Urtero bezala, kultura, hausnarketa eta konpromisoaren zale garenontzat, hitzordu garrantzitsua dugu Zirika! herri gunean (Erronda, 12). Durangoko azokaren ostean, gabonetako ofertak alde batera utzita, kaleak argiztatzeko dirua xahutzeko beharrik gabe... Badator bilboko kolektiboen Herri denda!
Baina... Zer da herri denda? Herri denda Azoka bat baino gehiago da, topagune bat, kolektiboek ditugun materialak eskaini, besteenak ikusi eta elkarrengandik ikasteko erabili dezakeguna. Herri mugimenduaren lana diruz sustatzeko aukera, arropa politenak eskuratzekoa, liburu eta disko berezienekin gozatzekoa...
Lau astez (Abenduaren 13tik Urtarrilaren 8ra) Zirika! Herri gunean aurkituko dituzu, besteak beste, gerren aurka, planetaren alde, internazionalismoan, presoekiko elkartasunez, sorkuntza librean, feminismotik edota komunikazioan lan egiten dugun taldeen materialak.
Ireki atea eta sartu bilboko Herri mugimenduen azokara!
Film baten proiekzioa, mobilizazio bat iragartzeko prentsaurrekoa, liburu berria aurkeztu nahi duen argitaletxea, hitzaldia eskaintzen bere esperientzia partekatu nahi duen herrialde urruneko laguna, biltzeko leku bat behar duten langile prekarioak, kuku bat egin eta liburu bat erosteko hurbiltzen den norbait, kide internazionalista eta solidarioen etengabeko joan-etorria, tailer feminista bat, eztabaida bat garatu nahi duen talde berri bat, batzar amaigabeak, Bilboko mugimenduek euren bidea egiten jarraitu ahal izateko abenduko azoka... batzuek eta besteok ondu ditugun ideiak bor-borka dabiltzan eltzea. Dena eraldatzeko ideiak. Guzti hori egiten da hemen, 2013tik Zirika! Herri Gunea deitzen den txoko honetan. Espazio herrikoia, irudimen politikorako tresna-kutxa.
Dagoeneko 7 urte baino gehiago dira espazio honen kudeaketa bokazio irekiarekin gure gain hartu genuela. Ez genuen gure kezka partikularrentzako txoko bat bilatzen, handinahiagoak izan nahi genuen: hiri hau eta gure gizartea pizten lagunduko zuten gauzak etengabe gertatuko ziren leku bat imajinatzen genuen. Eta hein handi batean, lortu dugula uste dugu. Urte hauetan, mugimendu, ekimen eta eragile sozial, politiko eta kulturalen zerrenda luzeak Zirika! Herri gunea eskura izan eta bere egin dute. Ehunka pertsonek parte hartu eta gozatu dute jarduerez.
Hiru hilabete baino gehiagoz lokala itxita egon ondoren, pertsiana berriro igotzea lortu dugu. Ilusioz beteta, aurrez aurreko batzarretara itzuli gara, pixkanaka, egutegia jardueraz betetzen ari da, liburu eta material berriak jasotzen ari gara... Berriz ere hemen elkartzen ari gara, Zirikan! Gogotsu eta kementsu gaude, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, beti bezala, zuei, proiektu hau babesten jarraitzen duzuen guztioi.
Hala ere, batzuek ondo dakizuenez, Aste Nagusiko urteko diru-sarrerarik gabe, nolabaiteko egonkortasunarekin mantentzea eta proiektu honi jarraipena ematea, gutxienez beste urtebetez, zaila egiten zaigu, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Horregatik gaude gaur hemen, berriz ere, zuek gabe ezinezkoa delako aurrera jarraitzea, eta datozen asteak funtsezkoak izango direlako proiektu honek bizirauteko.
Gaur Euskal Herria Kapitalari plantok Bizkaia Dorrearen inguruan gertatzen ari den guztia salatzeko prentsaurreko bat egi du. Hemen irakurketa eta arreta deitzen duten datu batzuk usten dizuegu.
