Bizi osorako espetxe zigorrik ez! Mumia askatu! Imprimir
22/04/2014

Mumia Abu JamalBILBO. Ekitaldia "Mumia askatu!" Apirilaren 24an, osteguna, 12:30etan Erriberako zubian
[Euskal Herriko Mumiaren lagunak]
2014ko apirilaren 24an Mumia Abu-Jamal preso afroamerikarrak 60 urte beteko ditu. Mumiarekiko elkartasuna lantzeari ekin genionean azken urteotan Euskal Herrian, bera Heriotzaren Korridorean aurkitzen zen. Mehatxu hau gainditurik, orain Bizi osorako zigorraren aurka borrokatzen jarraitzea eta Mumia espetxetik ateratzea da gure asmoa.

Hilaren 24rako kontzentrazio baterako deialdia zabaltzen dugu Bilboko Erriberako Merkatuan kokatzen den oinezkoentzako zubian, argazki bat atera eta Mumiari bidaltzeko asmoarekin. Izan ere, toki hartan 2011ko abenduan, bere atxiloketaren 30. urteurrenean eta Heriotzaren Zigorraren indargabetzearen harira, Erriberako Zubia "Mumia Abu-Jamal Zubia" gisa berrizendatu genuen.

Ekitaldia, osteguna, apirilaren 24an izango da 12:30etan.

Deitzaileak: Euskal Herriko Mumiaren Lagunak, Komite Internazionalistak, Ixuxu Asturies - Euskal Herria Elkartea eta Sare Antifaxista

 

Nor da Mumia Abu-Jamal?
Munduko pertsona askoren gisa, bere bizi erdia espetxeratze bidegabea pairatzen ari den beste afroamerikar bat dugu Mumia. 1981eko abenduaren 9an Filadelfiako polizia baten erailketa leporatu zitzaion, eta, beti bere errugabetasuna defendatu arren, arrazakeriaz eta aurreiritzi politikoaz beterik epaiketa fartsa baten ondorioz Heriotzaren Korridorera zigortu zuten. Agerian da, bere delitua zera zela: kazetari eta idazle afroamerikar gisa egiari eutsi izana, gaztetan Pantera Beltza izatea eta MOVE erakundearekiko bere kidetzea adieraztea.

Nazioarteko elkartasun keinu ugariren ondoren, 2011ko urrian Auzitegi Gorenak Heriotza Zigorra baliogabetu egin zuen. Baina oraingoan, ordea, Mumiari baldintzapeko askatasunerako aukerarik gabeko Bizi Osorako Zigorra ezarri diote, heriotzaren mehatxua mantenduz.

Aipatu beharra dago, Mumiaren aurkako salaketak, aitorpen faltsuetan, mehatxatutako lekukoetan, froga manipulatuetan edotaprentsaren aldetiko etengabeko kriminalizazio saiakeretan oinarrituta daudela.

Filadelfiako poliziek eta beste sektore boteretsuek egiten ari diren kalumnia kanpaina berriaren aurrean, Mumiak betiko ausardiarekin erantzuten du; hau da, bere idazlanetan egindako kritika sozialekin krimen anker ezberdinak salatuz, esaterako munduan zehar zabaltzen ari den espetxe sistema estatubatuar erraldoia.

Mumia Abu-Jamalen bizitza eta borroka ospatzen bere 60. urtebetetzean
Apirilaren 24an, Mumia Abu-Jamal preso politiko afroamerikarraren 60. urtebetetzearen harira, bere bizitza eta bere lan politiko zein literarioa oroitarazteko momentua dela iruditzen zaigu; eta, era berean, Mumia etxeratzeko aldarrikapena zabaltzeko.

Munduko toki ezberdinetan elkartasun ekimen ezberdinak antolatuko dira, eta modu horretan, Bilbon Euskal Herriko Mumiaren Lagunok antolatzen dugun ekimenerako gonbitea zabaldu nahi dugu, "Mumia Abu-Jamal Zubia" (Erriberako Zubian).