UHintifada 455: Eugenio Garcia Gascon: «Israelek azkartu egin du Zisjordaniaren anexioa, eskuin muturraren, mendebaldearen eta A.P.ren beraren laguntzarekin, eta erasoekin palestinarren erreakzioa bilatzen du, okupazioa justifikatzeko» Inprimatu
2023/04/27

Uh455-eAste honetako arretaren jomuga Jerusalemen jarri dugu, izan ere, azken asteotan Israelgo erregimen kolonialaren armadak eraso bortitzak burutu ditu hiri honen kontra. Erasoak, gainera, ramadanaren ospakizunen testuinguruan gertatu dira, eta komunitate musulmanaren otoitz leku esanguratsuen kontra zuzendu dituzte, bereziki Al Aqsa mezkitaren kontra. Bortizkeriaren gorakada hau duela hilabete batzuk abiatu zen Zisjordanian, eskuin muturra gobernu hebriarrera sartzearekin batera, baina duela hainbat hamarkada erregimen sionistak Palestinako bertako populazioaren kontra zuzendutako garbiketa etnikoaren kanpainiaren testuinguruaren barruan kokatzen da. Eraso hauek eta erasook gertatzen diren testuinguru politikoa aztertzeko Eugenio Garcia Gascon izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Garcia Gascon itzal handiko kazetaria da, hiru hamarkadatik gora bizi izan da Jerusalemen eta bertan garatu du bere ibilbide profesionala.
Bere jardunean azaldu du Israelgo gobernua Zisjordania bereganatzeko kanpainia areagotzen ari dela, eta politika anexionista horrek babes handia jaso duela eskuin mutur ultranazionalista eta erlijiosoa gobernuan sartu denetik, baina ez hori bakarrik, nazioarteko herrialdeen utzikeria ere lagungarria izan da Zisjordaniako anexioaren azeleradorea zapaltzeko. Kontatu du Israelgo okupazio indarrak eta hango buruzagi politikoak etengabe ari direla palestinarrak probokatzen erantzun bortitz bat eragiteko eta, horrela, populazio palestinarraren aurkako zanpaketa eta jazarpena justifikatzeko. Bestalde, salatu du Israelgo oposizio politikoaren barruan ez dagoela batere jarrera kritikorik eta horrek hauspoa ematen diola gobernuari anexio politikekin jarrai dezan. Azaldu du lurra desjabetzeko eta koloniak zabaltzeko politika hori 1948tik garatzen ari direla, eta berdin diola Israelgo gobernuan nor dagoen, berdin jokatuko baitute. Salatu du, halaber, nazioarteko komunitateak ez diela aurre egiten politika anexionista hauei eta horrek areagotu egiten duela prozesu hau. Beste alde batetik, salatu du orain, gainera, eraso hauek gobernu laboristen garaietan ez bezala osagai erlijioso bat daukatela, gobernuan eskuin mutur erlijiosoa dagoelako. Bestalde, kritikatu du Palestinako Agintearen gobernua ez zaiela erantzunik ematen ari palestinarren kontrako erasoei, izan ere, bere eginkizun bakarra da okupazioa kudeatzea eta okupatutako eremuak administratzea. Gauzak horrela, Mahmud Abbasen gobernuak zilegitasun guztia galdu du populazio palestinarraren aurrean, eta agortuta dago, azken 18 urteotan ez baita prozesu demokratikorik izan. Haren ustez, beste hauteskunde prozesu bat antolatuko balitz, eta inkesta guztien arabera, Hamas mugimendu islamikoak irabaziko luke. Ramadanaren ospakizunak bukatutakoan aurrikusten du, Jerusalemen aurkako erasoak gora behera, Israelek jarraituko duela hainbat hamarkadatako garbiketa etnikorako politikak garatzen.