Bizkaia Dorrea: bizkaitarren gizarte-beharrizan larrien gainetik, enpresen nazioartekotzea lehenetsi?
Bizkaiko Foru Aldundiak tematuta jarraitzen du enpresen nazioartekotzearen aldeko apustuarekin, nahiz eta agerian geratu den orain arte nolako porrot handia izan den eta egungo pandemia-egoeran merkatu globalak zein hauskorrak diren. Bizkaia Dorrea da apustu horren adibiderik adierazgarriena. Izan ere, Primark bat eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoak ez ezik, Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa hartuko du eraikinak. Zentroak, gutxienez, 26,5 milioi euroko kostua izango du bizkaitarrentzat, krisialditik ateratzen lagunduko digun itsasargi ekonomikoa izango delakoan.
Alferreko beste proiektu erraldoi bat, guztion diruarekin ordaindua. Bien bitartean, egunero ikusten ari gara euskal ekonomia ez dela gai bizitza duinari eusteko beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko; gure energia eta elikadura mendekotasunak areagotu egiten ari direla; tokian tokiko merkataritza gure auzoetatik desagertzen ari dela, marka/frankizia handiek ordezkatuta, dakarten prekarietate-ereduak lurralde osoa kolonizatzen duela; hezkuntza publikoari oinarrizko eskubide bat bermatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatu egiten zaizkiola; lehen arreta eta bere aldarrikapenak erdeinatu egiten direla; ia erresidentzia guztiak pribatizaturik egonik, ez dela zaintza duinik bermatzen; ekonomia solidarioak eta elikadura burujabetzak zokoraturik jarraitzen dutela, gaur egun estrategikoak diren arren; eta Primark-en eta antzeko enpresetan lan baldintzen prekarizazioa sakontzen ari dela.
Zeintzuk dira herri gisa, bizkaitar gisa, ditugun lehentasunak? Enpresa handi horiek elikatzea, ala estutzen gaituzten arazo larriei aurre egitea?
Hori gutxi balitz bezala, eta ohikoa den bezala, Bizkaia Dorrearen Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroaren kontratazio prozesuan betiko prozedura ilunak ikusi ditugu: enpresa handiak lehenestea, gardentasun eza eta klientelismoa. Horrela, bada:
1. Eraikinaren jabetza Ángelo Gordon inbertsio funtsarena da. Instituzio publikoek ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan egingo duten apusturik handiena funts putre baten jabetzako eraikin batean oinarrituko da. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua nolakoa den bete-betean islatzen du horrek. 2. Aurtengo urtarrilean, lehiaketa hutsik geratu zen. Nola gerta daiteke hori, proiektua horren estrategikoa eta garrantzitsua izango bada? 3. Martxoaren amaieran, itxialdi betean geundela, errenta irregularrei PFEZren zerga tasak aldatzen zizkien Foru Arau bat onartu zuten PSEk eta EAJk, alegia, errendimenduen erdiei dagozkien zergak baino ez dituzte ordainduko funts putre direlakoek, eta Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroarekin zuzenean lotuta dago proposamen hori. 4. Ekainean irekitako lizitazio berriak kontratazioaren zenbatekoa 26,5 milioi euroraino igo zuen, hau da, hasierako lizitazioaren balioa baino % 40 gehiago; aldi berean, krisi sozial bat areagotzen ari da. Nola da posible zalantzazko etekin ekonomikoak izango dituen proiektu bati 10,5 milioi euro gehiago ematea, tokiko ehunka saltoki ixten ari direnean eta egoera sozial eta ekonomiko dramatikoa bizi dugun honetan?
5. Lizitazioa negoziatu izaerakoa da, eta prozesua bi enpresarekin baino ez da gauzatzen ari: batetik, PwC, Asier Atutxa gidari, EAJrekin lotura estuak dituena; eta, bestetik, Impact Hub, Austriako kudeatzaile bat, Erresuma Batuko eta Israeleko bi kapital funtsen babesa duena, azken albisteen arabera. Nola da posible EAJrekin lotura estuak dituen pertsona bat gidari duen hautagaitza batek ia puntuazio osoa eskuratzea? Kasualitatea al da kontratazio mahaiaren koordinatzaile eta BEAZeko Antolakuntza zuzendari Eneritz Argatxak 2007 eta 2014 artean PwC-n lan egin izana?
