Roboskîko familiak justizia eske! |
![]() |
![]() |
![]() |
2014/10/14 | |||
Kontrabandoa Roboskîko hainbat herritarren ogibidea izan da ehunka urtez eta egunero-egunero Turkia eta Irakeko muga gainditu izan dute, bestaldeko kurdu bizilagunei tabakoa eta gasolina saltzeko. Kurdu hauentzat muga ez da sekula oztopo izan, muga fisikoaren beste aldea ere euren etxea eta familia delako. Metro luzerako eta 30 zentimetro zabalerako seinale ikusezin batek soilik bereizi dituzte urte luzez. “Bide horiek ez dira kontrabandorako soilik; kultura, harremanak, familia eta ohitura partekatzeko guneak izan dira guretzat”, azaldu digu Ferhatek, “Ankarako gobernuak betidanik ikusi izan gaitu kontrabandoan, baina azken urteetan hasi zaigu presioa egiten”. Baina, abenduaren 28a ez zen izan beste lanegunen gisakoa. Roboskîko 34 lagunek egunero egiten zuten bideari ekin zioten. Muga gurutzatzean, ohiko postu militarreko soldaduak falta zirela ohartu ziren, eta zerbait arraroa susmatu zuten. Gerora, tabakoa eta gasolina saldu eta etxera itzultzean, beste postu bateko militar batzuk hurbildu eta muga itxi zuten. Ez zieten utzi muga gurutzatzen. Ferhat Encüren hitzetan, militarrek bengala bat piztu eta airera bota zuten, Roboskîko herritarrei pasoa oztopatzeko, eta ingurua –baita eraso-gunea ere— argiztatzeko. Beste aldean gelditzera behartu zituzten. Gazteek –zibil gehienak gazteak ziren— familiei deitu zieten egoeraren berri emateko, baina familiek lasaitu egin zituzten, normala izan zitekeela, eta 15-20 minutu barru bidea irekiko zietela. Oker zeuden. Ez ziren 10 minutu ere igaro lehen aire-erasoa hasi zenerako. Hogeita hamalauak bi taldetan banatuta zeuden. Lehen erasoan 22 pertsonaren aurka bota zituzten bonbak bi F-16 hegazkinek. Horietatik batek zauririk gabe ihes egitea lortu zuen eta beste bat larriki zauritu zen. Gainontzeko hogei gazteek ez zuten zorterik izan. Bigarren taldea, lehen taldearengandik 500 metrora zegoen, eta erasoa ikusiko orduko, korrika abiatu ziren ezkutaleku bila. Hamasei kidetatik bi banandu egin ziren taldetik, besteak harri atzeetan ezkutatzen ziren bitartean. F-16 hegazkinek bigarren bonbardaketari ekin eta beste bide bat hartutako bi gazteek soilik lortu zuten bizirik ateratzea. 34 eraildako guztira. 34 eraildako, bi kolpetan. Erasoaren inguruan bizi ziren herritarrak bonbardaketak entzutean lehenbailehen abiatu ziren arren mugara, ordu eta erdi behar izan zuten iristeko. Heldu orduko, larriki zaurituta zeudela ikusi zuten eta nahiz eta berehala anbulantziei deitu, militarrek bideak oztopatu zizkien. Herritarrek autorik ez zutenez, bizkarrean eraman behar izan zituzten etxera, eta ordubeteko bidea izan behar zuena, zortzi ordukoa bihurtu zen. Ferhaten anaietako bat, adibidez, salbatzea lortu zuten, baina herrira iritsi eta bost minutura, senideen besoetan hil zen. “Autoak eskuragarri izan bagenitu eta soldaduen oztoporik ezan ez bagenu, bizirik egon zitezkeen orain. Gehienak hotzarengatik hil ziren bidean” dio Ferhat Encük.
Interpretazioak interpretazio, eraildako zibilen senideek eta Kurdistango gizarteak argi dute kurduen mugimenduaren aurkako erasoak direla Turkiak egindako guztiak, hau da, ez direla ez kasualitate, ez hanka-sartze. Roboskîren aldeko elkarteak ez dio ezer eskatzen gobernuari, ez du ezer nahi Ankararengandik. 3 urte daramatzate Auzitegi batetik bestera justizia bila, baina Turkiako gobernuak ez die errudunik ematen, alderantziz, errepresio bortitzez erantzuten die. Errudunak aurkitu eta espetxeratzea dute helburu. “Ez dugu horrelako sarraski gehiago pairatu nahi, asko sufritu dugu kurduok historian zehar, eta bakean utz gaitzaten nahi dugu, besterik ez. Ez dugu Turkiarengan sinesten, ondo ezagutzen ditugu kurduak desagerrarazteko estrategiak” esan digu Ferhatek. “Baina ez diegu utziko, argi izan dezatela”.
|
+Video