Portada Noticias EH internacionalista Hashem Azzeh, iragarritako erailketa baten kronika
Hashem Azzeh, iragarritako erailketa baten kronika PDF Imprimir E-mail
23/10/2017

[Koldo Sagasti / Gaur8] Hautsak harrotu ditu sare sozialetan Hashem Azzeh ekintzaile palestinarraren heriotzak. Bere izena beste bat gehiago izango litzateke azken asteotako martiri palestinar anonimoen zerrenda luzean, ez balitz urtetan nazioarteko elkartasun mugimenduarekin izan duen harreman estuagatik.

Asko eta asko izan dira bere eta bere familiaren abegikortasuna gozatu duten brigadista eta bidaiari solidarioak; eta horixe izan da, hain zuzen, kolonoen jomugan jarri duena. Iragan urriaren 21ean zendu zen, Al Khalil (Hebron) hirian, Zisjordanian, Israelgo Armadako soldaduek manifestazio batean jaurtitako gas negar-eragilea arnastutakoan. Erailketak umezurtz utzi ditu hiru haur, eta harekin solasa eta mahaia partekatu duten ehunka internazionalista.

Gas the arabs. JDL” (Arabiarrak gaseztatu. Juduen Defentsarako Liga) dio Hashem Azzeh palestinarraren etxe atariaren aurrean kolonoek margotutako pintaketak. Ekintzaileak, mehatxuari ezaxola, bisitariei erakusten die grafitia, berak eta bere familiak egunero pairatzen duten jazarpenaren lagina, eta datorkion etorkizun beltzaren iragarpen makabroa. Azzeh bere ama zenaren etxean jaio zen, duela berrogeita hamahiru urte, Al Khalil (Hebron) hiriko Tel Romeida auzuneko mendi magalean. Jaioterrian burutu zituen fisioterapia ikasketak, eta, karrera amaitutakoan, bertan lortu zuen lanpostu on bat UNRWAn (Nazio Batuen Erakundearen menpeko Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa).

Hebrongo familia tradizionaletako ohiturari jarraituz, bera baino gazteagoa zen senide urrun batekin ezkondu zen, Nisreenekin. Nisreen margolaria da. Jordanian sortu eta bizi izan zen, errefuxiatu palestinarren familia batean. Arte Ederrak ikasten hasi eta bi urtera sorterrira itzuli zen Hashemekin ezkontzera. Ezkonberriek sendiaren sorlekuan bertan ekin zioten bizimodu berriari. Familiaren etxetik auzoko bilakaeraren lekuko izan ziren. Kolono sionistak auzunera iristen hasi ziren neurri berean, bertako biztanle palestinarrek etxeak utzi eta ospa egin zuten, heldu berrien jazarpenaren beldur. Baina Hashemek eta Nisreenek arbasoen bizitokiari eutsi zioten. Etxearen truke egin zieten eskaintza ekonomiko oparoei ere uko egin zieten; eta hortxe geratu ziren, kolono bortitzez inguratuta, irudika daitekeen etsai-giro itogarrienetakoan.

Hashem jaio baino urte batzuk lehenago Israelgo Estatua sortu zenetik, eta urteen poderioz gero eta indartsuago, kolono fanatikoenen helmuga bilakatu zen bere herria. Izan ere, Al Khalilen omen dago, hiru erlijio monoteisten sinismenen arabera, Abrahamen hilobia. Judu, musulman eta kristauen patriarkaren ustezko ehortz-lekuaren xarmak pertsonaia zoroenak erakarri zituen. Deiadar mesianikoaren aitzakian herria kolonizatzeko asmotan iritsi ziren. 70eko hamarkadan, hau da, Sei Eguneko Gerraren ostean, hasi ziren sionistak hiri sakratura iristen. Moshe Levinger errabinoa buru zutela Hebron Park hotela okupatu zuten kolonia eraikitzeko. Hura izango zen Kyriat Arba kokaleku ezagunaren sorrera, Palestinako sionista muturrekoenen bizitokia. Alberto Pradillak ederki islatu zuen “El judio errado” liburuan kolonia horretako biztanleen zoramen kolektiboa. New Yorkeko Brooklyn auzotik etorritako fundamentalistak dira, hortzetaraino armatuak, eta euren sineskeria erlijiosoen arabera dagokien leku sakratua konkistatzeko bertan bizi diren guztiak garbitzeko prest daude.

1979an iritsi zen kolono estatubatuarren lehenengo taldea, eta Beit Hadassa ospitale zaharrean sartu ziren, eraikinaren ustezko jatorri judua aldarrikatzeko. Hurrengo urteetan handik hasi ziren hedatzen, inguruko etxebizitzak eta kaleak hartuz. Hebrongo barazkien azoka zena ere okupatu zuten. 1984an indusketa arkeologiko batzuetan juduen milaka urteko bizileku baten zantzuak topatu omen zituzten. Ustezko aurkikuntza horrek aitzakia eman zien kolonoei ingurua okupatu eta Tel Romeida kokalekua eraikitzeko. Bestalde, koloniak hedatu ahala, Israelgo Administrazioak zilegitasun bermea eman zien muturreko sionistek ilegalki okupatutako eremuei, eta, 1993an, Osloko akordioen ostean, hiru milioi euroko diru laguntza eman zien azpiegitura egonkorrak sustatzeko, eta 1.500 soldadu jarri zituen 500 kolono ilegalei babesa emateko.

