Iragan otsailaren 8an Bartzelonako Udalak, agerraldi publiko batean eta Ada Colau alkatearen hitzetan, adierazi zuenIsraelekiko harreman instituzionalak bertan behera utziko dituela, eta hiriak Tel Avivekin duela 25 urtetik gora duen senidetze akordioa ere etengo duela. Adierazpen instituzionala "Barcelona amb l’Apartheid NO, Barcelona amb els Drets Humans SÍ" izeneko herri kanpainiak bultzatu du. Kanpainia hori Kataluniako gizarte zibileko hamarnaka erakundek osatzen dute. Oihartzun historiko eta sinboliko handiko gertaera hau aztertzeko, Salah Jamal izan dugu solakide, ekimenaren bultzatzaileetako bat. Salah Jamal Zisjordaniako Nablus hirian sortutako idazle palestinarra da. Duela 50 urtetik gora bizi da Bartzelonan, bertan atera du medikuntzako doktoretza, eta bertan egin ditu geografia eta historiako ikasketak, Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitate horrexetako irakaslea da. Jamalek bere poza adierazi du Bartzelonako Udalaren ebazpenagatik. Badaki neurri sinbolikoa dela eta ez duela apenas eraginik izango Palestinako errealitatean, baina Kataluniako hiriburuak nazioarte mailan duen oihartzuna kontuan hartuta, oso garrantzitsua dela uste du. Azaldu du udal-adierazpena koerentea dela duela hilabete batzuk Kataluniako Parlamentuak onartu zuenarekin, horretan Israel apartheid estatu izendatu baitzuten. Kontatu du adierazpen horren atzean bi urteko kanpainia baten lana dagoela, eta besteak beste, 5000 sinaduratik gora bildu behar izan zituztela 20 eguneko epean. Azaldu du, halaber, Bartzelona, Gaza eta Tel Aviven arteko senidetza akordioa Osloko Itunen garaian sinatu zela, 1993an, eta asmoa zela Palestinako estatua sustatzea; baina gaur egun zaharkituta geratu dela, Israelek behin eta berriz urratu dituelako akordio haiek. Haren esanetan, Kataluniako gizartearen eraldaketa ideologiko sakon baten aurrean gaude, izan ere, hango elite politikoak tradizionalki ideologia sionistaren aldekoak izan dira, baina aitzitik, iritzi publikoa etengabe ari da erakusten Palestinako giza eskubideekiko atxikimendua. Zentzu horretan, nabarmendu du udalaren adierazpenetik ordu gutxitara Kataluniako prentsako hedabideek ekimena salatu egin zutela, eta ez zietela eman erantzuteko aukerarik, eta aldi berean, kultur arloko ehun pertsonalitatetik gorak aldeko manifestu bat sinatu zutela. Haren ustez, horrek erakusten du zein aldetan dagoen bakoitza. Bestalde, Israelgo erregimenak, Espainian duen enbaxadaren bitartez, kexa sutsua helarazi dio Bartzelonako Udalari, eta ohikoa denez, antisemita izatea leporatu diote Ada Colauri. Jamalen ustez, sutan daude, eta hori, berez, bada ospatzeko motiboa. Elakarrizketaren ondotik, hurrengo orduotako erreakzioak aztertu ditugu. Bateik, eskuin muturretik antisemita izatea leporatu diete ekimenaren bultzatzaileei; bestetik, Kataluniako zenbait hedabidetatik oportunismoa leporatu diote Colauri, afera hau hauteskundeetan botoak irabazteko baliatu duelakoan. Hala balitz ere, horrek gauza bakarra erakutsiko luke, gertaera soziologiko sakona gertatzen ari dela, baldin eta Israelgo apartheida salatzea botoak lortzeko bezain popularra bada.
|