Systems enpresak ekoiztutako software bat baliatu duela telefono bidezko komunikazioetan esku hartzeko. Israelgo inteligentzia enpresa hori NSO Group erosten saiatu zen, hau da, Pegasus softwarea merkaturatu duen konpainia. 2006 urtetik sistema horren mantenua Excem enpresaren esku dago. Enpresa hori haren ordezkaria da espainiar estatuan, eta PPren "polizia patriotiko" zein Defentsa Ministerioaren hornitzaile teknologikoa. Kritikatu du, bestalde, EAJren hipokresia, izan ere, Madrilen Pegasus bidezko espioitza sarearen dokumentuak desklasifikatzea eskatzen duen bitartean, EAEn "segurtasun arrazoiak direla-eta sekretutzat" jo du Ertzaintzak komunikazioak zelatatzeko baliatzen duen sistemaren inguruko espedientea. Salatu du, gainera, Israelgo enpresa hauek espioitzarako softwareen hornitzaile nagusiak direla mundu mailan, lotura estua dutela erregimen sionistako armadarekin, eta leku nabarmena dutela nazioarteko armagintza azoketan. Halaber, teknologia horiek mundu osoko diktadura erregimen eta eskuin muturreko erregimenei ere saltzen dizkiete, tokian tokiko disidentzia politikoaren kontra balia ditzaten. Bestetik, azaldu du Ertzaintza eta Israelgo zerbitzu sekretuen arteko harremana historikoa dela, eta baita trebakuntza arloko enpresa israeldarrekiko harremana ere. Ordainetan, euskal kapitalismoa ere Israelen txertatuta dago, besteak beste trengintza arloan, eta horren adibidea da CAF konpainia Israelen eraikitzen ari den azpiegitura. Horrez gain, nekazaritza arloan dauden harremanak ere nabarmendu ditu.
Ohartarazi du Palestinan paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela, izan ere, bertan okupazio erregimenak baliabide publikoak erabiltzeari utzi eta enpresa pribatuen esku utzi du espioitzarako sistema berrien garapena eta palestinarren aurkako erabateko propaganda gerraren hedapena. Haren ustez, paradigma aldaketa hori hemen ere gertatzen hasia da. Arreta deitu du, halaber, informazioa erakusteko kulturan ere gertatzen ari den aldaketaren inguruan, izan ere, gaur egun informazioa sare sozialetatik ateratzen da neurri handi batean.

 
Uhintifada 434: Santiago Gonzalez Vallejo: «Kontakturako Nazio Puntuak oso gomendio gogorrak egin dizkio CAF-i Jerusalemen apartheid trenbidea eraikiz erakusten ari den etika gutxiko jokabideagatik eta horrek konpainiaren irudia kaltetuko du nazioarte mailan» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/06/07

U434-eDatorren ekainaren 11n, larunbatean, CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra egingo du Beasainen. Eta polemikaren erdian antolatu dute, izan ere, enpresa gipuzkoarra Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuetako koloniak hirigunearekin lotuko dituen trenbidea eraikitzeko lanetan dabil. Trenbide hori apartheid azpiegitura iraunkorra da eta nazioarteko legediarekin talka egiten du, eremu okupatu baten anexioa dakarrelako eta hiriko populazio palestinarra baztertzen duelako. Izan ere, Akziodunen Batzarra baino egun batzuk lehenago Kontakturako Nazio Puntuak, Espainiako Komertzio Ministerioari atxikitutako erakundeak, ebazpen bat kaleratu du zeinean zenbait gomendio egin dizkion konpainia gipuzkuarrari. Gomendiook hiru gairen ingurukoak dira, hala nola, giza eskubideen inguruko legediari enpresak sor dion errespetua, konpainiaren informazioa argitaratzeko politika eta gizalegezko enpresa jokabideari sor dion beharrezko errespetua. Kontakturako Nazio Puntuaren gomendioak betebeharreko arauak ez badira ere, arreta dei saihestezina dira enpresarentzat, eta zuzendaritzak akziodunen aurrean horiei buruzko azalpenak emateko bezain garrantzitsuak.
Kontu hauen inguruko informazioa jasotzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu solaskide Uhitifadako mikrofonootan. Gonzalez ekonomilaria da eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea. Bere hitzaldian azaldu digu Kontakturako Nazio Puntuaren txostenaren mamia, eta txosnak duen nazioarteko oihartzunaz mintzatu zaigu, eta CAFek gomendio horiek alda zitezen erakundeari egin dion presioaz. Salatu du CAFek Israelgo legedia darabilela inongo ilagaltasunik burutu ez duela argudiatzeko, baina aipatu gabe uzten duela nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela. Iragarri du bere erakundeak Kontakturako Nazio Puntuaren gomendioak galdera modura eramango dituela Akziodunen Batzar Orokorrera. Gainera, ohartarazi du apartheid tranbiaren afera Nazioarteko Zigor Auzitegira eramango dutela, Israelgo gerra krimenak epaitzeko auziaren barruan. Bestalde, salatu du CAFek hain botere handia duenez, lortu duela gai hau prentsako hedabide hegemonikoetan inongo oihartzunik ez izatea.
Gainera, Goierrin apartheid tranbiaren proiektuaren kontra antolatu den lan taldeari ere arreta eman nahi izan diogu. Horretarako, Asier Alvarez de Eulate Mujika taldekidearekin solas egin dugu. Berak azaldu dizkigu datorren larunbatean CAFeko Akziodunen Batzarraren harira Beasainen antolatu diren protesta ekitaldiak, eta horietan guztietan parte hartzeko deia egin digu.

