Portada Berriak Komite Internazionalistak Martxoak 8: Elkarrengandik urrun egonda ere, ahizpak gara
Martxoak 8: Elkarrengandik urrun egonda ere, ahizpak gara PDF Inprimatu Email
2018/03/05

[KIko emakumeen taldea] Martxoaren 8an, geuk ere, feminista eta internazionalistok, bat egingo dugu grebarekin. Zalantzarik gabe. Bat egiten dugu mundu-mailako greba honekin, elkartasun politikoa oinarritzat hartuta, denon artean eta denok kontuan hartuz eraikitako elkartasuna, bizitzeko aukera berriak egongo diren guneak sortzeko. Martxoaren 8an emakumeok gelditu egingo gara eta planto egingo dugu. Munduko deialdiarekin bat egingo dugu, gelditu egingo diren eta planto egingo duten munduko beste emakume guztiekin elkartasuna indartzen jarraitzeko. Patriarkatu kapitalista emakumeon aurka gauzatzen ari den eraso sistematikoaren gerra hau geldiarazi behar dugu; geldiaraziko dugu. Eta horretarako, funtsezkoa da feminismotik guneak eta fronte bateratuak sortuz eta bultzatuz jarraitzea. Harresiak (kontzeptua zabal hartuta), alanbre-hesiak eta inposatutako mugak gainditzen dituzten fronte bateratuak.

Aurten, martxoaren 8an planto egingo dugu munduko hiru emakumeotatik batek indarkeria fisikoa edo sexuala jasaten dugulako; gelditu egingo gara gatazka armatuek, pertsona guztiengan eragin arren, emakumeongan, emakume izateagatik, ondorio espezifikoak dituztelako: gerra-harrapakin bihurtzen gaituzte.

Sistema kapitalista patriarkal honen makinak geldituko ditugu, zaintza-lanak feminizatzen jarraitzen baitu, eta “bigarren mailako jarduerak” bihurtzen ditu gainera, balioa kenduz, emakumeok egiten dugulako lan hori. Espainiako Estatuari dagokionez, emakumeok % 30 gutxiago kobratzen dugu. Urtez urte soldata-arrakala handituz doa. Etengabe zornatuz ari den arrakala, orbaintzeko zorian dagoena eta min ematen duena, bidezkoa ez delako. Soldaten arteko desberdintasuna agerikoa da. Eta begiak ixten dituztenak dira diskriminazio-tratua ikusten ez duten bakarrak.

Planto egingo dugu, tinko, funtsezko prozesu politikoetatik baztertzen gaituztelako, eta gainera, emakumeren batek buru izatea erabakitzen badu, errazago hil dezaketelako. Greba egingo dugu ez dizkigutelako gure eskubide sexualak eta ugalketa-eskubideak ezagutzen eta erabiltzen uzten, bereziki gure gorputzei buruz erabakitzeko eskubidea eta legezko abortu segurua aukeratu ahal izateko eskubidea. Eta plurala erabiliz hitz egiten dugu, izan ere, munduan emakume bakar bati hau gertatzen bazaio, emakume guztiongan du eragina.

Planto egingo dugu janaria mugatua denean emakumeok garelako gosea jasaten dugun lehenengoak. Munduan gosea jasaten duten pertsonetatik % 60 emakumeak gara. Planto egingo dugu lurra lantzen duten emakumeak familia elikatzeko ardura osoa beren gain hartzen dutelako, nahiz eta sarritan lantzen dituzten lurren jabeak izan.

Sistema mundial honen aurrean planto egingo dugu, boterearen indarkeria errepikatu baino ez baitu egiten, eta hori partaidetza politiko eta sozialerako gune guztietan islatzen da.

Martxoaren 8an ohiko manifestazioez gain (ohiko manifestazioak ere antolatuko dira eta parte hartuko dugu), oraingo honetan, 177 herrialdetako emakumeok bat egingo dugu 4 esparrutan egingo den greban: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zainketan eta kontsumoan.

Internazionalista moduan, munduko emakumeei jakinarazi nahi diegu, entzuten ditugula, beren ahotsak entzuten ditugula, eta ahotsok parte hartzen dugun guneetan zabaltzen ditugula. Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik, baina gune demokratikoak sortzeko eta orain arte bezala gizadiaren erdia baztertuko ez duen benetako herritartasun soziala finkatzeko bidean gaude.

Borrokan lagun ditugun emakume kurduek esaten dutena gogora ekarriz: ”… Kurdistaneko Ararat mendia, Argentinako Aconkagua, Atacamako Ojos del Salado ,Txile, edo Peru iparraldeko Huascaran; leku horiek guztiak ur sakon beretik sortu dira. Eta gu mendi garai hauen alabak garenez, elkarrengandik urrun egonda ere, ahizpak gara. Martxoaren 8an, erakutsi diezaiogun hau munduari, erakutsi diezaiogun hau munduko ordena patriarkalari!!.

 
Banner

TWITTER KI

Herriak.org Buletina

Gure albiste buletina jaso nahi baduzu, datu hauek bidali.

HTML onartu?