Jerusalem 2020 egitasmoaren hamaika aurpegiak |
01/08/2009 | |||
[Gaur8 / Koldo Sagasti] Bizi garen globalizazio garai hauetan errazagoa izaten da askotan gertuko intxaurren berri urruneko zarataren bidez izatea, sareen sareari esker, alegia. Halaxe gertatu zitzaidan lehengo egunean posta elektronikoa ireki eta Jerusalemeko gertakizun baten berri izan nuenean. «Israelgo Okupazio Indarrek Nidal Center erakundea itxi dute Jerusalemen...», zioen Komite Internazionalistetako lagun batek Euskal Herritik bidalitako albisteak. Bi egun eskas ziren Nidal Centerreko Mahmoudekin bildu nintzela Jerusalemen eta interneten bidez enteratu behar gertatutakoaz!. Beraz, erasoaz gehiago jakin nahian eta gure lagunaren egoeraz kezkatuta, saiatu nintzen harekin harremanetan jartzen. Ez zen batere erraza izan, erakundearen itxiera zela eta, galtzak bete lan baitzebilen, baina azkenean, lauzpabost deiren ostean Jerusalem Ekialdeko Sheik Jarrah auzoan egin genuen hitzordua. Heldu orduko konturatu naiz topaketarako Sheik Jarrah auzoa hautatu izana ez dela halabeharrezkoa izan, izan ere, Alde Zaharreko Nidal Centerren antzera, auzo arabiar horretako biztanleak ere Israelgo administrazioaren garbiketa etnikoaren politikaren biktimak dira. American Colony Hotelera heldutakoan Rima izeneko emakume baten instrukzioak jarraitu ditut telefonoz beste aldera. Luxuzko hotelaren atzean dagoen errefuxiatuen kanpamendua pasa eta haratago hondakinez betetako orube bat topatu dugu. Orube erdian erresistentzia karpa bat dago montatuta, birrindutako azken etxeetako familien bizilekuaz gain, nazioarteko ekintzaile solidarioen topagunea dena. Karparen itzalpean eseri eta bertakoek eskainitako tea dastatzen hasi orduko heldu da Mahmoud. Nidal Center for Community Development erakundeko arduraduna ia bi metroko gizon beltza da, belaunaldi batzuk lehenago Afrikatik etorritako musulmanen komunitateko ordezkaria, eta Jerusalemeko palestinarren artean oso maitatua. Iritsitakoan harrera beroa egin diote bertan bildutakoek, eta agurren ostean eta bere egoera pertsonala ona dela egiaztatu dugunean ekin dio kontakizunari. Astebete lehenago, uztailaren 14an, erakundeak Jerusalemeko alde zaharreko Al Jabasheh auzo kristauan duen egoitzan lanean ari zela, bi lagun agertu zitzaizkion elkarteko zuzendariaz galdezka. Bisitariek Sin Bet-eko (Israelgo barne segurtasunerako zerbitzu sekretuak) agentetzat aurkeztu zuten euren burua eta bulego barruraino sartu zitzaizkion. Mahmoudek militantzia urteek eman dioten lasaitasun eta duintasunez esan zien ez zekiela ez nor zen ez non zegoen zuzendaria eta jakinda ere ez liekeela esango. Hurrengo egunean armada israeldarra lokalean sartu, bertako langileak kaleratu, eta elkartearen materiala eta dokumentazio guztia barruan zeudela, epe baterako itxi zuen egoitza. Doodi Coher, Segurtasuneko Ikuskatzaile Nagusiak ezarritako salaketak zioen, 1948 lege antiterroristaren 6. artikuluaren arabera, erakundearen jarduerak kolokan jartzen zuela Israelgo segurtasun nazionala. Beraz, abuztuaren 11 arteko itxialdia agindu diete eta urtebete artekoa ere izan daiteke. Mahmuoudek dioenaren arabera, berriz, horrelakoetan, Jerusalemen erakunde palestinar bat itxi duten bakoitzean, behin-betiko izan da. «PFLPrekin (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) lotu nahi izan gaituzte, baina bertan kultur jarduerak baino ez genituen egiten, eta gainera kontu handiz ibili izan gara beti inongo lotura politikorik lepora ez ziezaguten» diosku haserre gure solaskideak. Hain zuzen ere PFLPko ekintzailea izateagatik kartzelan emandako urteen eskarmentuak irakatsi dio Mahmoudi Israelgo administrazioaren zirrikituetan oreka mantentzen, baina, hala ere, ezin izan du ekidin okupatzaileek urteetako lana zapuz diezaioten. Zurrutada eman dio teari eta jarraitu du kontaketan. Nidal Centerren auzoko gazteei zuzendutako kultura eta formakuntza ekitaldiak antolatzen zituzten, besteak beste, informatika ikastaroak, haurrentzako udalekuak... beti ere, Jerusalemeko nortasun palestinarrari eusteko ahaleginetan. Azkenaldian gazte arabiarrak trebatzen ari ziren hiriko alde zaharrean bisita gidatu alternatiboak egiteko, alegia, ohiko bidaia agentzietako gidek kontatzen ez duten palestinarren ikuspuntu historiko-politikoa kontatzeko. Baina Jerusalemeko oroimen historiko palestinarrari eusteko lan horrek talka egin du, nonbait, Israelgo administrazioak hirirako diseinatuta dituen “judeizazio” egitasmoekin. Tamalez, Mahmoudena ez da elkarte bakarra izan. Kasu esanguratsuenetako bat Orient House-na izan zen. Ekialdeko Jerusalemeko palestinarren arteko topagune honek eraikin historiko batean zuen egoitza eta horixe zen, hain zuzen, Jerusalem osoan Palestinako bandera erakusgai zuen bakarra. 