Uhintifada 456: «Nakbaren testuinguruan israeldarrek Palestinako bertako populazioa bortzaz kanporatzea planifikatu zuten; eta hori, argi eta garbi, garbiketa etniko kasu bat da» Inprimatu
2023/05/19

UH456-eMaiatzaren 15ean 75 betetzen dira Nakba egunetik, Israelgo estatuaren alde bakarreko aldarrikapenak eragin zuen hondamendi palestinarretik, alegia. Egia esan, Palestina historikoaren eremuaren gainean estatu judu bat sortzeko bertako populazioa garbitzea helburu zuen proiektua hamarkada batzuk lehenago jarri zen abian, ia mugimendu sionista sortzearekin batera, baina estatu hebriarra aldarrikatutakoan legalitate bermea eman zitzaion proiektu garbitzaile hari. Izan ere, hilabete batzuk lehenagotik, gerora israelgo armada erregularra osatuko zuten talde paramilitar sionoistek sarraski bereziki anker eta zitalak burutu zituzten palestina historikoaren eremuan. Horietako batzuk bereziki odoltsuak eta kupidagabeak izan ziren, hala nola Deir Yasinekoa (1948ko apirilaren 9an), izan ere, triskantza haien helburua palestinarren artean izua eta ikara zabaltzea zen erbestera ihes egin zezaten. Gauzak, horrela, Nakbaren testuinguruan 800.000 palestinarretik gorak alde egin behar izan zuten bortizkeria sionistatik ihesian, eta gur egun errefuxiatuen kolektibo hori 6 milioi pertsonatik gorak osatzen dute.
Nolanahi ere, 75 urte geroago, XX. mendearen hasieran mugimendu sionistak Palestinako populazioa desagertarazteko abian jarri zuen garbiketa etniko proiektu hark  bere horretan dirau, hori bai, gaur egun garai berrietara egokitutako prozedurak baliatuz, palestinarren bizi baldintzak bideraezinak bilakatzea helburu dutenak; besteak beste; Palestinatik geratzen den eremuaren bantustanizazioa, apartheid harresiaren bitarteko populazio palestinarraren bazterkeria, Gazako zerrendaren blokeoa, apartheid legedia, kolonbien hedapena eta palestinarren etxe eta eraikuntzen etengageko birrinketa...
Azken garaiotan, gainera, garbiketa etniko prozesu horri sustengua emateko azpiegitura egonkorrak eraikitzen ari dira. Nazioarteko zuzenbideak okupatutzat hartzen duen eremuan kokatutako kolonia horiei iraunkortasun bermea emateko baliatzen dira azpiegitura egonkor horiek. Horietako bat Jerusalemeko hirigunea eta Jerusalem Ekialdeko koloniak lotzen dituen trenbidea da. Trenbide horren eraikuntzan Euskal Herriko CAF trengintza konpainia ari da lanean, eta EAEko gobernuaren diru parte hartzeaz gerra krimen batean murgilduta dago.
Horregatik guztiagatik, Uhintifadako atal berezi honetan irrati-arkeologia ariketa bat egin nahi izan dugu, eta horretarako, irratsaioko 14 urte hauetan Nakbaren inguruan hainbat gonbidatuk utzi dizkiguten gogoetak eta testigantzak berreskuratu ditugu. Alde batetik, Palestinako historiaren pasarte lazgarri hura ikertu duten hainbat historialariren hitzak jaso ditugu, besteak beste Ilan Pappe historialari israeldarrarena. Pappe historialari kritikoa da Israelen kontakizun historiko ofizilalarekin eta 2006an "Garbiketa etnikoa Palestinan" izeneko liburua argitaratu zuen. Ondorioz, Haifako Unibertsitateko bere lanpostua utzi eta Britania Handira erbesteratu behar izan zen. Gaur egun bertan dihardu irakasle lanetan, Exeter Unibertsitatean. 2012an izan genuen harekin solasteko aukera eta elkarrizketa hartan azaldu zizkigun, zurruntasun historikoaren ikuspegitik, Israelek Nakbako gertaeren kontakizunean egiten dituen akatsak. Bere esanetan, zalantza izpirik gabe, hura garbiketa etnikoa izan zen. Bestetik, 2016an Sharif Kanaana antropologo palestinarrarekin izan genuen solasaldiaren pasarte bat ere berreskuratu dugu. Kanaana, bere adinagatik, bertatik bertara bizi izan zuen Nakba, eta gainera historiako tarte hura ikertu egin du. Horrez gain, gaur egun UNESCOko aholkularia da. Elkarrizketa hartan Nakbaren kontakizunaren inguruan Israelek argudiatzen dituen gezurrak desmuntatu zituen; eta salatu zuen, tamalez, sinesgarritasun handiagoa ematen zaiela historialari israeldarrei, baita kritikoei ere, israeldar izate hutsagatik, eta ez zaiela trataera berbera ematen historialari palestinarren analisiari edota sarraski hartatik bizirik atera zirenen testigantzari.
Baina adituen analisitik harago hondamen hartatik bizirik atera zirenen lekukotasuna ere jaso nahi izan dugu, haiena eta baita gaur egun jaioterrira bueltatzeko aldarrikapenari eusten dioten haien ondorengoena ere. Testigantza horietatik lehenengoa Leila Khaled ekintzaile palestinar historiko eta PFLP alderdiko militantearena da. 2017an izan genuen harekin solasteko aukera eta elkarrizketa hartan kontatu zigun nola ume txikia zela eta familiarekin batera Haifako jaioterritik ihes egin behar izan zuen. Halaber, beste hainbat errefuxiaturen testigantzak jaso ditugu; hala nola Nisreen Mashalena. Mashal sukaldaria eta Dehisheh (Bethlehem) kanpamenduko errefuxiatua da. egun espainiar estatuan bizi da erbesteratuta. Naji Owdah ekintzaieari egindako elkarrizketaren pasarte bat ere entzun dugu. Owdahk Laylac erakundea zuzentzen du Deisheh errefuxiatuen kanpamenduan. Eta azkenik, Salah Jamal idazle palestinar-katalanaren lekukotasuna ere berreskuratu dugu. Jamal Nablusen jaioa da eta, besteak beste, "Nakba. Palestinako bizitza eta erresistentziaren 48 kontakizun" izeneko liburua idatzi du.