Nazkatuak gaude! Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara Inprimatu
2017/01/19

Urteak 19 egun bete dituen honetan, 2 emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta 2 urteko neska donostiarra larriki zauritu du aitak Valentzian. gutxienez zortzi eraso salatu dira. Urte berria dugun arren, zaharrak berri, indarkeria matxistak gogor kolpatzen jarraitzen gaitu.

Zenbat gehiago akabatu behar dituzte? Noiz arte itxarongo dugu jendartean indarkeria matxistari aurre egiteko benetako ardurak hartzeko? Nazkatuta gaude. Oso haserre gaude. Gainezka gaude. Emakume Mundu Martxatik tinko salatzen ditugu azken egunetako eraso latz hauek, baita komunikabide batzuen trataera lotsagarria ere.  indarkeria matxistaren dimentsioa kokatu beharrean, erasotutakoa nor den, haren hitza zalantzan jarri eta morboan zentratu direlarik.

Entzun gaitzazue: zuen biolentziari hortzak erakusten dizkiogu, antolatuta gaude eta aurrean izango gaituzue! Jakin dezatela Euskal Herriko matxista guztiek gu prestatzen ari garela, elkarrekin indartsuago egiten ari garela, inposatu diguten emakume eredua apurtzen ari garela, ez garela sumisak, ezta biktimak ere, geure burua defendatzeko gai garela, ez daukagula beldurrik eta erantzuteko prest gaudela!

Pasa den asteko ostegunean, Portugaleten eraildako 92 urteko emakume baten hilketagatik mobilizatu ginen Euskal Herriko hiriburuetan eta herri mordoetan. Erakundeak seinalatu genituen ez zutelako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu bikotearen baitan ez emateagatik.

Astelehenean, aita batek bere alaba donostiarra Izar labanaz erasotu zuela jakin genuen. Bere ama Sara Majarenas euskal presoa da, Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak). Mundu Martxatik salatu genuen kasuak barnebiltzen dituen indarkeri sistema anitzak: indarkeria matxista (honek hamaika aurpegi ditu, baita haurren aurkako indarkeria ere), dispertsioaren erregimena eta espetxeen egitura patriarkala bera. Sara espetxean dirau bere alabaren ondoan egon ezinean. Haren kaleratzea eskatu nahi dugu gaurkoan ere, egoera anker honi behintzat irtenbide gizatiarra emateko.

Egun berean, Blanca Esther Marques 48 urteko emakumea bere bikotekideak erail zuen, Burlatan. Emakumea erail eta gero, gorpua Ultzama ibaira bota zuen. Bestetik, indarkeria sexistagatik hainbat gizon atxilotu dituzte azken egunetan, esaterako, Gasteizen eta Durangon. Azkeneko eraso sexista batengatiko salaketa atzo ezagutu Bilbon.

Emakumeok, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugu egunero, begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek  sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Hemendik doakie gure elkartasun eta babes guztia azken egunetan biolentzia honen muturreko adierazpenak bizi izan dutenei.

Inoiz baino argiago dago indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala dela.  Ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.

Indarkeri sexistaren aurkako borrokan, beraz, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Erasotzaileak edo jarrera erasokorrak ez babesteagatik hasi, hezkuntzan estrategiak abiatu edo beharrezkoak diren lege eta baliabide instituzionalak exijitzea dagokigu. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Ez garela Berdintasunean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekarietateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak… Honen aurrean feminista izango den aldaketa bultzatzen jarraituko dugu.

Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa