Mugak Zabalduz: karabana bat prestatzen ari dira, Europar Batasuneko eta espainako estatuaren migrazio-politikak salatzeko Inprimatu
2017/06/20

Errefuxiatei eta migratzaileei laguntzeko Euskal Herriko plataformak Melillaraino helduko den karabana bat prestatzen ari dira, Europar Batasuneko eta espainako estatuaren migrazio-politikak salatzeko. Mugak zabalduz” karabanak jarraipena ematen dio iaz Greziaraino egindakoari, zeinaren bidez Espainiako Estatuko kolektibo ugarik beren babesa eman zieten errefuxiatuei eta migratzaileei. Hala, uztailaren 14an, zenbait autobusek osatutako karabana Hegoaldeko mugarantz abiatuko da, “Ongi Etorri Errefuxiatuak” bandera horiak eramanez, zenbait ekintza eta aldarrikapen egiteko.

Orain dela urtebete abiatu zen Grezia aldera “Mugak zabalduz” karabana; bidaia hartan, ehunka pertsona, Euskal Herritik eta Estatu osotik etorriak, “Europako migrazio- politikek eta mugen kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen bizitzan dituzten ondorio dramatikoak” salatzen ahalegindu ziren. Egun haietan, albiste zen Siriako gerratik ihesi aterpe seguru baten bila Grezian harrapatutako jendeak sufritzen duen krisi humanitarioa.

Esperientzia hori kolektibo parte-hartzaileen arteko lotura indartzeko balio izan zuen, zeinak oraingoan Europako hegoaldeko mugara helduko den karabana bat antolatzen ari diren. Karabana uztailaren 14an abiatuko da, eta Melilla du jomuga. Karabana berri honen helburua da “ihesi datozen milioika pertsonen eskubideak errespeta daitezen eskatzea; hain zuzen ere, Europako, Espainiako eta Euskal Herriko gobernuek eta enpresek elikatutako gerretatik ihesi datoz, gosetik, pertsonen salerosketatik eta trafikotik, aldaketa klimatikoren ondorioetatik eta mota askotako jazarpenetik eta biolentziatik (hala nola, esplotazio sexuala egiteko helburuz izaten den nesken eta andreen salerosketa, indarkeria matxista, orientazio edo identitate sexualagatik egiten dena, eta abar)”.

Antolatzaileek sinatutako manifestuan aipatzen duten bezala, helburua da “migrazio- eta asilo-politikak salatzea, azken 30 urteotan nabarmen urratu baitituzte giza eskubideak eta nazioarteko konbentzioak eta akordioak”.

Karabana berriak eztabaida publikoaren erdigunean jarri nahi ditu “egoera onartezinak”, hala nola Ceutako eta Melillako hesi kontzertinadunak, “beroan” egindako legez kanpoko kanporaketa, FRONTEXen kontrol-politikak, Europako Batasunaren eta Espainiako gobernuak Europan asilo eta aterpe bila datozenei uko egitea, Mediterraneoan hiltzen den jende piloa, asilo-prozedurari jartzen zaizkion etengabeko trabak edo mugak externalizatzeko politika, giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeekiko hitzarmenen bidez egiten dena (Maroko, Turkia edo Libia).

Antolatzaileek Europan gero eta handiagoa dela xenofobia salatzen dute, eta egiaztatzen dute errefuxiatuen eta migratzaileen  duintasuna defendatzeko prest daudela, pertsonarik zaurgarrienak baitira, bai eta mugak gurutzatzearen zain daudenei itxaropen- eta elkartasun-mezu bat helarazteko ere.

Irteera: uztailak 14

Pertsona askok parte hartuko du karabana berri honetan, uztailaren 14an. Egun horretan, Euskadin egingo dira zenbait ekimen aldarrikatzaile, autobusak Madril aldera abiatu aurretik. Uztailaren 15ean, Madrilen izango da parte hartzaileen lehenengo indar-erakustaldia. Egun horretan bertan Sevillaraino helduko dira. Hurrengo egunean, karabana Algeciras eta Tarifaraino helduko da, non bertoko Atzerritarrentzako Zentro Itxian (AZI) dauden pertsonen bizi-baldintza lotsagarriak eta ankerrak salatuko dituzte. Izan ere, zentro hori aurri-egoeran dago, hura kontrolatzeaz arduratzen den epaileak berak, Espainiako Herriaren defendatzaileak eta antolakunde sozialek salatu dutenez.

Uztailaren 17an, “Mugak zabalduz” karabana Malagaraino helduko da, eta handik itsasartea gurutzatuko du Melillara heltzeko. Hiri autonomoan egingo dira ekintza gehienak, uztailaren 21a arte, egun hartan berriz ere gurutzatuko baitu itsasartea kontrako norabidean. Hala, mobilizazioak Almeriaraino helduko dira, negutegietan lan egiten duten emigranteen bizi-baldintzak salatzeko.

Karabana osatzen duten organizazioek batera ezarri dute ibilbide hori, guztion arteko esperientzia partekatzeko eta herritarrengan eta politiketan gehiago eragiteko. Dena den, edozein modutan eta edozein etapatan bat egin daiteke, gizarte zibilak politika migratzaile ilegalak, ezmoralak eta bidegabeak arbuiatzeko.

Ibilbidea

2017/07/14
Lurralde desberdinetatik ateratzea, gauez Madrilera heltzeko. Goizean Altsasun elkartuko gara, handik Bardeara joateko, NATOko are-indarrak entrenatzeko poligonora. Hantxe, gerren aurkako ekitaldi bat egingo dugu.

2017/07/15
Ekitaldia Madrilen eta Sevillara abiatzea (gauez helduko gara). Ekitaldia.

2017/07/16
Algeciraserantz abiatzea. Ekitaldia Algeciras-Tarifako Atzerritarrentzako Zentro Itxiaren aurrean. Gaua Tarifan igarotzea.

2017/07/17
Ekitaldia Malagan eta Melillarantz abiatzea (gauez bidaiatuko gara).

18Tik 20ra bitartean
Ekitaldiak Melillan

2017/07/21
Melillatik Almeriarako bidaia

2017/07/22
Ekitaldia Almerian langile migratzaileek negutegietan nozitzen duten egoera salatzeko. Buelta bakoitza bere lurraldera.

Ongi Etorri Errefuxiatuak-Araba, Ongi Etorri Errefuxiatuak-Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak- Gipuzkoa, Ongi Etorri Iruñea Harrera Hiria-Iruñea Ciudad de Acogida.
IZENA EMATEKO: ekainaren 30era arte, hemen: bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info