Okupazioak baldintzatutako bizimodua
Hain da konplexua Al Khalileko egoera non Osloko itun horietan kapitulu berezia dedikatu zioten aferari, eta Israelgo Administrazioak eta Palestinako Aginte Nazionalak hiriaren banaketa berezia adostu zuten: H1 eta H2 guneak. H1 guneak 18 kilometro koadroko eremua okupatzen du, hirigunearen %80, eta Palestinako Agintearen kontrolpean dago. Bertan 115.000 palestinar bizi dira. Hala ere, kolonoek ere bertan zirkulatzeko eskumena daukate eta tarteka Alde Zaharreko karriketan ibili ohi dira, soldaduek babestuta, bertako dendariak mehatxatzen. Bestalde, H2 guneak 4,3 kilometro koadroko azalera dauka. Bertan 35.000 palestinar bizi dira, 700 kolono sionisten etengabeko jazarpenaren pean, eta Bigarren Intifadaz geroztik Israelek hartu zuen eremu horren gaineko kontrol militarra.

Gauzak horrela, Al Kahalileko Alde Zaharra, garai batean azoka bizi eta jendetsua zena, mamu-hiri bilakatu da egun. Denda gehienak itxi egin dituzte; batzuk kolonoen eraso zuzenak jaso dituztelako eta beste batzuk etengabeko jazarpenak negozioei eragin dien beherakadatik. Palestinarrak fanatiko sionistek okupatutako eraikinetako beheko pisuetan geratu dira harrapatuta eta auzokoek goikoetatik eraso egiten diete. Hain da itogarria egoera, hiri zaharreko karriketan metalezko sareak jarri behar izan dituztela palestinarrek, kolonoek leihoetatik jaurtitzen dizkieten zabor, gorozki, txiza eta bestelako hondakinetatik babesteko.

Osloko akordioetan itundutako banaketa horren ondorioz, Azzehtarren etxea kolonoek okupatutako eremuaren barruan geratu zen. Auzoa guztiz inguratuta eta itxita dago, eta barruan kolonoak jaun eta jabe dira. Palestinarrek kontrolgune militarra zeharkatu behar izaten dute Palestinako Agintearen administraziopeko eremura pasatzeko. Hilean ordubeteko baimena baino ez daukate atera eta erosketak egin ahal izateko. Barruan daudelarik oinez besterik ezin dira ibili, debekatuta baitaukate autoa erabiltzea; eta kale zehatz batzuetan baino ez, horretarako propio seinalez markatutako kaleetan. Aire zabaleko kartzela horretan bizitzea gutxi balitz, Hashemi etxean atxilotzeko agindua ezarri zioten, bere jarduera politikoa zela medio. Horrek guztiak bere ibilbide profesionala baldintzatu zuen, eta UNRWAko lanpostua galdu egin zuen. Geroztik, emazteak egin eta saltzen zituen margolanak bilakatu ziren familiaren sostengu ekonomiko bakarra. Bitartean, Hashem auzora tarteka iristen ziren brigadista eta bidaiari solidarioentzako bisita gidatuak antolatzen hasi zen.

Inork baino hobeto erakusten zien bisitariei kolonoen jazarpenaren mehatxupean bizitzea zer den. Bere eskutik askok eta askok bertatik bertara ikusi zuten Azzehtarren seme-alabek egunero eskolara joateko egin behar izaten zuten ibilbidea. Ikastetxerako bide naturala kolonoek moztuta daukate, eta haur palestinarrek itzulingurua egin behar izaten dute, mendi magalean zehar, sionisten etengabeko erasoak saihesteko. Hala ere, askotan oldartu egiten zaizkie, harrika batzuetan, gasak edota molotov koktelak jaurtiz besteetan. Erasoaldi horietako batean Hashemen semeari besoa apurtu zioten. Bisita gidatuak etxean zuen helmuga. Hor Azzehtarrek harrera egiten zieten kanpotarrei, eurekin solasaldia eta mahai ingurua konpartituz, euren bizipen intimoenen berri ematen zieten.

Nisreek bi aldiz jasan zituen abortua eragin zioten auzokoen jipoiak. Lehenean, haurdunaldia oso aurreratua zuela, kalean harrapatu, harkaitz baten gainean ahoz gora etzanarazi eta odol jarioa eragiterainoko kolpe zaparrada eman zioten. Bigarrenean, gauez etxeko leihotik sartu eta haurra galarazi zion astindua eman zioten. Erasoaldi horretan bertan Hashemi hortz guztiak apurtu zizkioten kolpatuaren kolpatuaz. Halaxe egiaztatzen zuen beheko masailezurrean zeukan orbain nabarmenak. Eta anfitrioiek bizipen lazgarrion kontaketari ekiten zioten bitartean, egongelako paretetako bala zuloek eta burdinazko hesiekin babestutako leihoek egiazkotasun bermea ematen zioten istorioari.