Komite Internazionalistetatik, beste behin, gure eskerrik zintzoena bidali nahi dizuegu, norbanakoei, kolektiboei eta azken finean, hamarkada hauetan gure bidaideak izan zareten guztioi. Zuoi esker, duela 7 urte aurrerapausoa eman ahal izan genuen, eta Zirika! Herrigunea proiektua abiatu genuen. Urte batzuk eta gero, zuetako askok, bai kolektiboek eta norbanakoek, adreiluz adreilu espazio honen baldintzak hobetzen, eta amesten genuen tokia eraikitzen lagundu zeniguten. Guretzat, ezinbestekoa izan zen zuen laguntza eta Zirika! Herrigunea bezalako tokien beharra agerian jarri zenuten.
Transnazionalak eta kapitala gure bizitzaren jabe egin dira. Gabonetan agerikoa egiten den bezala, kontsumismo basatiaren bitartez enpresen irabaziak handitu eta
- Langileok prekarietatera kondenatzen gaitu. Ekonomiaren tertziarizazio bortitza eta lan merkatuaren desregulazioa langileon eskubideen kontrako erasoak dira. Gabonetan gainera, aldi baterako kontratuak, merkataritzako sektoreko langileen lan ordutegian ematen diren gehiegikeriak edota taberna eta jatetxeetan ematen diren prekarietate egoerak ohikoak dira gabonetan.
Aurreikuspenen arabera, gabonetan estatuan egingo diren kontratuen %82 aldi baterako kontratuak eta lanaldi partzialekoak izango dira. ETTk (Aldi Baterako Enpresek) adibidez, milioi bat kontratu egingo dituzte.
- Tokiko merkataritzaren eta ekonomiaren zirkuitu hurbilen suntsipena dakar. Transnazionalek gure herri eta auzoetan dituzten eraginak oso larriak dira, izan ere, enpleguak sortzen dituzten enpresa txikiak irensten edo desagerrarazten dituzte. Horrek, enplegua suntsitzeaz gain, auzoetako bizitza komunitarioan ere eragin negatiboa dakar.
2008 eta 2016 artean, 5.000 denda itxi dira EAEn. Komertzianteen esanetan, transnazionalen eraginak, igande eta jai egunetan irekitzeak eta online erosten diren produktuen gorakadak eragin zuzena izan dute.
- Gure datu pertsonalekin negozioa egiten dute. Internet bidezko erosketak egiten ditugunean, gure datu pertsonalen kudeaketa eta salerosketa dira negozioaren zati handienetako bat. Etekin ekonomikoa ateratzeaz gain, enpresa pribatu hauek gure gaineko kontrol soziala dute, horrek gure egunerokotasunean dituen ondorio guztiekin.
Datuetan oinarritutako ekonomiak, hau da, Big Datan oinarritutako ekonomiak, 2020an 739.000 milioi euro mugituko ditu. Honek, Europar Batasunaren BPGaren %4a suposatuko luke. Diru kantitate honen zati handiena, gura datuak kudeatzen dituzten enpresa pribatuen etekinak izango dira.
- Kontsumismoa sustatzen du. Krisi ekologikoan murgilduta gauden honetan, Amazon bezalako enpresek sustatzen duten ereduak gure planeta suntsitzen du. Planeta finituan kontsumo infinituaren logika sustatzeaz gain, kontsumorako produktuen garraioak eta distribuzioak eragiten duen kutsadurak aldaketa klimatikoa azkartzen du.
Frantziar estatuko telebista kate batek egin zuen ikerketa baten arabera, Amazonek 3 milioi produktu berri botatzen ditu urtero zaborretara. Produktu horietako asko errauskailu eta zabortegietan bukatzen dute. Horregatik, gabonetan gutxi eta gertu kontsumitu!