UHintifada 457: «CAF konpainiak, Elhuyar Fundazioaren urteroko sariak diruz lagunduz, Palestinan burutzen ari den proiektu ilegalaren inguruko erantzunkizuna zuritu egin nahi du, estrategia hori Euskalwashing dela salatu dugu» Inprimatu
2023/05/25

UH457-eMaiatzaren 15ean 75 urte bete ziren Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta palestinarren hondamendia abian jarri zenetik. Bertakoek Nakba deitzen diote, arabieraz, zorigaiztoko egun horri. Egiari zor, Palestinaren eremuan bizi zen populazioa garbitu eta bertan juduentzako estatu bat ezartzeko proiektua mende erdi bat lehenago hasi zen mamitzen, mugimendu sionistaren sorrerarekin batera, eta zazpi hamarkada geroago garbiketa etniko kanpainia hark bere horretan dirau, hori bai, garai modernoetako eskakizunetara egokituta. Behinola, gudaroste paramilitar sionistek burututako sarraski ankerrek bultzatu zituzten 800.000 palestinarretik gora erbestera. Gaur, metroz metro konkistatutako lur eremu horiei behin betikotasun bermea emateko, Israelgo erregimenak azpiegitura iraunkorrak baliatzen ditu, horien artean Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigunearekin lotzen dituen tranbia. Trenbide horren eraikuntzan Beasaingo CAF enpresa dago nahasita eta krimen horretan parte hartu izanak zehar kalte nabarmena ekarri dio mundu mailan bere irudi korporatiboari.

Gauzak horrela, Israelgo erregimenak bere irudi publikoa zuritzeko bere propaganda aparatuak baliatzen dituen bezala, haren politika kolonialetan esku hartzea duten nazioarteko eragile eta konpainiek ere zurikeria-kanpainia erakinkorren beharra dute euren etika gutxiko jokaerak ezkutatzeko. CAFen kasuan euskara eta euskal kulturaren inguruko ekimenen sustengua da bere jokabide kriminalaren gaineko arreta desbideratzeko trikimailua; dela Korrikaren kilometro bat diruz lagunduz; dela, azken asteotan bezala, CAF-Elhuyar zientzia sariak sustatuz. Estraegia horri "Euskalwashing" izena eman zaio.

Azken egunotan BDZ mugimenduak jokaera hori salatu du Euskal Herriko prentsako hainbat hedabidetan argitaratutako artikulu batean. Hori dela eta, mugimendu horretako kide bat gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara horren gainean gogoeta egitera. Peiok, BDZ taldeko kideak, azaldu digu saiatu direla Elhuyar fundazioarekin harremanetan jartzen, bere irudiaz CAFen zurikeria-kanpainari laguntza emateari utz diezaion, baina alferrikakoa izan dela. Nolanahi ere, datorren ekainaren 10ean Beasaingo konpainiak akziodunen urteroko batzarra antolatu du eta, urtero bezala, Jerusalemeko proiektu ilegalaren auzia mahaigaineratzen saiatuko dira. Horretarako, protestaldia antolatu dute bilkuraren tokiaren atarian. Espero dute elkarretaratzea jendetsua izatea eta dei egin diete palestinarren giza eskubideekiko kezka duten pertsona guztiei.