2023/05/25 |
Maiatzaren 15ean 75 urte bete ziren Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta palestinarren hondamendia abian jarri zenetik. Bertakoek Nakba deitzen diote, arabieraz, zorigaiztoko egun horri. Egiari zor, Palestinaren eremuan bizi zen populazioa garbitu eta bertan juduentzako estatu bat ezartzeko proiektua mende erdi bat lehenago hasi zen mamitzen, mugimendu sionistaren sorrerarekin batera, eta zazpi hamarkada geroago garbiketa etniko kanpainia hark bere horretan dirau, hori bai, garai modernoetako eskakizunetara egokituta. Behinola, gudaroste paramilitar sionistek burututako sarraski ankerrek bultzatu zituzten 800.000 palestinarretik gora erbestera. Gaur, metroz metro konkistatutako lur eremu horiei behin betikotasun bermea emateko, Israelgo erregimenak azpiegitura iraunkorrak baliatzen ditu, horien artean Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigunearekin lotzen dituen tranbia. Trenbide horren eraikuntzan Beasaingo CAF enpresa dago nahasita eta krimen horretan parte hartu izanak zehar kalte nabarmena ekarri dio mundu mailan bere irudi korporatiboari. |
Astelehenero 20:00-21:00 tartean, "Uhintifada" da Hala Bedi Irratiaren eta 97.0 Irrati Librea uhin askeetako palestinarren ahotsa. Palestinari buruz eta berarekin jarduten duen programa da. Mundu mailako intifadarako gonbidapena. Adi guztiok seinalera!
Kuña jaitsi: [mp3]
+Video