 
UHintifada 433: Eugenio Garcia Gascon: «Mordechai Vanunu bakezaletasunaren ikurra da, baina ez du izan merezi duen oihartzuna, Israel molestatzeko beldurragatik» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/05/31

Vanunu-eAste honetako atalean istorio zirraragarri bat ekarri dugu Uhintifadaren mikrofonootara, Mordechai Vanunurena. Vanunu Israelgo Dimona zentral nuklearreko langilea zen harik eta 1986an The Sunday Times egunkari britaniarrean Israelgo programa nuklearraren sekretuak aireratu zituen arte. Informazio hori kaleratu izanak egiaztatu zuen ordurarte guztion ahotan zebilen eta gaur egun ere Israelek ukatzen duen sekretua: erregimen sionistak arma nuklearrak dituela. Gainera, argitalpen horrek Vanunuren aurkako jazarpenaren hasiera ekarri zuen. Mossadek Erroman bahitu eta Israelera eraman zuen. Bertan, 18 urteko espetxealdia betetakoan, konfinamendu erregimena ezarri zioten eta atzerritarrekin hitz egiteko erabateko debekua. Vanunuren istorio gorabeheratsuaz hitz egiteko Eugenio Garcia Gascon gonbidatu dugu gure mikrofonootara. Palestinan 30 urtetik gorako eskarmentua duen kazetari honek teknikari nuklearraren istorioa ekarri zuen duela hilabete batzuk Publico egunkariko orrialdeetara. Erreportai horretan bakezaletasunaren ikur eta martiritzat definitu zuen Vanunu. Bere solasaldian marrokiar jatorriko etorkin juduen seme haren historia familiarra kontatu digu; nola hasi zen judutasunetik urruntzen; eta nola erabaki zuen, arrazoi etikoak tarteko, Israelgo armagintza nuklearreko programaren sekretuak mundura aireratzea. Kontatu digu, halaber, gaur egunean, eta 69 urte dituelarik, Vanunuk bizimodu miserable eta bakartua daramala, izan ere, mundu osoko herrialdeetan asilo politikoa ukatu egin diote. Bestetik, erregimenarekiko kritikoak diren beste hiritar israeldar disedente batzuen kasuen berri ere eman digu; baina argitu digu, tamalez, kasu horiek gutxi batzuk baino ez direla, eta Israelgo gizarte gehienak bere estatua babesten duela.
Beste alde batetik, Shereen Abu Akleh kazetari palestinarraren erailketaren inguruko hainbat gako ere aztertu ditu. Abu Akleh Israelgo okupazio armadak erail zuen iragan maiatzaren 11n eta bere hilketa berezia izan da hizpide izan ditugun zenbait arrazoirengatik. Oro har, Palestinan kazetari lanetan aritzeko baldintzen inguruan ere mintzatu zaigu.

 


Banner

TWITTER KI

 

UHintifada

 

 

VIDEO

+Video


xnxx xnxxx xnxx xnxx