PALESTINATIK BIHOTZ-BIHOTZEZ II Inprimatu
Brigada Palestina
2006/07/05

06-07-05 AL QUDS (JERUSALEM).

 RAMALLAH, BIZIDUNEN HILOBIA. Duela urtebetera arte Ramallah ezagutu duen oro lur eta lur geratuko litzateke gaur egungoa ikustean, izan ere, 100.000 biztanleko hiri bizi eta girotsu hau porlanezko harresi erraldoi batez guztiz inguratua agertzen da gaur egun. Esan genezake aire zabaleko espetxe bat dela. Garai batean Al Qudsetik Qualandiara heldu eta hor Check Point-a zegoen, bertan militarrek kontrol zorrotza ezartzen zioten sartu zein atera nahi zuen orori, egun ordea sarrera bakarra autopistako peajearen antzeko kontrol postu bat da. Sarrera bakar hau guztiz itxita dago Ramallahko nortasun agiria daukaten palestinarrentzat, Jerusalengoak ordea traba handirik gabe sar daitezke (Israelgo administrazioko nortasun agiria daukatelako), honek funtzean apartheid egoera izugarria sortzen du palestinarren artean, izan ere auzokideak izanik batzuek zirkulatzeko eskubidea murriztuta daukate. Apartheid hau areagotzeko lege berri bat ezarri du Israelgo administrazioak, zeinaren bidez Jerusalemgo hiritar batek ezin baitu Ramallahko bat kotxez eraman. Harrapatuz gero 15000 NISeko (3000 euroko) isuna ezarriko liokete. Egoera honen ondorioz errepresioaren zama autobus zein taxi gidariengan jarri dute, haien ibilgailuan sartzen den palestinar ororen kontrol zehatza eraman behar dutelako.

 Baina Ramallahn sartzea arazotsua bada, are arazotsuagoa irtetea. Autobusa kontrolean gelditu eta banan banan, ganaduaren antzera, metalezko ate birakari baten zehar pasarazten gaituzte. Bertan  5 zentimetrotako kristal blindatuaren beste aldean dagoen nerabe potolo mukijale armadun batek aginduak ematen dizkigu bozgoragailu baten bitartez izozkia jaten duen bitartean. Nortasun agiria erakusteko, nire kasuan bisadua erakusteko, hamaika galdera, hamaika trufa, barre algaraka dauden bitartean, egoera benetan umilagarria. Nire aurrean neska bat saiatu da pasatzen. Ramallahkoa omen da eta Jerusalemera joan behar du ospitalera. Hamaika galdera, irain, eta burla egin ondoren ez diote pasatzen utzi eta gizajoa, burumakur etorri den bidetik bueltatu behar izan du, negarrari eutsiz palestinarren duintasunaren indarrez, ez dezaten sasikume mukijale horiek negar malkotan ikusi.

 Pasta berezi batez egindakoa izan behar da, benetan, egoera itogarri honetan ez zoratzeko, ni behintzat 4 egun eskasetan gorrotoz beterik nabil, gure Ramallahko lagunen hamaika istorio ikaragarri entzunda. Harritzekoa da, beraz, beso zabalik hartu nauen jende honen jarrera duin eta tinkoa. Bejondeizuela!

Hurrengo batera arte, duintasunaren herritik. OSASUNA ETA ASKATASUNA. Lorentzu Arabiakue