Inork ezin zuen jarrera epelik ageri Azzeh familiaren abegikortasunaz gozatutakoan. Hashemen lanari esker, eta bere etxea bisitatu zuten mundu osoko bidaiariek egindako difusio lanaren laguntzaz, Tel Romeida auzuneko jazarpen egoerak hedabide ofizialek ezarritako isiltasun harresiak gainditu zituen. Asko ziren mundu osoan hango palestinarrekiko elkartasuna antolatzen hasi zirenak. Nazioarteko ISM (Nazioarteko Elkartasun Mugimendua) taldekoek, kasu, babesa eta laguntza ematen zieten, geratzen zitzaien olibondo bakarraren uzta jasotzerakoan, bereziki. Etxe ondoko patioan zegoen olibondoa liskar iturria zen palestinarren eta auzoko sionisten artean, eta internazionalistek ezkutu lana egin ohi zuten kolonoek Azzehtarrak erasotzea saihesteko.

Ez zen lan makala, ondoko etxekoak Baruk Goldstein ospetsuaren familiakoak baitziren. Goldstein doktorearen izena hizki larriz zizelkatuta dago Al Khalileko historia beltzean. 1994ko otsailaren 25ean New Yorkeko Brooklyn auzotik etorritako mediku sionista –M-16 fusila, kargagailuak eta granada batzuk eskuan hartuta– Ibrahimen meskitan sartu eta tiroka hasi zen bertan otoitzean ari zirenen aurka. Lehenengo kargagailua hustu zuenerako 29 lagun erail eta 120 zaurituak zituen. Ez zuen, baina, denborarik izan bigarrena erabiltzeko, bizirik ateratakoek hil arte kolpatu baitzuten. Handik gutxira, Goldsteinek burututako sarraskiaren omenezko mausoleoa eraikiz goraipatu zuten Hebrongo kolonoek.

Oztopoak oztopo, nazioarteko ekimen solidarioen sostenguaz, bere bizitzako ametsetako bat gauzatzea lortu zuen Hashemek. 2014an abian jarri zuen Ibrahim Al Khalil zentroa, Tel Romeidan bertan. Hor arreta medikua eta soziala ematen zizkien okupatzaileen erasoaldien ondorioz elbarritutako auzotar palestinarrei. Azkenean, bazeukan non jarri praktikan UNRWAko mediku lanetan bildutako eskarmentua, kolonoen erasoek bere komunitatean utzitako kaltetuen onerako gainera.

Larrutik ordaindutako ausardia
Beren jarduera politiko eta sozialak, nazioarteko ekintzaileekiko harremanek, eta arbasoen etxeari eusteko euren egoskorkeriak kolonoen jomugan jarri zituzten Hashem eta familiakoak. Oldarraldiak egunerokoak bihurtu ziren, eta, etxea utz zezaten presioa, etengabekoa. Jazarpen egoera horren erakusle da auzokoek etxe atarian izkiriatuta utzi zieten mezu mehatxagarria: “Gas the arabs”. Hashemek ausardiaz eta probokazio puntu batez erakusten zien bisitariei gerora bere patuaren zorigaiztoko iragarpena izango zen grafitia. Eta mezu adoretsu batez agurtzen zituen beti etxean hartzen zituen gonbidatuak: «Ez naute sekula hemendik bizirik ateraraziko».

Iragan urriaren 21ean, Hashemek, Al Khalileko Bab al-Zawiya plazan manifestazio batean zegoela, soldaduek jaurtitako gas negar-eragilea arnastu zuen. Azken asteotan salaketa ugari izan dira Israelgo Armadak baliatzen duen errepresio-materialaren inguruan. Lekukoek orain arte ikusi gabeko gas batez hitz egin dute, jatorri eta konposizio ezezagunekoa, eta arnasten duenari berehala konortea galtzea eragiten diona. Bertako zerbitzu medikoek ere ezin izan dituzte identifikatu gas horren osagai kimikoak. Hashemen bihotz zigortuak, baina, ezin izan zion eraso kimikoari eutsi, eta bertan zendu zen ekintzailea.

Bere heriotza beste bat izan zitekeen azken asteotako martiri palestinar anonimoen zerrenda luzean, baina ezagutu genuenongan arrasto ezabaezina utzi du, bere kuraia eta duintasunagatik.

 
Banner

TWITTER KI

Boletin Herriak.org

Si quieres recibir nuestro boletín de noticias, envianos estos datos.

¿Aceptas HTML?

 

 

VIDEO

+Video


xnxx xnxxx xnxx xnxx