2001ean itxi zuten agintari israeldarrek Orient House, OLPren egoitza ofiziosoa Jerusalemen, eta geroztik beste 28 erakunde palestinar ere klausuratu dituzte Ekialdean eta alde zaharrean, hiriko ondare arabiarra desagertarazteko borroka zoro horretan. «Baina Jerusalemen jarduten duten erakunde palestinarrak hurrenez hurren ixteko lasterketa hau egitasmo handiago baten beste atal bat baino ez da», ohartarazi digu Rimak, Etxeen Birrinketen Aurkako Komiteko kideak, «Jerusalem 2020 egitasmoaz ari naiz» esan digu andreak. Egun 200.000 palestinar inguru bizi dira Jerusalemeko hirigunean, alde zaharrean eta Jerusalem Ekialdean banatuta, hau da populazioaren %20 inguru. Israelgo administrazioak aurreikusten du, hazkunde demografikoaren arabera, 2020rako palestinarren populazioak juduena berdin dezakeela eta egoera hori jasanezina izango litzateke euren ustez estatu juduaren hiriburua izan beharko lukeen horretan. Beraz Jerusalem 2020 izeneko egitasmoa jarri dute abian joera honi buelta emateko asmoz. Aipatutako planaren xedea izango litzateke hamaika urteren buruan hiri santua guztiz “judeizatzea”, alegia, populazio arabiarreren garbiketa etnikoa burutzea. Helburu hau gauzatzeko zeinbait estrategia garatzen ari dira azken urteotan. Batetik Mahmoudenaren moduan hiriburuko ondare kultural eta historiko palestinarrari eusteko lanetan diharduten erakundeak ixten ari dira. 28 azken zortzi urteotan. Eta bestetik populazio palestinarra mapatik literalki garbitzen ari dira hainbat trikimailuren bitartez. Porlanezko harresia, tranbia, eta bestelako azpiegituren bidez Jerusalem Ekialdeko auzo palestinarrak hirigunetik fisikoki banatzen ari dira, bertako biztanleek hiritartasun agiria gal dezaten, horrela hiriko errolda eraldatzen ari dira. Bestalde, eta azpiegitura berberen bidez ekialdean dauden kolonia judu ilegalak hirgunean integratuta gelditzen dira. Beste trikimailu bat da “absent law” delakoa edo joandakoaren legea. Otomanoen garaietatik berreskuratutako lege honen bidez, etxe baten jabe palestinarra (lege hau palestinarrei baino ez zaie ezartzen, noski) denbora tarte batez egoten bada etxetik kanpo, administrazioak etxea desjabetu eta kolonoen familia bati ematen dio (etxean ez egotearen arrazoia izan daiteke atxilotua izatea, adibidez). Horrela palestinarren jabetzak kolonoen esku gelditzen dira apurka-apurka. Orduan Ritak, gure solaskideak, Sheik Jarrah auzoko kasuaz jarraitu du mintzatzen. Jerusalem 2020 egitasmoaren barruko hirigintza planetako bat hiri inguruko kolonia judu guztiak eraztun berde batez lotzean datza. Mozorro ekologikodun proiektu honen atzean, aldiz, kolonien arteko auzo arabiarrak birrintzeko asmoa dago eta Sheik Jarrah izan da kaltetutako lehenetariko bat. Rita solasean ari zaigun bitartean Khaliliarrak ditugu begira gure te basoak noiz hustuko zain berriro betetzeko. Haiek dira orube horretan pilatzen diren hondakinetako jabeak, edo hobeto esanda, hor noizbait izandako etxearenak. Egun batean desjabetze agindu bat heldu zitzaien. Antza, otomanoen garaietako agiri baten arabera, duela hainbat mende judu bat izan zen etxe horretako maizterra, beraz, gaur egun judu bati dagokio toki horren jabetza. Aitzaki merke hori baliatuta, epe bat eman zieten euren etxea berauek birrin zezaten, eta egin ezean, udalaren hondamakinek egingo lukete, lanen kostoak familiak ordaindu beharko lituzke eta gainera salaketa jarriko liokete familiako buruari. Kahaliliarrek uko egin zioten euren etxea suntsitzeari eta, agindu bezala, udaleko langileek egin zuten lana. Egun familiakoak etxeen hondakinen gainean muntatutako erresitentzia karpa batean bizi dira armadak noiz kaleratuko dituen zain. Baina gure anfitrioiena ez da kasu bakarra izan. Ehundaka familia daude Sheik Jarrah auzoan desjabetze aginduak direla-eta noiz kaleratuko dituzten zain daudenak; edo etxetik ateratzearen beldur direnak, izan ere, bati baino gehiagori gertatu zaio, etxetik ordubetez atera eta bueltatutakoan kolono familia bat topatzea barruan; edo etxe erdia kolonoek okupatzea... hamaika trikimailu zein baino zein bihurriagoa, azken finean, palestinarrak Jerusalemetik garbitzeko. Garbiketa etnikoa, erabiliaren erabiliaz horren zentsugabea dirudien espresioa da Jerusalemeko egunerokotasuna eta Khaliliarrek oparitu dizkiguten kamiseten leloa: «garbiketa etnikoa gelditu. Ez gaituzue gure etxeetatik botako». Eta horretan dabiltza Mahmoud, Rita, Khaliliarrak eta Sheik Jarrahko palestinarrak, Jerusalemeko izaera palestinarrari eusten Jerusalemen bizitzeari eta lan egiteari eutsiz.
|
+Video