UHintifada 452: Luz Gomez: «7 urte zituela Darwishek bere etxetik ihes egin behar izan zuen atzean ohea bero eta irratia piztuta utzita. Berea istorio pertsonala da, baina baita 1948tik palestinarrek pairatzen duten hondamendi-historia kolektiboaren parte bat ere» Inprimatu
2023/03/22

UH452-eMartxoaren 13an Mahmud Darwish idazle palestinarraren jaiotzaren urtemuga oroitzen da. Darwish egile maitatu eta itzal handikoenetakoa da Palestinan zein Palestinatik kanpo, eta Uhintifadan probestu nahi izan dugu efemeridea literatura palestinarreko autore ospetsu hau hobeto ezagutzeko. Alde batera utzi dugu azken asteotako aktualitate lazgarria, sionismoak Zisjordania gainean burututako ofentsiba latzak baldintzatuta, eta Palestinako kulturaren pertsonaia erreferente hau izan dugu hizpide, izan ere, bere urtemugaren bueltan Ediciones del Oriente y el Mediterraneo argitaletxeak idazlearen azken urteotako elkarrizketak biltzen dituen liburua kaleratu du: "El poeta troyano. Conversaciones sobre la poesía de Mahmud Darwish". Palestinako literaturaren egile hau gertuagotik ezagutzeko Luz Gomez izan dugu solaskide gure mikrofonootan, liburuaren ekoizle eta itzultzailea.
Gomezek kontatu digu bere solasaldian Darwishen ibilbide pertsonal, literario eta politikoa; 1941ean Al Birwa herrixkan jaio zenetik. Bere jaioterria Nakbaren testuinguruan suntsitu zuten eta berak, 7 urte zituelarik, ihes egin behar izan zuen. Gertaera horrek idazlearen bizitza markatu zuen, Nakbatik bizirik atera ziren milaka palestinarrena bezala. Geroago Palestinara bueltatu zen eta  Haifan idazten hasi zen, Isarelgo Alderdi Komunistaren argitalpen batean. Bere idazkien edukia zela-eta jazarpena eta kartzelaratzeak pairatu zituen, eta 70eko hamarkadan erbestera joan zen. Darwishek onartzen du bere istorioa istorio pertsonala bada ere, 1948tik palestinarrek pairatzen duten hondamendi-historia kolektiboaren parte ere badela. Besteak beste, Ghassan Kanafanik bultzatutako "Erresistentziarako Poesia Palestinarra" mugimenduak eragina izan zuen Darwishen obran. Erbestean PAEn sartu zen. 1982an, Beiruteko inbasioan, uko egin zion PAEren agintaritzarekin batera Libano uzteari. Palestinako aginte politikoaren zuzendaritzarekin izan zituen tirabirak Osloko Akordioetatik aurrera areagotu ziren, izan ere, haren ustez, hitzarmen horiek indar okupatzailearen aurrean amore ematea zekarten. Nolanahi ere, harreman ona izan zuen Yasser Arafatekin, eta Palestinako Independentzia Adierazpenaren erredakzioan parte hartu zuen. Beti izan zuen jarrera independiente bat eta uko egin zion PANren barruan kargurik izateari. Azken urtetan ramallahn bizi izan zen, eta eguneroko gaiei dedikatu zien bere lana.
Gomezek azaltzen du Darwishen bertsoak Palestinako kulturaren ondare kolektiboaren parte bilakatu direla, eta horrexegatik dela hain maitatua. Bestalde, nazioarte mailan ere itzal handia izan du, poesia eta konpromezu soziala uztartzeko gaitasunagatik. Darwishek porrota susmatu egiten zuen eta kantu ere egiten zion, olerkari troiartzat zuen bere burua, galtzaile-leinu bateko kidea, baina aldi berean, sinisten zuen Troia fisikoki desagertu bazen ere, haren izenak bizirik dirauela. Darwishen izenak bizirik dirauen bezala.